Euskal erakundeek «Grand Départ Pays Basque 2023″rako Euskadin inoiz izan den segurtasun-operatibo handienetako bat aurkeztu dute

0
  • Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta lasterketak zeharkatzen dituen Euskadiko udalek beren mugikortasuna planifikatzeko eskatu diete herritarrei uztailaren 1ean, 2an eta 3an, hainbat orduz izango diren murrizketa handiegatik
  • Bilboren kasuan, murrizketak 28an hasiko dira, egun horretan hasten baitira helmugako eremua muntatzeko lanak
  • Mozketek eta aldaketek aireportuetarako sarbideei ere eragingo diete, bai eta garraio publikoaren ibilbide eta geralekuei ere; beraz, herritarrei behar besteko aurrerapenaz informatzeko eskatzen zaie
  • Ibilbidetik eratorritako mugikortasun murrizpenei, Udako Irteera Operazioarekin eta Itsasarteko Pasabide Operazioarekin bat datozen datak gehitu behar zaizkie, Irungo mugari, AP-8ari, N-1ari eta AP-1ari bereziki eraginez
  • Herritarrek Frantziako Tourraren errutometro ofizialak kontsulta ditzakete. Bertan Grand Départ Pays Basque 2023ko 3 etapek igaroko dituzten udalerrien zerrenda eta puntu kilometrikoak ikus daitezke. Informazio guzti hau Euskadiko irteera handiaren webgune ofizialean egongo da ikusgai (www.letour.euskadi.eus).
  • Gainera, informazio guztia Waze aplikazioan kargatuko da laster. Bertan, ibilbide alternatiboak eskainiko dira kontsultatzen duenarentzat

Josu Erkoreka Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Amaia Arregi eta Martín Ibabe Bilboko eta Donostiako Herritarren Segurtasuneko zinegotziek, hurrenez hurren, Livia López Vitoria-Gasteizko Kirol eta Osasun zinegotziak, Andoni Agirrebeitia Amorebieta-Etxanoko alkateak eta Cristina Múgica Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasuneko eta Turismoko zuzendariak gaur goizean aurkeztu dute euskal erakundeek Euskadin uztailaren 1ean, 2an eta 3an egingo den Grand Départ Pays Basque 2023a dela-eta planifikatutako segurtasun-operatibo konplexua.

Euskadin aurrekaririk ez duen Segurtasuneko Plan integral bat da, Euskadiko segurtasun publikoan inplikatuta dauden euskal erakunde eta entitate guztien artean koordinatua: Ertzaintza, Tourraren hiru etapak zeharkatzen dituzten udal guztietako udaltzaingoak, 112 SOS Deiak, hiru hiriburuetako eta hiru foru aldundietako larrialdietako eta suteak itzaltzeko zerbitzuak, Osakidetza, errepideak eta trafikoa kontrolatzeko talde instituzionalak, etab.

Operatibo orokorraz gain, gaur goizeko aurkezpenean 2023ko Frantziako Tourraren etapetako baten irteera edo helmuga diren 4 udalerriek diseinatutako plan espezifikoak zehaztu dira: Bilbo, Vitoria-Gasteiz, Amorebieta-Etxano eta Donostia.

Euskal erakundeek hilabeteak daramatzate segurtasun-plan horiek diseinatzen, 2023ko Frantziako Tourraren antolakuntzarekin, Gendarmerie Nationale Française Frantziako Polizia Nazionalarekin, eta Garde Républicaine de France motor-gidariekin koordinatuta. Agente horiek ere parte hartuko dute egun horietan, agintaritza gorena Ertzaintzari dagokion segurtasun-planean.

Grand Départ Pays Basque 2023ren gune nagusia eta logistikoa Barakaldoko BECen kokatuko da.

Mugikortasun-murrizketa handiak

Aurkezpenean, euskal erakunde guztiek azpimarratu dute Euskaditik igarotzen diren 2023ko Frantziako Tourraren hiru etapetan oinezkoen eta ibilgailuen mugikortasunean izango diren murrizketak handiak izango direla, eta herritarrei beren mugikortasuna denboraz planifikatzeko, behar besteko aurrerapenaz informatzeko eta, batez ere, garraio publikoa erabiltzeko eskatu diete uztailaren 1ean, 2an eta 3an eragin handiak izango baitituzte.

