Hezkuntza sailak Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculum-dekretuak onartu ditu

0
  • Curriculum berriak jauzi kualitatiboa dira Euskal Hezkuntza Sistemak konpetentzia bidezko ikaskuntzan hasitako bidean

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran onartu ditu Euskadiko Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzako (Lehen Hezkuntza eta DBH hartzen ditu barne) eta Batxilergoko berezko curriculumak ezartzeko dekretuak.

Gaur onartutako hiru dekretuen xedea da goian adierazitako etapetako curriculuma ezartzea eta curriculumaren ezarpena, ebaluazioa eta garapena arautzea. Euskal Autonomia Erkidegoan etapa horiek ematen dituzten ikastetxe guztietan aplikatu beharko dira curriculum horiek.

Euskal Hezkuntza Sisteman 2015eko eta 2016ko curriculum-dekretuekin hasi zen aldaketatik abiatuta, curriculum berri hauek jauzi kualitatiboa dira konpetentzia bidezko ikaskuntzan. Ildo horretan, curriculumaren-garapen berriak eremuen bidezko irakaskuntza ezartzen du (arlo edo irakasgai bidezko irakaskuntza izan beharrean), bereziki Lehen Hezkuntzan eta DBHko lehen zikloan. Ikuspegi horrek maila bakoitzean lantzen diren arloak eta irakasgaiak elkarrekin lotzen ditu. Honek irakasgaiak batera, diziplinartekotasunez eta ikuspegi globalaz lantzea eskatzen du. Konpetentzia bidezko ikaskuntzaren ildotik, eredu praktikoagoaren eta prestakuntza-ebaluazioaren aldeko apustua egiten da.

Irakasleen prestakuntza ere konpetentzia bidezko ikuspegi horretarantz egiten ari den eredu-aldaketara zuzenduko da, eta ikastetxearen hezkuntza-proiektuarekin bat etorriz garatuko da. Prestakuntza horren helburua da ikasleen garapen pertsonal, afektibo eta konpetentzialean laguntzeko beharrezkoa den konpetentzia-profila lortzea. Ikastetxe bakoitzak dituen premien barruan, eta analisi eta gogoeta-prozesuetatik ateratako ondorioetatik abiatuta, hautatuko da ikastetxeko irakasleen berariazko prestakuntza.

Dekretuek, halaber, hezkuntza-etapa bakoitza amaitzean ikasleek izan beharreko irteera-profila ezartzen dute (Haur Hezkuntzan izan ezik), eta profil hori bat dator Europar Batasuneko Kontseiluaren funtsezko konpetentziekin. Konpetentzia sozialak, pertsonalak eta akademikoak bateratuta, irteera-profilak zehazten du ikasle orok zernolako konpetentzia-garapena lortu behar duen hezkuntza-etapa amaitzean. Konpetentzia-garapen horrek ikasleari bizitza-proiektua arrakastaz garatzen lagunduko dio, eta bizitzan zehar funtsezko konpetentziak garatzen jarraituko du. Batxilergoaren kasuan, oinarrizko araudiak ez du irteera-profilik aipatzen, baina Euskadik funtsezkotzat jo du etapa horretarako curriculumean irteera-profila ezartzea.

Era berean, arreta berezia jartzen zaio ikasleen ongizate emozionalari. Hartara, eta adibide gisa, Batxilergoko curriculumak tutoreak historikoki izan duen garrantzia berreskuratzen du, eta astean tutoretzako ordubete ezartzen du etapan honetan zehar. Ildo beretik, DBHn “Ongizate Fisikoa eta Emozionala” aukerako ikasgaia sartu da.

Ikastetxeen autonomia

Hiru curriculum-dekretuek ikastetxeen autonomiaren aldeko apustua egiten dute alderdi guztietan: kudeaketan, antolamenduan eta autonomia pedagogikoan. Ildo horretatik, dekretuetan nabarmentzen da ikastetxeek curriculumak garatu eta osatuko dituztela. Curriculum-dekretuek arlo edo irakasgai bakoitzerako ezartzen duten gutxieneko edo erreferentziazko ordutegitik abiatuta, ikastetxeek askatasun osoz ezarri ahal izango dute arlo edo irakasgai bakoitzerako iruditzen zaien ordu kopurua, betiere haien hezkuntza-proiektuaren arabera. Eremuen  arabera antolatutako irakaskuntzaren kasuan, ikastetxeek finkatuko dute zer eremu irakatsiko diren eta zer irakasgaik osatuko duten eremu bakoitza.

Etapa guztietan, ikuspegi eleaniztun batetik, ikasleen komunikazio eta hizkuntza-konpetentzia azpimarratzen da, eta euskararen erabilera sustatzen da. Ikastetxeek hizkuntza-proiektuaren bidez zehaztuko dituzte hizkuntzen ikaskuntzaren arloko helburuak. Hizkuntza-proiektu horretan, abiapuntuko profila izango da erreferentzia, eta ikastetxearen abiapuntuko egoera eta ingurune soziolinguistikoaren azterketatik abiatuta prestatuko da proiektua.

Curriculum-garapen berri honen beste ezaugarri garrantzitsu bat izango da DBHko eta Batxilergoko etapetarako proposatzen diren aukerako irakasgaien eskaintza zabala. Horri esker, ikasleek hobeto aukeratu ahal izango dute beren ibilbide akademikoa, haien interesen eta etorkizuneko ibilbide akademikoaren arabera. DBHn ikastetxeek aukerako irakasgai gisa eskaini behar dituzten irakasgaiak aukeratzean, irteera-profila hartzen da aintzat.

