Euskadiko Orkestra – 23.-24. Denboraldia: Artea lehen pertsonan

0
  • Artearen bidez (aliatu inspiratzaile den aldetik) sortzen eta eraldatzen duen gizakiarengan jarri nahi du arreta Euskadiko Orkestrak Denboraldi berri honetan. Mahler eta bere ‘Hirugarren Sinfonia’-rekin betierekotasuna, maitasuna eta halako kontzeptuak ikusiko ditugu; Brucknerrekin eta bere ‘Zazpigarren Sinfonia’-rekin, berriz, esperientzia espirituala; Dutilleuxekin eta Straussekin bizitza mundukoia; eta Prokofievekin eta bere ‘Alexander Nevski’-rekin, azkenik, heroiaren gorazarrea.
  • Horretarako, zuzendari berdingabeak izango ditu Denboraldi honetan Orkestrak, hala nola Juraj Valcuha, Juanjo Mena, Marie Jacquot eta Riccardo Frizza, baita nazioarteko artista bikainak ere, adibidez, Alban Gerhardt, Sergey Khachatryan, Olesya Petrova eta Justina Gringyte. Gure lurraldeko hainbat interprete eta abesbatza ugarik osatzen dute talde sendoa: Elena Sancho Pereg, Clara Mouriz, Alfonso Gomez, Bilboko Koral Elkartea, Donostiako Orfeoia eta Vocalia Taldea.
  • Euskal sorkuntzak garrantzi handia izango du, bereziki, Antonio Lauzurikaren ‘Chillida-Elogios’ lanaren estreinaldiarekin; izan ere, orkestrak eskultorearen jaiotzaren mendeurrena ospatzeko enkargatu zion Lauzurikari obra hori. Halaber, Itziar Viloriaren ‘Oihartzun gorriak’ lana eta Saskia Venegasen ‘At the Aegean Shores’ obraren berrikuspena ere estreinatuko dira, Ramon Lazkanoren Mugarri interpretatzeaz gain. Euskal sorkuntzaren atal honetan, eta Abonutik kanpo, nabarmentzekoa da Gabriel Erkorekaren obren grabazioa, orkestrak egingo duena, Juanjo Menak zuzenduta.
  • Abonu Denboraldian lehendabizikoz, opera bat interpretatuko da Bilbon, Arriaga Antzokiarekin lankidetzan eta Calixto Bieitoren zuzendaritza eszenikoarekin: Rudi Stephanen ‘Die ersten Menschen’ (Lehen gizakiak).
  • Polonian bira arrakastatsua egin ondoren, Austria izango da Euskadiko Orkestraren hurrengo nazioarteko helmuga 2024ko otsailean, Salzburgon hiru kontzertu egingo baititu eta Linzen beste bat.

Abonu-denboraldiko programazioa

Euskadiko Orkestraren Kontzertu Denboraldi berri honetan sortzen eta eraldatzen duen gizakiarengan jarri nahi dugu arreta. Pertsona aktibo eta arduratsua jarriko dugu erdigunean, bere bizi-esperientzien –nola espiritualen hala mundukoien– bidez mundua mugitzen duen pertsona, hain justu.

Mahlerren eta bere Hirugarren Sinfoniaren eskutik, betierekotasuna, maitasuna eta halako kontzeptuak etorriko dira, eta beste kontzeptu batzuk –hala nola erlijio-esperientzia– Brucknerren eta haren Zazpigarren Sinfoniarekin aldetik iritsiko zaizkigu. Alde espiritual horrekin kontrastean, badira zenbait egile unibertso desberdinetatik bizitza pribatuari eta mundukoiari kolore paleta ahalik eta zabalena jartzen diotenak, hala nola Dutilleux, Correspondances lanarekin, eta Richard Strauss, Aus Italien eta Symphonia Domestica obrekin. Rakhmaninovek Hirugarren Sinfonia eta Pianorako Bigarren Kontzertuan bere jaioterriaren nostalgia zein pisutsua den erakusten digu. Prokofieven Alexander Nevski lanak heroiaren gorazarrea irudikatzen du, eta Dvorakekin konekta gaitzake lan horrek, zehazki, txekiarraren Zazpigarren Sinfoniarekin, bai eta haren herriaren borrokaren eta nahien aldarrikapenarekin ere. Identitatearen kontzeptuak Rudi Stephanen Die ersten Menschen operan izango du adierazpenik handiena. Adam eta Eva Paradisutik kanporatu ondorengo garaian kokatua, analisi freudiarra egiten dio giza izaerari egilearen lan horrek, eta erdiratu egiten gaitu analisi horrekin.