Azaldu duten bezala, nazioarteko txirrindularitza-probaren ibilbideak berak eragindako mugikortasun-mugei lasterketak Udako Irteera Operazioarekin eta Itsasarteko Pasabidea Operazioarekin bat egiten dutela gehitu behar zaie, bereziki eraginez Irungo mugari, AP-8ari, N-1ari eta AP-1ari. Hori dela eta, agintariek baldintza hauek kontuan hartzea gomendatzen dute, udako egunak direla-eta aurreikusitako joan-etorriak aurreratzeko edo atzeratzeko.

Aurkezpenean, euskal erakundeek garrantzi berezia eman diote murrizketek aireportuetarako sarbideei ere eragingo diotenari, batez ere Loiukoari eta Hondarribikoari, eta garraio publiko guztiaren ibilbide eta geralekuei, batez ere errepidekoenei. Era berean, eragina izango dute lantokietako sarrerek eta irteerek, osasun-hitzorduek, ospakizunek eta egun horietarako prestatutako gainerako aisialdiko-jarduerek.

Ildo honetan, herritarrek dageneko kontsulta ditzakete Grand Départ Pays Basque 2023ko 3 etapetarako Frantziako Tourreko errutometro ofizialak (12 eta 3). Dokumentu horietan publizitate karabana eta txirrindularitza lasterketa igarotzeko aurreikusitako orduak agertzen dira. Euskal agintariek behin eta berriz adierazi dutenez murrizketak  “oso garrantzitsuak izango dira eta guztioi eragingo digute, egun horietako uneren batean”. Errutometroak Grand Départ Pays Basqueren webgune ofizialean kontsulta daitezke, baita herritarrei Euskadi osoko errepideetan gertatzen diren gorabeheren berri ematen duen “011 Trafikoa” zerbitzuko, telefono, webgune eta sare sozialetan.

Gainera, herritarrek kontsultak azkar eta modu eraginkorrean egin ditzaten, mugikortasun-murrizketa guztiak Waze aplikazioan kargatuko dira laster. Aplikazio honek, zirkulazioaren mozketak eta aldaketak adierazteaz gain, ibilbide alternatiboak eskainiko ditu.

4 ordu baino gehiagoko mozketak guztira

Kalkuluen arabera, Ertzaintzak eta Euskadiko udaltzaingoek lasterketaren zirkuituko kaleak eta errepideak moztuko dituzte, gutxienez, ibilbidearen puntu bakoitzean proba egitea aurreikusita dagoen ordua baino 4 ordu lehenago. Izan ere, txirrindulariak irten baino 2 ordu lehenago, ibilbide beretik, animazioko karabana bat igaroko da. Karabana honek 30 minutuko iraupena izango du, eta, era berean, Ertzaintzak eta Gendarmerie Nationale Française Frantziako Polizia Nazionalak eskoltatuko dute. Ordu guzti horietan errepidea erabat itxita egongo da ibilgailuentzat.

Gainera, etapa bakoitzetik irteerak eta helmugak izango diren 4 udalerrien kasuan, mozketek askoz iraupen luzeagoa izango dute, eta, beraz, Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz eta Amorebieta-Etxanon bizi edo bertara hurbiltzen direnek arreta berezia eskaini beharko diote garraio operadoreek emango duten zerbitzu publiko inguruko informazioari.

Garrantzitsua da azpimarratzea, halaber, Bilboren kasuan, murrizketak hilaren 29ra, ostegunera, aurreratuko direla; izan ere, Grand Départ Pays Basque 2023aren aurreko egunetan nazioarteko intereseko jarduera eta ekitaldi garrantzitsuak egingo baitira, hala nola, taldeen aurkezpena, fan zonearen irekiera, etab. Gainera, ekainaren 28tik aurrera Zumalakarregiko helmugako gunea muntatzeko ere errepide itxierak egongo dira.

Kontingentzia-plana

Lasterketaren zirkuitua moztuta egongo den orduetan larrialdiren bat gertatuz gero, Ertzaintzak 166 puntu ezarri ditu, eta talde profesionalak premiaz eta segurtasun-baldintzetan sartu ahal izango dira puntu horietatik. Beharrezkoa izanez gero, larrialdietako eta suteak itzaltzeko zerbitzuak sarbide-puntu horietako batetik sartu ahal izango dira zirkuitura, lasterketaren noranzkoan bakarrik eta Ertzaintzaren berariazko baimena jaso ondoren. Inork ezin izango du lasterketaren zirkuitura sartu larrialdietarako sarbide gisa diseinatuta ez dagoen lekutik, ez kontrako noranzkoan, ezta Ertzaintzaren eskoltarik gabe ere, larrialdiaren arriskua eta maila ebaluatu ondoren.

