Berdintasun ezak emakumeen osasunean duen eragin negatiboa gogoratu du Emakundek

0
  • Igandean, maiatzaren 28an, Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Ekintza eguna ospatu da
  • Genero-rolak arrisku-faktorea dira depresioa edo antsietatea jasateko orduan, besteak beste.

Igandean, maiatzak 28an, Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Ekintza  Eguna ospatu dela eta, Emakundek gogoratu du emakume eta gizonen berdintasun ezak eragin zuzena eta ezkorra duela emakumeen osasunean. Miren Elgarresta, Emakunderen zuzendariak, azpimarratu du herritarren osasunerako eskubideaz hitz egiten dugunean, kontuan hartu behar direla, desberdintasun biologikoez gain, emakumeen eta gizonen beharrizan eta baldintza sozioekonomiko eta kultural desberdinak, eta gizartean eraikitako desberdintasunak. Hala, emakumeen osasuna baldintza sozioekonomiko eta lan-baldintza batzuen eraginpean dago, hala nola, “pertsonak eta etxea zaintzeko lanaren banaketa desorekatuaren karga, emakume titularra diren guraso bakarreko familia-nukleoen ehuneko handiagoa oro har, errenta-maila txikiagoak, ordainsari txikiagoak, langabezia handiagoa, gizarte-bazterketako maila handiagoak, emakumeen kontrako indarkeria…” Faktore horiek kontuan hartu behar dira osasunean esku hartzen denean, desberdintasun horiek emakumeen osasunean zuzenean eragiten dutelako.  Elgarrestak gogorarazi du, halaber, osasunaren arloan, Euskadi, 100etik 92,4 punturekin, positiboki nabarmentzen dela Genero Berdintasunaren Indizean.

Elgarrestak bereziki aipatu du osasun mentalean duen eragina. Hala, gogorarazi du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) pertsonen osasun mentalaren aldagai kritiko erabakigarri gisa identifikatzen duela generoa. Adibidez, OMEren datuen arabera, mundu mailan, 300 milioi pertsona inguruk dute depresioa, eta % 50 inguru ohikoagoa da emakumeen artean gizonen artean baino. Elgarrestaren hitzetan, “generoak zuzenean baldintzatzen ditu bizi ditugun esperientziak; gizarteak inposatzen dizkigun rolek zuzenean eragiten diote gure osasunari, oro har, eta, besteak beste, buruko osasunari”. OMEren arabera, depresioa edo antsietateak lotura dute genero-rolekin, beste arrisku-faktore batzuen artean. Sexu-indarkeriaren biktima nagusiak emakumeak izanik, adibidez, trauma osteko estres-nahasmendua (TEPT) izateko aukera bikoitza dute.

OMEren arabera, buruko gaixotasunen arrisku-faktoreak dira genero-indarkeria, desabantaila sozioekonomikoak, diru-sarrera txikiak eta diru-sarreren desberdintasuna, estatus eta maila sozial baxua edo mendekoa, eta zaintzaren erantzukizuna, besteak beste.