Ikasleen akonpainamenduari ematen zaion garrantziaren ildotik, hezkuntza-etapen arteko trantsizioei jartzen zaie arreta, bereziki Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzarako trantsizioari eta Lehen Hezkuntzatik DBHrako trantsizioari.

Curriculum berrien ezaugarriak eta berritasunak, hezkuntza-etapen arabera:

Haur Hezkuntza

  • Arreta berezia ematen zaio haurren harrera afektiboari, kontuan izanik etapa horretan izaten duela haurrak familia-inguruneaz kanpoko lehen kontaktua.
  • Naturarekin kontaktuan izatea eta ingurunearen ezagutza sustatzen dira, gaur egun haur askok ez baitute ingurune naturala ezagutzen.
  • Komunikazio eta hizkuntza-konpetentzia garatzeari dagokionez, gure gizartearen kultura-aniztasunetik abiatzen da eta kontuan hartzen da haur askok ikastetxean duela euskararekin lehen harremana.

Lehen Hezkuntza

  • Lehen zikloan, arreta ematen zaio Haur Hezkuntzatik Lehen Hezkuntzarako trantsizioari. Hori dela eta, Lehen Hezkuntzako lehen zikloan Gorputz Hezkuntzaren arloari eskaintzen zaion denbora luzatu da eta jolas-garaiari denbora gehiago ematea ere sustatu da.
  • Arloak eremuen arabera antolatzea sustatzen da. Hartara, arloen arteko diziplinartekotasuna sustatzen da, baita, etapa osoan, ezagutzen ikuspegi globala ere.
  • “Ingurune naturalaren, sozialaren eta kulturalaren” arloa sortzen da Natura Zientzien eta Gizarte Zientzien arloak bat egitetik.
  • “Balio Zibiko eta Etikoak” arloa Lehen Hezkuntzako seigarren mailan emango da, eta koherentziaz jarraipena izango du DBHko lehen mailan.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza

  • Lehen Hezkuntzatik DBHrako trantsizioa zainduko da eta, horretarako, pedagogia eta antolamendu-neurriak hartuko dira.
  • DBH 1 eta DBH 2 mailetan, irakasgaiak eremuen arabera antolatzea sustatzen da.
  • “Balio Zibiko eta Etikoak” irakasgaia DBH 1 mailan emango da (Lehen Hezkuntzako 6. mailan landutakoari jarraipena emango zaio).
  • eta 2. mailetan “Natura Zientziak” irakasgaia emango da (horren barruan sartuta daude Biologia, Geologia, Fisika eta Kimika).
  • “Teknologia eta Digitalizazioa” irakasgaia DBH 2 eta DBH 3 mailetan emango da. Irakasgai hori DBH 1eko eta DBH 4ko aukerako irakasgaien eskaintzarekin osatuko da.
  • Aukerako irakasgaien eskaintza zabala maila guztietan: Atzerriko Bigarren Hizkuntza; Garapen Pertsonalari eta Sozialari Aplikatutako Filosofia (DBH 4); Digitalizazioa; Teknologia; Kultura Zientifikoa; Osasun Fisikoa eta Emozionala; Adierazpen Artistikoa…
  • DBHko titulazioari dagokionez, irakasle taldeak erabakiko du gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleek titulua lortzen duten, betiere haien konpetentzia-garapenaren arabera.

Batxilergoa:

  • Batxilergoko 4 modalitate: Zientzia eta Teknologia; Giza eta Gizarte Zientziak; Orokorra eta Arteak.
  • Batxilergoko modalitate guztiek irakasgai komunak dituzte:
    • mailan: Heziketa Fisikoa; Filosofia; Gaztelania; Euskara; Atzerriko Hizkuntza; eta, berritasun gisa, Tutoretza.
    • mailan: Filosofiaren Historia; Espainiaren Historia; Gaztelania eta Literatura; Euskara eta Literatura; Atzerriko Hizkuntza eta, berritasun gisa, Tutoretza.
  • Horrez gain, Batxilergoko modalitate bakoitzak zenbait irakasgai propio edo modalitateko irakasgai izango ditu.
  • Batxilergoak aukerako irakasgai eskaintza zabala du, eta horien artean daude: Atzerriko Bigarren Hizkuntza; Euskal Herriko Historia; Anatomia Aplikatua; Argazkigintza; Pintura; Laborategi Teknikak; Gizarte Antropologia; Ahozko Komunikazioa Atzerriko Hizkuntzan; Jarduera Fisikoa, Aisia eta Osasuna… Ikasleek, beraz, beren interesekin lotura estuagoa duen ibilbide akademikoa konfiguratu ahal izango dute.
  • Ikasleak gainditu gabeko irakasgai batekin ere lor dezake titulua, baldin eta irakasle taldeak hala proposatzen badu eta ezarritako baldintzak betetzen badira (irakasgaia utzi ez izana, hau da, irakasgai horren proba guztiak egin izana, baita ezohiko probak ere; irakasle taldeak hala proposatzea, gainditu gabeko irakasgai hori gorabehera, eskatutako konpetentzia-maila lortu duelakoan; ikaslea absentismoan ez erortzea; eta irakasgai guztien batez besteko nota gutxienez bost puntukoa izatea).

Curriculum berriak 2022-2023 ikasturte honetan aplikatzen ari dira etapa bakoitzeko maila bakoitietan, eta datorren 2023-2024 ikasturtean gainerako mailetara zabalduko dira.