Ertzaintzak prestatutako hiru etapetako ibilbiderako kontingentzia-plan horretaz gain, EAEko hiru hiriburuetako udaltzaingoek hiru plan propio eta espezifiko diseinatu dituzte, Bilboko, Vitoria-Gasteizko eta Donostiako ezaugarri zehatzekin.

2.190 mozketa-puntu

Probaren segurtasuna bermatzeko eta nazioarteko txirrindularitza probak zeharkatzen duen zirkuitu itxian oinezkorik, ibilgailurik, objekturik edo animaliarik sar ez dadin, Ertzaintzak 2.190 mozketa-puntu diseinatu ditu. Bidegurutzeak, biribilguneak, sarbide-erreiak, zerbitzu-bideak, errepideetara ematen duten landa-bideak, industrialdeetarako sarbideak eta abar dira. Horietan, segurtasun-ekipoak egongo dira, eta lasterketarako sarrera debekatuak kontrolatzen.

Hainbat segurtasun-maila ezarri dira, kontrolatu beharreko puntuaren arriskuaren eta konplexutasunaren arabera. Ertzaintzak eta udaltzaingoek kontrolatuko dituzte, baina, horrez gain, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak prestakuntza-ekintza praktiko bat antolatu du, Euskal Poliziaren azken promozioko 500 ikaslerekin, ikasle gisa behar bezala identifikatuta eta Ertzaintzako agenteekin batera. Azkenik, operatiboak 1.800 Tour Lagun ingururen laguntza izango du, batez ere herritarrei informazioa emateko.

Kokapen konplexuenak Euskal Poliziako agenteek bakarrik kontrolatuko dituzte. Izan ere, Ertzaintzak kritikotzat jo ditu poliziaren presentzia areagotuko duten beste 66 puntu, hainbat arrazoirengatik: zale ugari bilduko direlako, mendate gainak direlako, esprint bereziak, hornidura-guneak, etab. Puntu hauetan, kontrol zorrotza egingo da gaitutako eremuetatik kanpo aparkatu nahi duten ibilgailuen gainean, eta trafiko-mozketa zorrotzagoak egongo dira, baita 24 edo 48 ordukoak ere, hala nola Pikeko gaina, Oriokoa edo Jaizkibelgoa.

Mozketa-puntu hauetako bakoitza fitxa bati lotuta dago (adibidea atxikita). Fitxa horretan, kilometro-puntu zehatzaren xehetasun guztiak, argazkia, mozketa-ordutegia, argibideak, geolokalizazio zehatza duen QR kode bat eta abar jasotzen dira.

Zirkuituaren garbiketa

Lasterketaren aurreko egunetan, euskal erakundeek zirkuitua garbituko dute Ertzaintzak eta Euskadiko udaltzaingoek txirrindularien segurtasunerako arriskutzat jo dituzten objektu eta oztopo guztiak kenduz. Hau da, radarrak, seinaleak, zabor-edukiontziak, lorezainak, ibilgailuak eta abar. Hori dela eta, herritarrei aldez aurretik beren udaletxeetan informatzeko gomendatzen zaie, zirkuituan aparkatuta dauden ibilgailuak garabiek kendu ez ditzaten.

Hiri-altzariak erretiratu ezin badira, agenteek seinaleztatuko dituzte, tropelaren segurtasuna zaintzeko.