Kontzeptu horiek guztiek, hain gizatiarrak izanik, artea dute euskarri, aliatu inspiratzaile gisa. Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko Antonio Lauzurikari enkargatutako obra bat izango da, hain justu, horren adierazpen nagusia. Beste omenaldi aipagarri bat Giza Eskubideen Adierazpenaren 75. urteurrena izango da, eta Nazio Batuen ereserki bihurtutako Aaron Coplanden obrarekin batera aurkeztutako testuen euskarazko lehen errezitaldia izango da, gainera.

Denboraldi honetan –eta beti Euskadiko Orkestran, beharbada–, gizakia eta artea etengabeko hausnarketan ari dira.

Euskadiko Orkestraren 2023/2024 Abonu Denboraldia 2023ko irailaren 29an hasiko da Gasteizen, eta 2024ko ekainaren 7an amaituko da Donostian. Guztira 12 abonu-programa izango dira, Gasteizen (10), Bilboren (10), Donostiaren (10 x 2) eta Iruñearen (10) artean banatuta; orotara 50 kontzertu egongo dira, hortaz, Abonu Denboraldian.

Zuzendari, bakarlari eta abesbatza handiak

Orkestrak artista ugari jasoko ditu berriro ere bere programazio berrian: zortzi zuzendari, bederatzi bakarlari instrumental eta bokal eta hiru abesbatza.  Ahotsak, abeslari bakarlarien eta hiru abesbatzen bitartez, presentzia garrantzitsua izango du Abonu Denboraldi honetan.

ZUZENDARIAK.  Robert Treviñok hasiera eta amaiera emango dio Kontzertu Denboraldiari, eta lau programa jorratuko ditu guztira (ikus xehetasunak behean). Gainerako programetarako, podiuma honako hauen artean banatuko da: Stanislav Kochanovsky, Riccardo Frizza, Marie Jacquot, Lina Gonzalez-Granados, Baldur Bronnimann (Denboraldi honetan lehendabizikoz izango dira orkestran horiek guztiak), Juanjo Mena, Juraj Valcuha eta Pablo Gonzalez (berriz izango dira gurekin horiek).

BAKARLARIAK: Atal horretan, lehenengo aldiz izango dira orkestrarekin Federico Colli, Markus Schirmer (pianoa), Sergey Khachatryan (biolina) eta Olesya Petrova (mezzosopranoa). Berriz izango dira gurekin, berriz, Alban Gerhardt (biolontxeloa) eta Justina Gringyte (mezzosopranoa) handiak. Eta ongietorri berezia emango diegu Alfonso Gomez (pianoa), Elena Sancho Pereg (sopranoa) eta Clara Mouriz (mezzosopranoa) interprete euskaldunei.

ABESBATZAK: Ahotsak protagonismo berezia du Denboraldi berri honetan, Euskadiko hiru abesbatza sartuko baititugu gure programan: Bilboko Koral Elkartea, Denboraldia irekiko duena (Mahlerren Hirugarren Sinfonia), Donostiako Orfeoia (Prokofieven Aleksander Nevski) eta Gasteizko Vocalia Taldea (Debussyren Nocturnes).

Robert Treviño zazpigarren denboraldian, zuzendari titular gisa

Orkestraren zuzendari titularrak bere gain hartuko ditu Denboraldi berriko lau programa. Denboraldi berriari obrarik sinbolikoenetako batekin ekingo dio, Mahlerren Hirugarren Sinfoniarekin, hain justu ere, non Bilboko Koral Elkarteko emakume eta neskatilak eta Justina Gringyte mezzosopranoa sartuko baitira. Otsailean Rakhmaninoven Hirugarren Sinfoniari eta Antonio Lauzurikaren Chillida-Elogios lanaren estreinaldiari ekingo zaio. Apirilean, berriz, Treviñok lehen aldiz zuzenduko du Euskadiko Orkestra Rudi Stephanen Die ersten Menschen izeneko operan. Azkenik, Dutilleux (Correspondances) eta Richard Strauss (Symphonia Domestica) konpositoreen lan banarekin amaituko da Denboraldia; lurreko bizitzaren bertsiorik eguneroko eta familiarrenari hel egiten diote bi lan horiek.

Euskal sorkuntzaren aldeko apustua

Euskadiko Orkestraren helburu nagusietako bat euskal sorkuntza programazioaren eta erregistro diskografikoaren bidez sustatzea eta zabaltzea da. Euskal sortzaileen obra garaikideek presentzia handia izango dute 23/24 Denboraldiko programazioan; zehazki, Lauzurika, Viloria eta Venegas egileen estreinaldiak izango dira Denboraldiko proposamen berritzaile nagusiak.

