Eusko Jaurlaritzak 2023-2026 Unibertsitate Sistemaren Plana onartu du

0
PRUEBA

Sede del Gobierno Vasco, Lakua
Salón de Actos y escudo de Euskadi
  • Planak 2.246,2 milioi euroko inbertsioa mugiaraziko du indarrean dagoen bitartean, hau da, % 14,5eko igoera aurreko planarekin alderatuta
  • Unibertsitate Sistemaren Plana funtsezko tresna da Euskal Unibertsitate Sistemaren (EUS) helburuak eta unibertsitate-politika koordinatua zehazteko

Gobernu Kontseiluak 2023-2026 Unibertsitate Sistemaren Plana onartu du gaurko bileran. Plan hau da Euskal Unibertsitate Sistema (EUS) antolatzeko Eusko Jaurlaritzak aitortzen duen berariazko tresna. Tresna honen bidez, unibertsitate-politikak definitu, helburuak identifikatu eta Euskal Unibertsitate Ekosistema osatzen duten eragileak koordinatzen dira. Plana, gainera, Nazio Batuen 2030 Agendarekin lerrokatuta dago, eta gizarte oparoaren alde, eskubide eta aukera-berdintasunean eta ingurunea errespetatzeko honek jasotzen dituen Garapen Iraunkorreko Helburuekin konprometituta dago.

Herrialde aurreratu orok bidelagun izango duen bikaintasuneko unibertsitate-sistema bat izan nahi du. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak –Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren bitartez- datozen lau urteetarako bilakaeraren oinarri estrategikoak ezarri ditu plan honen bidez.

2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Planak 2.246,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du guztira, hau da, %14,5eko igoera aurreko planarekin alderatuta, eta orain arte unibertsitate-eremuan egin den finantzaketarik handiena. Horietatik 1.642,4 milioi Eusko Jaurlaritzaren ekarpen zuzenari dagozkio (+231 milioi), eta 603,8 milioi, berriz, finantzaketa publiko lehiakorraren, kontratupeko diru-sarreren, nazioarteko finantzaketaren eta unibertsitateen baliabide propioen bidez iritsiko dira.

Ebaluazioa eta diseinu berria

Euskal unibertsitateekin batera, Unibertsitate Sistemaren aurreko Planaren ebaluazio xehatua egin ondoren, helburuen betetze maila altua izan dela egiaztatu du Eusko Jaurlaritzak, bai eta aurreikusitako gauzatze ekonomikoarena ere, planaren finantzaketa-egitura osatzen duten hainbat ekintzaren bidez (horien artean daude, programa-kontratuak, unibertsitate bakoitzarekin diseinatutakoak eta monitorizatuak). Azterlan horri esker, gainera, modu koordinatuan definitu ahal izan dira plan berriaren diseinua eta lehentasunak, Euskal Unibertsitate Sistema indartzeko eta bikaintasun akademikoranzko bidean aurrera egiteko.

Hala, 2023-2026 Unibertsitate Planak hiru ardatz nagusi ditu:

  • Unibertsitatea+Enpresa. Unibertsitatea+Enpresa eta unibertsitatea-gizartea harremanari bultzada, unibertsitateen ahaleginak bideratzeko indar traktore gisa, Euskadiren aurrerapena eta gizarte eraldaketa xede, eta Euskadiren beharrei erantzuteko.
  • Bikaintasuneko zientzia. Euskal Unibertsitate Sistema bikaintasun-zientzia globalaren testuinguruan kokatzea eta finkatzea.
  • Unibertsitatea+Euskadi Basque Country. Prozesu hau unibertsitatearen misio guztietara hedatzen da, eta, horrez gain, gure gizarteak unibertsitate-sistemaren bidez beste gizarte batzuekin duen harremana sustatzen du, Euskadi Basque Country Estrategiarekin lerrokatuta.

Horiekin batera, Irakaskuntza Berritzailea eta Kalitatekoa eta Unibertsitate Komunitate Inklusiboa eta Berdintasunezkoa ardatzek osatzen dute plan berriaren egitura nagusia. Era berean, zeharkako bi ardatz ere jasotzen ditu: Digitalizazioa eta Gizarte-eragina.

Ardatz horien barruan, Planak unibertsitateekin definitutako eta adostutako ekintza zehatzen zerrenda luzea jasotzen du. Ekintza horiek unibertsitate-ekosistemaren arlo guztietan izango dituzte eraginak. Horietako batzuk aipatzekotan:

  • Osasunaren eremuaren aldeko apustua egitea, honako azpiegitura hauek bultzatuz: Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea Bizkaian eta Irakaskuntza Unitatea Gipuzkoan; eta Ospitale Birtualen Sarea garatuz.
  • RIS3-Espezializazio Adimendunerako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiaren lehentasunak sustatzea unibertsitate-sistemaren jardute-eremu guztietatik.
  • Eraldaketa digitala azkartzea, unibertsitate hibrido digital-fisikoaren eredu bihurtzeko.
  • Hezkuntza eta STEM lehentasunezko arloak, gizartearen egungo beharrei erantzuten dietenak.
  • Enpresekiko eta Lanbide Heziketako ikastetxeekiko harremana sendotzea, enplegagarritasuna hobetzeko.
  • Euskadin espezializazio handiko talentua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko funtsezko sistema gisa sendotzea, hazkunde ekonomikoa eta gizarte-ongizatea ekarriko dituena Euskadirako.

Unibertsitate-sistema orokorrean hobetzeko, beharrezkoa da helburuak identifikatzea, horien eragina neurtzea, aldian behin haien bilakaera ebaluatzea eta ezustekoen aurrean malgutasunez lan egitea. Horrela, gaur Gobernu Kontseiluak onartu duen dokumentuari etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egingo zaizkio lau urtean zehar, 168 adierazleren bidez. Jarraipen horri esker, planean identifikatutako helburu anitzen betetze-maila aztertu ahal izango da une oro. Ezarritako mugarrien artean, honako hauek nabarmendu behar dira:

  • Lanbide-bizitza osoan prestakuntza jasotzen ari diren ikasleen kopurua bikoiztea;
  • Gradu eta Master titulazio dualen eskaintza: %50eko igoera;
  • Sortutako spin-offak: urteko %25eko igoera 2026ra arte;
  • Horizon Europe deialdietatik lortutako itzulera: urteko %10eko igoera;
  • Nazioarteko esperientziak eskaintzen dituzten Gradu eta Master titulazioak: %50 handituko dira;
  • EUSen matrikulatutako nazioarteko ikasleak: %15eko igoera urtean;
  • Ikasteko ibilbide pertsonalizatuekin prestatutako ikasleak: %60;
  • STEM titulazioetan matrikulatutako ikasleak: %52 emakumeak izango dira;
  • Irakasle ikertzaileak: %52 emakumeak izango dira;
  • Laguntza-programetan sartzeko aukera duten ikasleak: %100;
  • Unibertsitate guztietan gizartean duten eragina neurtzeko eta ikusarazteko eredu propioak

Plana onartu ondoren, Hezkuntza Saila 2023-2026 Unibertsitate Planak jasotzen dituen eremuak garatzen hasiko da, plan hau amaitzean egungo planak helburuetan zein aurrekontuaren gauzatzean izan duen betetze-maila bera lor dezan. Betiere, hezkuntza-sistema bikaina bultzatzea eta Euskadiko gizartearen beharrei eta erronkei erantzutea helburu hartuta.