Ertzaintzak Luis Hortelano García, ETAk 1989an Bilbon hil zuen agentea, omendu du

0
PRUEBA
  • Ertzaintzaren Zuzendaritza eta Burutza sustatzen ari diren omenaldi-ekitaldien barruan egin da, 2022ko ekainean ezarri ondoren urtero banaka egingo ziotela aitorpen, oroimen eta omenaldi ekitaldia ETAk hildako ertzain bakoitzari
  • Banako omenaldi horiek Ertzaintzak ekaineko lehenengo igandean guztiak batera gogoratzeko antolatzen duen ekitaldi nagusia osatzen dute

Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendariak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak, Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko, Brigada Mugikorreko eta Zaintza eta Erreskate Unitateko alorreko buruekin, agintariekin eta agenteekin batera, omenaldi hunkigarria egin diote gaur, asteazkena, Luis Hortelano García ertzainari, atentatuan hil zutenetik 34 urte igaro direnean.  Ertzaina omentzeko ekitaldia Iurretako Ertzaintzaren egoitzan egin da 14:00etan, atentatu terroristetan hildako ertzainak gogoratzen dituen monolitoaren ondoan. Bertan lore-eskaintza egin dute eta minutu bateko isilaldia egin dute oroimen-ekitaldia Ertzaintzarekin batera antolatu duten ahaideak ere aurrean zirela.

Luis Hortelanok 33 urte zituen eta Lehergailuak Indargabetzeko Unitateko burua zen ETAk 1989ko maiatzaren 24an Bilboko Zorrotza auzoan hil zuenean. Polizia-espezialistak taxi batean terroristek jarritako lehergailu bat indargabetzen ari zirenean, mekanismo tranpa bat lehertu zen, eta ertzaina eta Polizia Nazionaleko Tedax taldeko Manuel Jódar Cabrera eta José María Sánchez García agenteak hil ziren. Beste lau polizia, suhiltzaile bat eta sei herritar zauritu ziren ETAren atentatu hartan.

Konpromisoa Memoriarekin

Omenaldia Ertzaintzaren Zuzendaritza eta Burutza sustatzen ari diren hamabost omenaldietako bat da, 2022ko ekainaren 20an ezarri ondoren “Ertzaintzan zerbitzuan zauritutako edo hildako ertzainei aitormen, oroimen eta omenaldi ekitaldiak egiteko prozedura”.

ETAk hildako agenteei dagokienez, Ertzaintzaren aldetik ofizialki ezarri da urtero egingo direla era horretako ekitaldiak, beti biktimen familiak edo senideak kontuan izanda eta omenaldia egiteko moduari eta lekuari buruzko xehetasunei dagokienez haien desioak errespetatuz. Omenaldira joan ezin diren agenteei Ertzaintzak euren lanpostuetan minutu bateko isilaldia egitea proposatzen die. Banako omenaldi horiek Ertzaintzak ekaineko lehenengo igandean guztiak batera gogoratzeko antolatzen duen ekitaldi nagusia osatzen dute; egun horretan txapel gorrien eskaintza egiten da guztien izenak dituen monolitoan.

Arauketa berri honekin, ETAk hildako ertzain bakoitza banaka gogoratzeko eta ikusgai egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa betetzen da.

15 agente hil zituen ETAk

Ertzaintzako 15 agente hil zituen ETAk 1985etik 2001era bitartean:

  1. Carlos Díaz Arcocha (1985).
  2. Genaro García de Andoain Larrinaga (1986).
  3. Juan José Pacheco Cano (1988).
  4. Luis Hortelano García (1989).
  5. Alfonso Mentxaka Lejona (1991).
  6. Joseba Goikoetxea Asla (1993).
  7. José Luis González Villanueva (1995).
  8. Iñaki Mendiluze Etxeberria (1995).
  9. Ramón Doral Trabadelo (1996).
  10. José María Aguirre Larraona (1997).
  11. Jorge Díez Elorza (2000).
  12. Mikel Uribe Aurkia (2001).
  13. Iñaki Totorika Vega (2001).
  14. Javier Mijangos Martínez de Bujo (2001).
  15. Ana Isabel Arostegui Legarreta (2001).