Eskola bidea – Apain abian da Parte Zaharrean

0

Eskola bidea – Apain egitasmoa Donostia Kulturaren eta Mugikortasun Sailaren arteko elkarlana da, eta ikasleek egunero igarotzen dituzten eskolarako bideak seguruagoak eta atseginagoak izan daitezen du helburua. Horretarako, besteak beste, artea eta kultur baliabideak erabiliko dira.

Egitasmo hau, Orixe ikastolak Parte Zaharreko San Bizente kalean duen Zuloagako egoitzan egingo den esku-hartzearekin abiatu da eta etorkizunean hiriko eskola gehiagotan egitea aurreikusten da.

Orixe ikastolako ikasleek egunero egin ohi dute oinez eskolarako bidea Parte Zaharreko kaleetan zehar, Zuloagako eraikineraino. Inguruko saltokietara banaketa lanetan dabiltzan ibilgailuekin partekatzen dute bidea eta batzuetan, eskolarako ibilbidea ez da erraza gertatzen. Hori guztia eraldatzen lagundu eta elkar-bizitza bultzatzeko nahiarekin, aurrera pauso bat egitea erabaki da Mugikortasun Sailetik.

Prozesu hau burutzeko, Donostia Kulturaren gidaritzapean eta Orixe Ikastolako Zuzendaritzaren parte hartzearekin, mmej arkitektura estudioaren aholkua eta Dejabu antzerki konpainiaren bitartekaritza artistikoa jarraitu dira.

 

Ekimenak

Gauzak horrela eta lehen fase batean, egoeraren eraginpean dauden guztiak bistaratzeko asmoarekin, Orixe ikastolako ikasleek, elkar ezagutzaren aldeko ariketa egingo dute Parte Zaharreko kaleetan zehar.

Maiatzean zehar, LH2ko ikasleek bide-segurtasunarekin lotutako hainbat jarduera burutu ostean ikastolan, hilaren 25 eta 26an, eskola bidean dauden hainbat saltokitara bisita egingo dute, auzolagunei aurpegia jarri, euren historia ezagutu eta eguneroko jardueraren berri izateko. Bisita horien lekukotzat eta saltokiak apaintzen laguntzeko asmotan, paperezko itsasontziak eta berauek egiteko jolas-orriak oparituko dizkiete. Izan ere, horixe baita Orixe ikastolaren ikurra.

Bide batez, merkatariei parte-hartzea eskatuko diete, ekainaren 2an Zuloagako ikasle eta irakasleekin egingo duten jarduerarako. Egun horretan, ostiralean, goizeko 9:30ean, elkarrekin egingo dute guztiek eskola bidea, Boulevardetik Bretxarako kalean zehar musikaz lagunduta. Une horretan, saltoki, postu zein banatzailek kalera atera eta eskolako bidean zehar doazen bitartean elkar agurtzera gonbidatuko dituzte guztiak.

Bigarren fase batean, udako oporretatik bueltan eta datorren ikasturtearen hasieran, zenbait esku-hartze artistiko egingo dira Orixe Ikastolaren eta bere eskola-bidearen inguruan. Mural-collage batek ikastolako sarrera nabarmenduko du eta esku-hartzeek ikasleek egunero egiten duten bidea ikusgarriagoa egingo dute.