UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak 5.750.000 euroko laguntzak onartu ditu ikerketarako

0

Euskal Herriko Unibertsitateak gaur Bizkaia Aretoan egin duen Gobernu Kontseiluan ikerketarako laguntzak emateko hainbat deialdi onartu ditu, eta guztira 5.750.000 euro emango dira.

Zehatzago esanda, ikertaldeei laguntzak emateko lehenengo deialdian 300.000 euro bideratuko dira ikertalde berrien sorrera bultzatzeko –kideak gazteak izaten direnez ez dira heltzen bikaintasun mailara– eta, era berean, sustatzeko talde horien lehiakortasuna eta elkarlanean jardun dezatela Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragile eta enpresekin.

Bigarren deialdiaren helburua da bultzatzea doktoreen prestakuntza, eta horretarako prestakuntza bidean dauden ikertzaileak kontratatuko dira, batez ere unibertsitatearentzat estrategiakoak diren arloetan. Horrez gain, sustatuko du nazioartekotzea eta euskarazko ekoizpen zientifikoa, eta ikerketa harremanak sendotuko ditu Euroeskualdeko Nazioarteko Bikaintasun Campusaren barruan, Bordeleko Unibertsitatearekin eta Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitatearekin batera eratuan. Deialdiaren barruan lau modalitate daude prestakuntza bidean dauden doktorego aurreko ikertzaileak kontratatzeko: lehenengoa, orokorra; bigarrena, tesiak euskaraz egitekoa; hirugarrena, tesiak Bordeleko Unibertsitatearekin tutorekidetzan egitekoa; eta  laugarrena, azkenean, tesiak Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitatearekin tutorekidetzan egitekoa. Guztira 5.450.000 euro emango dira, 60 laguntzatan banatuta.

Kontseilua egin ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea den Eva Ferreirak laguntza horien balioa azpimarratu du. “Horien bidez” nabarmendu du, “oso alderdi desberdinetako ikerketa bultzatzen dugu: lehenik, gazte akademikoak suspertzea, beren ikerketa-ibilbidearen hasieran; bigarrenik, euskarazko ikerketa bultzatzea; eta, hirugarrenik, nazioartekotzea eta beste unibertsitate batzuekiko lankidetza sendotzea. Ekintza hau, beraz, guztiz bat dator gure Plan Estrategikoan ezarri ditugun helburuekin”.

2022. urteko kontuak onartuta 

Gobernu Kontseiluaren bilera berean UPV/EHUren 2022. urteko kontuak onartu dira.

Gastuen aurrekontuan, betebehar onartuak 479,2 milioi euro izan ziren (2021ean 454,4 M€). Sarreren aurrekontuari dagokionez, betebehar onartuak 508,3 M€ izan ziren (489,8 M€ 2021ean). Azkenik, diruzaintzako gerakina 80.000 eurokoa zen 2022ko abenduaren 31n (2021ean, berriz, 12.000 eurokoa).

Errektoreak azpimarratu du 2022ko diru sarrerak nabarmen igo direla aurreko ekitaldiarekin alderatuta: “Unibertsitateak zenbaki positiboekin itxi du berriro ekitaldia, eta hori egitea lortu du energia kostuak nabarmen igo diren testuinguru batean. Aurreztea posible izan da ikastegien, sailen eta zerbitzuen ahaleginari esker, arduraz jokatu baitute gastua gauzatzean, bai eta anergia aurrezteko neurrien aurrean unibertsitateko kideek erakutsi duten jarrera ulerkorrari esker. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet unibertsitateko kide guztiei erakundearekiko konpromisoagatik eta emaitza hori lortu ahal izateko egin duten lanagatik”.