Euskal Ekintzailetza Ekosistemaren egoerari buruzko lehenengo txostena

0

Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk Euskal Ekintzailetza Ekosistemaren egoerari buruzko lehenengo txostena aurkeztu dute. EEP 2024 Ekintzailetzaren Erakunde arteko Planaren bidez Eusko Jaurlaritzak ekintzailetza eta barne-ekintzailetza babesteko hartutako konpromisoaren barruan kokatzen da proiektua.

Txostenak Euskadiko startup-en ekosistemari buruzko orain arteko deskribapen xehatuena eskaintzen du, eta elkarlanean egindako proiektu bat ere bada, eta Euskadiko BIC zentroen sarearen babesa izan du.

Txostena idazteko, Up! Euskadi plataforma irekian dagoen informazioa erabili da. Plataforma hori ekosistemako startup-ak eta eragileak bistaratzeko eta lurraldea ekintzailetza aurreratuaren hub-a bihurtzeko diseinatu zen. Dealroom-ekin garatu da plataforma, eta ikaskuntza automatikoko eta datuen ingeniaritzako teknologia berritzaile batean oinarrituta dago.

Basque Country Report 2023 vf_EU

Txostenaren azken eguneratzea 2023ko ekainean

Euskal Ekintzailetza Ekosistema

Txostenaren arabera, Euskal Ekintzailetza Ekosistema oinarri teknologikoa eta/edo berritzailea duten 1.000 enpresa baino gehiagok osatzen dute. Enpresak lurralde historikoka duten banaketa kontuan hartuta, Arabak oinarri teknologikoko eta/edo berritzaileko enpresa berrien % 16 ditu; Bizkaiak, % 52, eta Gipuzkoak, % 32.

Txostenak erakusten duenez, enpresa berrien % 75ek B2B (Business-to-business) ikuspegia dute, Euskadiko Espezializazio Adimentsuaren Estrategiarekin lerrokatuz, euskal startup-en % 70ek RIS3 lehentasun estrategikoetara bideratutako konponbideak baitituzte.

Enpleguari dagokionez, azken 8 urteetan sortutako oinarri teknologiko eta/edo berritzaileko enpresek 8.000 langiletik gora zituzten 2021ean (batez beste, 8 langile enpresa bakoitzeko), eta 750 milioi eurotik gorako fakturazio-bolumena. Nabarmentzekoa da, halaber, sortutako enpresen biziraupen-tasa; alegia, % 80tik gorakoa.

Inbertsioari dagokionez, nabarmen hazi da lurraldeko funts aktiboen kopurua, 130 inbertitzaile publiko zein pribatu baino gehiago baitaude (arrisku-kapitala, funts korporatiboak, business angel-ak, funts publikoak, …). Txostenaren arabera, Euskal Ekintzailetza Ekosistemaren balio osoa 1.500 milioi eurokoa da.

Halaber, hazkunde jarraitua nabarmentzen da inbertsio-erronden kopuruan eta azken urteetan erronda horiek izan duten zenbateko osoan, zeina lau bider handitu baita 2016tik. Azken 2 urteetan, 198 milioi euro baino gehiago mobilizatu dira 300 inbertsio-errondatan; % 70 eskualdeko/estatuko inbertsio-funtsetatik dator, eta % 30 Europako inbertsio-funtsetatik.

Txostenak informazio bereizia ere dakar, eta lurralde historiko bakoitzaren ahalmena eta erakargarritasuna bistaratzen ditu bere protagonisten bidez. Txosteneko informazioaren artean, nabarmentzekoa da startup-en kopurua (Araba: 150; Bizkaia: 505; Gipuzkoa: 320), startup guztien 2022ko gutxi gorabeherako balorazioa (Araba: 104 milioi euro; Bizkaia: 1.000 milioi euro; Gipuzkoa: 313 milioi euro) eta azken 5 urteetan hiru lurraldeetako inbertsio-errondetan izandako hazkunde nabarmena (Araba: 96; Bizkaia: 323; Gipuzkoa: 280).

Irakurri albiste osoa hemen