La Nave enpresaren farolak Asia eta Afrikako merkatuetaraino iritsi dira

0

La Nave 1947an sortutako ETE familiar bat da. Berantevillan (Araba) du egoitza, eta Estatuko hiriburu garrantzitsuenetarako farolak diseinatu eta fabrikatzen ditu. Horretarako, bere produktuaren diseinua egokitzen du merkatuaren premietara, dela antzinako modeloak garatuz edo dela berriak sortuz arlo publiko eta pribatuko erakundeentzat. Gaur egun, erreferentziazko enpresa bat da argiztapen publikoaren merkatuan, baina bere hastapenetan nekazaritzarako makineria fabrikatzen zuen, eta gerora burdinaren galdaketan ere aritu zirela diosku María Jesús Gavelak, konpainiako Erosketa arloko zuzendariak.

Nola diseinatzen eta fabrikatzen da farola bat?

Lehenik eta behin, marrazki bat egiten da, alderdi guztiak zehatz-mehatz mugatuz, lodierak kalkulatuz… eta behin hori zirriborratutakoan, moldeak diseinatzen dira, lehenik zurezkoa eta gero aluminiozkoa. Azken hori da piezak galdatzeko erabiltzen dena.

Zertan aldatu dira farolak duela 20 urtekoekin alderatuta?

Gaur egungo diseinuak sinpleagoak dira. Duela 20 urte gehienbat farola klasikoak jartzen ziren, eta horrek berekin dakar asko marraztu beharra; orain, berriz, nahiago izaten da farola minimalistagoak jartzea, eta diseinu horiek lortzeko burdinurtuzko oinarriak egiten ditugu, 4-9 metro bitarteko altuera duten altzairuzko edo altzairu herdoilezinezko fusteekin. Bezeroek eskatuz gero, batzuetan amaierako akaberan kolore desberdina ematen diegu oinarriari eta fusteari.

La Nave-ren farolen artean zein da diseinurik ohikoena?

Ez dago diseinu bat beste bat baino ohikoagoa, bezeroaren gustuen arabera da hori. Egia da badaukagula Villa izeneko farola modelo bat, eta hori da gehien saltzen dena, 3,20-4 metro bitarteko altuera izan dezakeelako.

Administrazio publikoak al dira zuen sektore-bezero ohikoenak?

Amaierako bezeroak udalak izaten dira, baina badaude zuzeneko bezeroak ere. Farola gehienak material elektrikoen biltegiei, instalatzaileei eta eraikitzaileei saltzen dizkiegu.

Saudi Arabiatik Portoraino… Esportazio horiek proiektu bereziak al dira?

La Nave-k hainbat herrialdetara esportatzen du, hala nola, Aljeria, Maroko, Emirerri Batuak, Saudi Arabia, Oman, Txipre eta Portugalera. Esportazioek ia beti eskatzen dituzte proiektu bereziak, diseinuan aldaketak egin behar izaten direlako bezeroak hala eskatuta.

Euskadin apenas duzue lehiarik, baina Estatuan bai… Zuen ustez, zein da zuen indargunea?

Gure indargunea bezeroarekiko komunikazio zuzena da: erantzun oso azkarrak ematen dizkiegu, entrega-epe laburrak ditugu eta berehala erantzuten diegu balizko intzidentziei. Halaber, urte askotako esperientzia daukagu bizkarrean, eta horrek fidagarri egiten gaitu hornitzaile bezala.

Kutsadura luminikoak badu eraginik farola bat diseinatu eta fabrikatzeko orduan?

Eragina du argian. LED teknologiara egokitu ditugu modelo klasikoak eta modernoak.

Nolakoa da farola perfektua?

Ongi eginiko galdaketa-akabera izan behar du, ongi markatutako marrazkia, eta barneko mekanizazioek ere ongi eginak egon behar dute, pieza guztiak ongi lotu daitezen. Eta, jakina, amaierako akaberak egokia izan behar du, eta pintura oso garrantzitsua da horretarako. Funtsezkoa da ongi aukeratzea pintura-hornitzailea eta farolak margotuko dituen pertsona, farolaren estetika atsegina izan dadin.

Zenbat irauten du farola batek?

Bizitza osoa! Kolpe bortitz batek, adibidez, auto baten kolpeak hautsi lezake farola bat. Baina, halaber, esan behar da pinturari dagokionez mantenimendu-lanak behar dituztela gutxienez hamar urterik behin.