Eusko Jaurlaritzak 300.000 euro bideratuko ditu ziurtatutako ekoizpen ekologikora, eta 2030ean nekazaritza-azaleraren % 25era iritsi beharko luke, EBren eta haren Baserritik Mahairako estrategiaren arabera

0

Eusko Jaurlaritzako Batzordeak bilera izan du gaur Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin, eta agindu bat onetsi dute 2023an ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsizioa egiteko laguntzak emateko.

Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasun bat da ingurumenerako ekoizpen‑metodo jasangarrien alde egitea, eta, ondorioz, elikakateko agente guztiak barne hartuta, nekazaritza jasangarriagoa lortzeko trantsizioa sustatu nahi du. Lehenengo sektoreak ekoizpen‑metodoak azkar eraldatu behar ditu, eta naturan oinarritutako soluzio teknologiko eta digitalak ahalik eta hobekien erabili. Horrela, ingurumen‑emaitza hobeak lortuko dira eta klima aldaketari aurre egiteko erresilientzia areagotu. Etorkizuneko edozein agertokitan proteina‑iturri eta barazkiak ekoizteko sistema berriak egon beharko dute, non uraren, ongarrien eta fitosanitarioen eskaria txikiagoa izango den eta elikagaien galerak eta xahuketak geldituko diren.

Ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsizioan, nekazaritzako sektoreak garapen jasangarriko helburuak eta 2030 agenda lortzen lagundu behar du, bai eta klima-aldaketaren aurka borrokatzen eta elikadura osasungarria sustatzen ere. Horrez gain, lurzoru eta ekosistema naturalak mantentzeko ardura ere izango du. Euskadiko Biodibertsitate Estrategiaren arabera, 2030erako EBko nekazaritzako azaleraren % 25 nekazaritza‑metodo ekologikoen bidez kudea daitezen lortu nahi da; horrez gain, “Baserritik Mahaira” estrategiarekin bat, kontsumitzaileek gero eta gehiago eskatzen dute banaketa‑linealetan produktu ekologikoak egotea. Laguntza horien bidez, bi alderdi horiei erantzun nahi zaie. 

Laguntza‑ildoak eta onuradunak

Ziurtatutako ekoizpen ekologikorako trantsizioari lotutako laguntzen zenbatekoa 300.000 eurokoa izango da aurten, eta honako laguntza‑ildo hauetan banatuko da:

– “Ekoizpen ekologikoan hasteko gidak” sortzeko laguntza.

– Ekoizpen ekologikorako trantsizio‑proiektuen bideragarritasuna aztertzeko ikerketak egiteko laguntzak.

– Erakusketa eta bisita‑jarduerak laguntzea.

– Ekoizpen ekologikorako eraldaketa egiteko aholkularitza integrala.

– Ekoizpen ekologikoari buruzko aholkularitza espezializatua.

– Ohiko ekoizpena duten nekazaritzako ustiategiek ekoizpen ekologikoa egiten hasteko proiektuak egitea.

Laguntza horiek nekazaritzako ustiategietako titularrei zuzenduta daude, baldin eta ustiategia ekoizpen ekologikora bideratu nahi badute, edo jarduera‑ekologikoa hasten badute edo, dagoeneko ziurtagiri ekologikoa duten arren, ekoizpen‑esparruan labore berrietarako jauzia eman nahi badute. Horrez gain, ekoizpen ekologikoan esperientzia duten eta beren helburuen artean sektore‑aholkularitza duten pertsona fisiko edo juridikoak (mikroenpresak edo ETEak), kooperatibak, nekazaritzako erakunde elkartuak edo ekoizleen taldeak ere izan daitezke onuradunak.

Eskaerak aurkezteko epea

Eskaerak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera irekiko da, eta hilabeteko epean amaituko da.

Deialdiaren agindua webgunean argitaratu ostean, esteka honetan aurkituko dituzue izena emateko inprimakia eta horri buruzko informazio guztia: www.euskadi.eus/servicios/1207003.