Datu bitxiak

  • Egunero, Ertzaintzako 1.700 agentek hartuko dute parte:
    • 21 Ertzain-Etxeetako herritarren babeserako agenteak
    • Zaintza eta Erreskate Unitatea (uretako, mendiko, eskaladako eta aireko taldeak).
    • Lehergailuak indargabetzeko Unitatea.
    • Txakur Unitatea.
    • Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Trafiko Lurralde Unitateak, 60 motorista barne.
    • Inteligentzia Bulego Nagusia.
    • Esku-hartzerako Unitatea.
    • Ikerketako Unitate Nagusia.
    • Brigada mugikor Unitatea.
    • Miñoiak.
    • Hiru lurraldeetako 3 Aginte- eta Kontrol-zentroak (Ardatz).
    • Idazkaritza Nagusia etab.
  • Gune nagusia eta logistikoa Barakaldoko BECen jarriko da.
  • 26 suhiltzaile-parke guardian (10 Bizkaian, 9 Gipuzkoan eta 7 Araban), 120 pertsona etapa bakoitzeko:
    • Lehenengo etapa: Bizkaiko Foru Aldundiko 70 kide eta Bilboko 54.
    • Bigarren etapa: Arabako Foru Aldundiko 35 kide, Gipuzkoako Foru Aldundiko 40, Donostiako 15 eta Vitoria-Gasteizko 18.
    • Hirugarren etapa: Bizkaiko Foru Aldundiko 70 kide, Gipuzkoako 40 eta Donostiako 15.
  • Segurtasun orokorra koordinatzeko 2 mahai: poliziarena bat, Ertzaintzaren Erandioko egoitza nagusian, eta larrialdietako bat, Trafikoa Kudeatzeko eta Larrialdiak Koordinatzeko Txurdinagako Zentroan, Bilbon.
  • Tailer mugikor bat 2 mekanikarirekin, etapetan polizia-ibilgailu guztiei euskarria emateko.
  • 1800 Tour Lagun baino gehiago informazio- eta laguntza-lanetan.
  • Euskal Poliziaren azken promozioko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako 500 ikasle.
  • Ertzaintzako motoristak Gendarmerie Nationale Française Frantziako Polizia Nazionaleko motoristekin batera ibiliko dira, 1992ko Gipuzkoako argazkia errepikatuz (behean).
  • Osakidetzako mediku bat lasterketan, Tourreko osasun-zerbitzuko arduradunarekin batera.
  • Osakidetzako osasun-postu aurreratu bat, osasun-larrialdietako teknikari 1, 2 erizain, oinarrizko bizi-euskarria duen anbulantzia 1 etazenbait kasuetan, bizi-euskarri aurreratua duen anbulantzia 1 erizainarekin.
  • Oinarrizko bizi-euskarria duten 7 anbulantzia.
  • Bizi-euskarri aurreratuko 2 anbulantzia erizainarekin
  • Bizi-euskarri aurreratu medikalizatua duen anbulantzia 1.
  • Txurdinagako zentro koordinatzailean, krisi-mahai bat. Bertan, Osakidetzako erizain batek eta kudeaketa-taldeko arduradun batek parte hartuko dute (LGSSen eta dispositiboen arduraduna).
  • 120 banderatxo gorri, berde eta hori trafikoko agenteentzat.
  • Ekipoek eta antolaketak Euskadiko 27 hoteletan hartuko dute ostatu, horietako 11 Bilbon.
  • 5 udalerritatik 2023ko Tourra 2 egun/etapa desberdinetan igarotzen da: Errenteria, Hondarribia, Irun, Pasaia eta Oiartzun.
  • Tourra Euskadiko 108 udalerritatik igarotzen da:
    • Lehenengo etapa, 38 udalerri: Arratzu, Asua, Bakio, Barrika, Berango, Bermeo, Bilbao, Busturia, Derio, Erandio, Ereño, Forua, Galdakao, Gatika, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Getxo, Gorliz, Ibarrangelu, Kortezubi, Larrabetzu, Laukiz, Leioa, Lemoiz, Lezama, Loiu, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz, Plentzia, Sondika, Sopela, Sukarrieta, Urduliz eta Zamudio.
    • Bigarren etapa, 47 udalerri: Abaltzisketa, Aduna, Alegia, Alegría-Dulantzi, Alkiza, Altzo, Amezketa, Andoain, Anoeta, Aramaio, Arkaute (Vitoria-Gasteizko kontzejua), Arrasate, Arratzua-Ubarrundia, Asteasu, Astigarraga, Beasain, Bergara, Billabona, Dallo (Barrundiako kontzejua), Donostia, Elburgo, Errenteria, Gabiria, Hernani, Hondarribia, Idiazabal, Ilarratza (Vitoria-Gasteizko kontzejua), Irun, Iruraiz-Gauna, Leaburu-Txarama, Legazpi, Legutio, Lezo, Marieta (Barrundiako kontzejua), Maturana (Barrundiako kontzejua), Mutiloa, Oiartzun, Olaberria, Oñati, Ordizia, Ozaeta, Pasaia, Segura, Tolosa, Urnieta, Zaldibia, Zerain eta Zizurkil.
    • Hirugarren etapa, 28 udalerri: Abadiño, Aia, Amorebieta-Etxano, Amoroto, Berriatua, Berriz, Deba, Durango, Errenteria, Getaria, Hondarribia, Irun, Isparter, Iurreta, Lekeitio, Mallabia, Markina-Xemein, Mendexa, Mutriku, Oiartzun, Ondarroa, Orio, Pasaia, Zarautz, Zestoa, Ziortza-Bolibar eta Zumaia.

Donostia, 1992