Arku Atlantikoko 17 hirik ozeanoen babeserako konpromisoa sinatu dute

0

Atlantic Cities sarea osatzen duten 17 hiri eta metropoli-eremuetako alkateek Biarritzeko Gutuna izeneko dokumentua sinatu dute. Bertan, planetaren biodibertsitatea eta airearen kalitatea zaintzeko orduan ozeanoek duten zeregin garrantzitsua azpimarratu dute. Kutsadurak eta plastikozko hondakinek arriskuan jartzen dute ozeanoen fauna eta flora, izan ere, “1970 eta 2010 urteen artean uraren tenperatura 0,11 gradu zentigradu igo da hamarkada bakoitzean, eta XX. mendean zehar, uraren maila 17 zentimetro igo da munduan, hau da, 1,7 mm urtean, gutxi gorabehera”.

Hiriek berotegi-efektuko gas isurketen % 60 baino gehiago ekoizten dute, eta munduko energiaren % 78 kontsumitzen dute. Horregatik, gutuna sinatu duten hiriek “garapen jasangarriko ekintzekin jarraitzeko eta haiek hedatzeko eta azkartzeko” konpromisoa berretsi dute. Hala, ozeanoa babesten laguntzeko, hondakinen kudeaketa indartzeko, CO2 isuriak mugatzeko, hiriko mugikortasun-eredua eraldatzeko eta etxebizitzak berritzeko neurriak hartuko dituzte, besteak beste.

Gainera, ozeanoen babesa lehentasun politikotzat hartuko dute, eta itsasoari buruzko ezagutza eta hezkuntza erraztuko duten ekintzak adostuko eta sustatuko dituzte. Azkenik, Europako Batzordeak ezarritako Ozeanoaren Misioa ekimenaren bidez, ozeanoen babesarekin lotutako Europako eta nazioarteko eztabaidetan parte aktibo izateko eskaera egin dute, hirien ezagutza espezializatua eta esperientzia eztabaida publikoan integratzeko.

 

Batzar Nagusia</h2>

Atlantikoko hirien sarearen Batzar Nagusian, Eneko Goia Donostiako alkate eta sarearen egungo presidenteak nabarmendu du klima-aldaketaren ondorioak arintzen eta haiei aurre egiten lagunduko duten ekintza eraginkorrak gauzatzeko eta bultzatzeko beharra, nagusiki, itsasertzeko aldaketei aurre egiteko. Kostaldeko hiri gisa, Atlantikoko hirien sareko kideek “gidari izateko eta bide berriak irekitzeko duten ardura” nabarmendu du, bai itsasoen kontserbazioan eta itsasoko kutsadura murrizteko neurriak hartzeari dagokionean, baita itsasoarekin lotutako balizko fenomeno kaltegarrien aurrean erakutsi beharreko erresilientziari lotuta ere.

Urteko Batzar Nagusia ez ezik, Atlantic Cities sareak mintegia ere antolatu du egunotan Biarritzen, eta sareko kide diren sei hirik klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko abiatu dituzten ekintzak partekatu dituzte bertan.