Batetik, Euskadiko Orkestrak obra bat enkargatu dio Antonio Lauzurikari, Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko; Chillida-Elogios deitu dio lan horri musikari gasteiztarrak. Euskadiko Orkestrak modu aktiboan egingo du bat herrialde-ospakizun horrekin.

Gure Kontzertu Denboraldian estreinatuko den beste enkargu bat Itziar Viloria bizkaitarraren Oihartzun gorriak izango da. Real Filharmonia de Galicia orkestrarekin batera egindako enkargu bat da; haren zuzendari titular izendatu berri Baldur Bronnimannek 2024ko udaberrian estreinatuko du lan hori. Horrela, Euskadiko Orkestrak iazko denboraldian Gary Carpenterren Mamu kantak (Ghost Songs) lanarekin baliatutako enkargu partekatuaren formula (garai hartan, Erresuma Batuko hainbat orkestrarekin) errepikatzen du oraingoan.

Euskal obra berriaren kapitulua Saskia Venegas euskal/belgikar musikagileak itxiko du Egeo itsasoko errefuxiatuen arazoa jorratzen duen At the Aegean Shores (Egeo itsasoko kostaldean) lanaren berrikuspenarekin. Argudio humanista hori Giza Eskubideen kontzeptuarekin lotzen da, eta garrantzi handia du horrek Euskadiko Orkestraren Denboraldi honetan. Errenteriako Musikasteren aurreko edizioan estreinatutako lana da, baina Venegasek berridatzi egin du oraingo honetan.

Ramon Lazkano ere izango da gure programazioan, azken denboraldietan ohikoa izan den bezala. Robert Treviño lotura estua finkatuz joan da, 2016an Euskal Herrira iritsi zenez geroztik, musikagile horrekin. Eta horren adierazgarri da Lazkanoren musika beste orkestra batzuen atriletara eraman duela; izan ere, Orchestra Nazionale della RAI orkestrak Mugarri estreinatu zuen martxoan. Oraingo honetan, Madrilen bizi den Baldur Bronnimann zuzendari suitzarrak zuzenduko du obra hau Gasteizen.

Euskal konpositore garaikideen presentzia nabarmenaz gain, aipatzekoa da 23/24 Denboraldiko hirugarren kontzertu-programak euskal esentzia nabarmena izango duela. Zehazki, hauek interpretatuko dira, Juanjo Mena gasteiztarrak zuzenduta: batetik, Gabriel Pierné konpositorearen Ramuntcho, Ipar Euskal Herriko kostunbrismoa eta tipismo erregionala goraipatzen dituen izen bereko liburuan –Pierre Lotik idatzitakoan– oinarritutako obra; eta bestetik, Maurice Ravelen Concerto en sol (gure orkestraren ikur bihurtu da konpositore ziburutarra).

Euskal musikaren erregistro diskografikoaren atalean, bestalde, aipatzekoa da Ondine diskoetxearekin Gabriel Erkorekaren lanen grabazio bat egingo duela Euskadiko Orkestrak Denboraldi honetan (ikus informazio gehiago grabazioen atalean, beherago).

Lehen opera gure Abonu Denboraldian

Die ersten Menschen opera 1920an estreinatu zen Frankfurten. 2021ean Amsterdameko Stopera instalazioetan antzeztu zen, Calixto Bieito izanik eszena-zuzendaria. Eta orain Bilbon agertuko da, Euskadiko Orkestraren eta Arriaga Antzokiaren arteko lankidetza batean. Rudi Stephanen Die ersten Menschen opera, halaber, lehen aldiz interpretatuko da Espainiako Estatuan. Adam eta Eva Paradisutik kanporatu ondorengo garaian kokatua (Genesiaren sorrera-narrazioaren arabera), analisi freudiarra egiten dio giza izaerari egilearen lan horrek, eta erdiratu egiten gaitu analisi horrekin. Eszena udaberriko paisaia bat da, eta libretoa poesia psikologiko gisa deskriba genezake. Stephanekin gizakiaren identitatea bilatzen dugu.

Calixto Bieito da eszena-zuzendaria eta Robert Treviño, berriz, musika-zuzendaria.

Orkestraren beste jarduera batzuk

Bira Austriara: Salzburgo eta Linz

Joan den martxoaren amaieran, Poloniako lau hiritan (Varsovia, Wroclaw, Krakovia eta Katowice) beste hainbeste kontzertu egin ziren bira batean; izan ere, inflexio-puntua izan da bira hori Euskadiko Orkestraren nazioarteko ibilbide luzean.

