Arano, Bera eta Lesaka “kalte larriak jasan dituen eremu izendatzeko” eskatu dio Gobernuak Estatuari

0

Nafarroako Gobernuak, asteazken honetako bilkuran, erabaki du premiaz eskatzea Estatuko Administrazio Orokorrari Arano, Bera eta Lesaka hondamendi eremu izendatzea, joan den larunbat goizaldean izandako euriteengatik. Estatuak Nafarroaren eskaera onartzen duenean aplikatu beharreko zerga-salbuespen eta konpentsazioen ildoan ari da lanean Foru Gobernua

Bere eskaeran, Gobernuak Babes Zibileko Sistema Nazionalaren uztailaren 9ko 17/2015 Legearen 23. artikulua aplikatzea eskatzen du. Artikulu hori Ministroen Kontseiluak “babes zibileko larrialdi batek larriki kaltetutako eremu (ZAEPC)” deklaratzeari buruzkoa da, kasu horretan, Nafarroako Gobernuak hala eskatuta.

Aplikatu beharreko neurriak Ministro Kontseiluak zehaztutakoak izango dira, eta aipatutako 17/2015 Legearen 24. artikuluan jasotzen dira, zehazki: partikularrentzako dirulaguntzak ohiko etxebizitzan eta premia biziko tresnetan izandako kalteengatik; toki-korporazioei konpentsazioa ematea geroratu ezin diren jardueren ondoriozko gastuengatik; prestazio pertsonala edo ondasunak eman dituzten pertsona fisiko edo juridikoentzako laguntzak; industria-, merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduentzako laguntzak; udal-azpiegituretan, probintziako eta uharteetako bide-sarean kalteak eragiteagatik dirulaguntzak; nekazaritza-, abeltzaintza-, basogintza- eta itsas akuikultura-produkzioetan izandako kalteengatik laguntzak, eta Kreditu Ofizialeko Institutuak diruz lagundutako lehentasunezko mailegu-lerroak irekitzea.

Neurri horiez gain, neurri fiskalak eta lan alorreko eta Gizarte Segurantzako neurriak ere hartu ahal izango dira.

Nafarroako Gobernuaren akordioak, gainera, berariazko eskerrak ematen dizkie zerbitzu publikoetako langile guztiei, boluntarioei eta kaltetutako eremuetako bizilagunei, eskualdeko eguneroko bizitza normaltasunez garatzeko lanetan parte hartu izanagatik.

Jakina denez, euri-jasa handi batek Nafarroako ipar-mendebaldeko eskualdeari eragin zion joan den larunbat goizaldean. Horrela, Nafarroako Gobernuak Beran (Ilarrategaña) jarritako euri-neurketak metro koadroko 101,5 litroko prezipitazioak neurtu zituen; Lesakan (Astazelaita) 43,8 litro jaso zituen eta Goizuetan 40,8 litro.

Ondorioz, Arano Bera eta Lesakako hiriguneetan kalteak izan ziren, eta ura sartu zen etxebizitzetan, etxabeetan eta lokaletan, hala nola Beran, Zia errekak gainezka egin baitzuen. Lesakan lur-jausi bat eman zen eta ubidea itxi behar izan zen zen, hiri-kasura desbideratuz. Honek, 15 bat etxebizitzatan kalteak eragin zituen.

Gainera, euriteen intentsitateak lur-jausiak eragin zituen eta kalteak eragin zituzten bigarren mailako sareko hiru errepidetan, zirkulazioaren bi noranzkoetan: NA-4410 errepideko 1,3 kilometroan (Bera-Frantzia-Lizuniaga), NA-4150 errepidean (Leitza-Goizueta) eta NA-4016 errepideko 2 kilometroan (Arano). Errepide horrek inkomunikatuta utzi zituen herri horretako herrigunea eta inguruko hainbat baserri, larunbat arratsaldean pasabide alternatiboa berrezarri zen arte.

Nafarroako Gobernuaren laguntzak kaltetuentzat

Nafarroako Gobernuaren eskaerarekin batera, Lurralde Kohesiorako Departamentuak aurrera egin du foru agindu baten idazketan. Agindu horretan, joan den asteburuan izandako euriteek kaltetutako udalerriak jasoko dira, baita kaltetutako pertsonek jaso ahal izango dituzten zerga salbuespen eta konpentsazioak ere.

Espainiako Gobernuak babes zibileko larrialdiak larriki kaltetutako eremuaren izendapena onartu ondoren, eta Babes Zibileko txostenak eta kalteen ebaluazioa oinarri hartuta, Suhiltzaileen Zerbitzuak eta Nafarroako Gobernuko teknikariek eraginpeko udalerrien zerrenda onartuko dute.

Euriteek erasandako pertsona fisiko zein juridikoek zerga-salbuespen eta -konpentsazioak jaso ahal izango dituzte, Lurralde Kohesiorako kontseilariaren foru-agindu batean jasoko direnak. Horrela, herri horietan dauden ondasun higiezinen titularrek ez dute lurralde-kontribuzioa ordaindu beharrik izango. Era berean, eraginpeko herrietan jarduera ekonomikoak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoek ez dute Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ) ordaindu beharrik izango. Bestalde, udalerri horietan garatzen diren jarduerak Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga ordaintzetik salbuetsita geratu ahal izango dira; jarduera horietan, kaltetutako ondasunak berreraiki edo birjarri ahal izango dira.

Era berean, toki-erakundeek jaso ez dituzten zerga-sarreren konpentsazioa jasoko dute salbuespen horien ondorioz, Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusiaren “Konpentsazioa eta toki-erakundeak tokiko tributuen hobariengatik” partidaren kontura.

Gogoratu behar da laguntza horiek osagarriak eta subsidiarioak izango direla, ordena horretan, harpidetutako aseguru-polizen konpentsazioentzat, bai eta estatuan edo Europar Batasunean egon daitezkeen laguntzentzat ere.