Ertzaintzak Bartzelonako «Security Forum» Segurtasun Biltzarrean parte hartuko du

0

Ertzaintzak aste honetan Bartzelonan “Security Forum” azokaren hamargarren edizioan parte hartuko du, sektoreko Europako segurtasun-ekitaldi estimatuenetako bat izanik.  Ertzaintzak stand bat izango du bertan, eta, “Ertzaintza: liderando desde la igualdad, berdintasuna gidari” lelopean, standa bisitatzen duten pertsonei helarazi nahi die Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Ertzaintzaren barruan emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrarekin hartuta duen konpromisoa. Biltzarreko adituen hitzaldietako batean Sandra Raneak, Idazkaritza Nagusiko komisarioak, parte hartuko du.

Aste honetan, maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean, “Security Forum” azokaren urteko edizioa egingo da Bartzelonako Biltzar Jauregian. SICUR eta USEC azokekin batera, Estatuan egiten den segurtasuneko biltzar nagusietako bat da. Bertara sektore gehiena hurbiltzen da eta erakusleiho garrantzitsua da, beraz, bideozaintzan, zibersegurtasunean, sarbideen kontrolean eta segurtasunaren arloan aplikatzen den teknologia guztian, orokorrean, izandako azken berrikuntzak erakusteko eta ezagutzeko.  Networking gunean hitzaldi eta ponentzia espezializatuak antolatzen dira, eta sektoreko segurtasun publikoaren eta pribatuaren arloko profesional guztiak elkartzen dira bertan.

“Security Forum” azokan, Ertzaintzaren buruan Kanpo Lankidetzako Burutza izango da, eta euskal poliziak polizia integral gisa betetzen dituen eginkizunak, herritarrei, gizarte modernoarekin lerrokatuta, ematen dien hurbileko zerbitzua eta emakumeen ordezkaritza gero eta handiagoa islatuko dira bertan, eta horixe jasotzen du, hain zuzen ere, standaren aurtengo leloak: “Ertzaintza: liderando desde la igualdad, berdintasuna gidari”.

Biltzarraren programak sektoreko garrantzi handiko adituak elkartuko ditu hitzaldi eta eztabaida-mahaietan. Sandra Raneak, Idazkaritza Nagusiko Atalak koordinatzeko burua eta Ertzaintzaren EI/GI Prozesuko taldearen arduraduna denak, “Emakumearen bilakaera Ertzaintzan” izenburua duen hitzaldia emango du, eta bertan, besteak beste, emakumea Ertzaintzan sartu zeneko 40. urteurrenaz, Emakumeak Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente-kategorian sartzeko 2026rako  I. Sustapen Planaz eta jada aurre egiten zaien etorkizuneko erronkez hitz egingo du.

Horrez gainera, Ertzaintzak partaide duten I+G+b-ren arloko Europako proiektuak ere azalduko ditu, gizartearekin hartuta duen konpromisoa eta egiten duen ahalegina agerian jarriz, beti saiatzen den aldetik ikerketan, berrikuntzan eta segurtasunean joera eta teknologia berriak ezartzen, teknologiaren eta ikerketa zientifikoaren arloko beste segurtasun-agentzia eta enpresa batzuekin lankidetzan, mehatxu eta metodologia kriminal berriei aurre egiteko. Besteak beste, Appraise, Cyberspace, Engage, Impulse, Ingenious, Prepare, S4AllCities edo Trace proiektuek laguntzen dute Ertzaintzak gaur egungo euskal gizartearen premiei erantzun eguneratuak eta eraginkorrak eman ahal izaten.

Bestalde, “Security Forum» biltzarraren antolatzaileek oroitzapenezko bereizgarri bat emango diote Ertzaintzaren Segurtasun Pribatuko Unitateari, Azokaren alde etengabe egindako lana eskertzeko.

Segurtasun sailaren izenean, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea eta Aitor Lete Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria izango dira Azokan.