Nazioarteko beste irteera bat du egitear Euskadiko Orkestrak, zehazkiago, Salzburgora; iaz zegoen programatuta kontzertu hori, baina bertan behera utzi behar izan zuen, Austria osoa ustekabean geratu baitzen konfinatuta. Kontzertu horiek 2024ko otsailerako atzeratu ziren. Guztira hiru musika-hitzordu izango dira Mozarten jaioterrian, eta beste kontzertu bat gehituko zaie horiei, oraingoan, Linzen, non orkestra 2018an egon zen azkenekoz.

Grabazioak: Gabriel Erkoreka eta Americascapes 2

Orkestraren jardueraren beste funts garrantzitsuetako bat grabazio diskografikoak dira. Denboraldi honetan, gure fonotekak 80 liburuki izango ditu, batez ere euskal sorkuntzan zentratuak. Gabriel Erkorekari eskainitako hurrengo grabazioa giro erabat euskalduna duen musika-ekitaldi bihurtu da, eta Euskadiko Orkestrarekin batera, Asier Polo (biolontxeloa), Alfonso Gomez (pianoa) eta Carlos Mena (kontratenorra) elkartuko ditu, Juanjo Menak zuzendutako hiru interprete, hain zuzen, guztiak ere nazioartean ezagunak diren euskal artistak.

Grabazio hau Ondine diskoetxeak erregistratuko du. Azken bi urteotan, Orkestrak Finlandiako faktoriarekin izan duen harremana finkatuta geratu da bi Ravelen eta Americascapesen grabazioen bidez. Ondine munduko banaketa-sare garrantzitsu baten jabe da, eta horri esker, Euskadiko Orkestra nazioarteko erreferentziazko merkatu batean kokatu ahal izan da, are hedabide espezializatu ospetsuenetan (Gramophone, France Musique, BBC Music Magazine, Diapason, The New Yorker, etab.) aipamenak lortzeraino. Gabriel Erkorekari eskainitako monografikoaz gain, orkestrak Americascapes 2 jorratuko du eta aurrekoen arrastoari jarraitzea espero du.

Proiektu partekatuak

Orkestrak eutsi egingo die aurretik zituen konpromisoei, hala nola ABAO Bilbao Operaren denboraldiarekin, Bilboko Musika-Músicarekin, BBVA Fundazioaren Ezagutzaren Mugak Sariak galarekin, Donostiako Musika Hamabostaldiarekin, Zinemaldiarekin, Musikasterekin, Viralgenen Columbus Fundazioarekin eta beste hainbat ekitaldirekin.

Orkestraren Miramongo Matinéeak eta Musika Gela zikloak geroago aurkeztuko dira.

ABONUAK ETA SARRERAK

Abonuak ekainaren 5etik aurrera erreserbatu daitezke

Oraingo abonatuak berritzeko aldiaren ondotik, abonu berriak salgai jarriko dira laster. Erreserba ekainaren 5etik aurrera eginez joan daiteke euskadikoorkestra.eus webgunearen bitartez, 943 01 32 32 telefonora deituta edo mezu elektroniko bat bidalita abonatuak@euskadikoorkestra.eus helbidera.  Abonuak jasotze-ordenaren arabera formalizatuko dira, eta eskuragarri badaude baino ez dira emango. Abonuek 80 eurotik 235 eurora arteko salneurria dute 10 kontzerturako.

Sarrera solteak salgai irailaren 1etik aurrera

Sarrera guztiak salgai egongo dira irailaren 1etik aurrera euskadikoorkestra.eus helbidean, bai eta auditoriumen webguneetan eta txarteldegietan ere.

MEZENASGOA

Mezenasgoari esker, herrialde-proiektu kultural hori garatzen lagundu nahi duten pertsonek aukera izango dute beren ekarpenen bitartez hala egiteko. Mezenasgoa etorkizuneko tresna bat da, behar-beharrezkoa, administrazio publikoek diruz laguntzeko politiken osagarria, eta kulturari eta gizarteari laguntzeko eta horiek garatzeko bitarteko bilakatuko da aurrerantzean. Orkestrari egindako ekarpenek, haien modalitatea dena dela, kenkari fiskalerako aukera emango dute. Informazio gehiago hemen: euskadikoorkestra.eus

ESKER ONAK

Azkenik, orkestrak bere jardueren garapenean parte hartzen duten erakunde guztien laguntza eta babesa eskertu nahi du: abonatuei eta ikusleei oro har, erakunde babesle eta laguntzaileei, kultur eragileei, hedabideei eta abarrei, Euskadiko Orkestraren jarduera ahalbidetzen baitute.