Gazte-txartelak formatu digitalerako jauzia egin du NIK Patrika aplikazio mugikorraren bidez

0
  • Aplikazio digitalari esker, orain arte plastikozko txartelean aurkezten den egiaztagiri hori telefono mugikorrean gorde ahal izango dute herritarrek
  • Probaldia amaituta, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak NIK zorro digitalari gehituko zaizkion beste txartel batzuk digitalizatzeari ekingo dio

Euskal Autonomia Erkidegoan Gazte-txartela duten pertsonek ostegun honetatik aurrera txartela telefono mugikorrean gorde eta formatu digitalean aurkeztu ahal izango dute hala eskatzen duen administrazioaren edo erakundearen aurrean. Ez da beharrezkoa izango orain arte erabili den plastikozko txartela aurkeztea. Eusko Jaurlaritzak sortutako NIK Patrika aplikazio mugikorrari esker, herritarrek euskarri digitalean gorde ahal izango dute txartel hori. Areago, txartel hori edota beste batzuk telefono mugikorrean eramateko eta mugikorretik bertatik aurkezteko txartel-zorro digital gisa baliatu daiteke aplikazioa.

NIK Patrika aplikazioa deskargatu eta txartela telefono mugikorrean sartu ondoren, dokumentua erakusteko keinu bakar batekin, erabiltzaileak bere burua identifikatu ahal izango du eta Gazte-txartelak eskaintzen dituen onurez baliatu ahal izango da. Gazte-txartela programaren organo arduraduna Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritza da, eta erakunde pribatuekin elkarlanean aritzen da gazteei Gazte-txartelaren abantailak eta deskontuak eskaintzeko.

NIK aplikazio mugikorra Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak garatu du, izan ere Eusko Jaurlaritzaren programan jasotako eraldaketa digitalaren arloko proiektu estrategikoetako bat da.

Aplikazio honen probaldia amaituta, Sailak NIK Patrika aplikazioan sartuko diren beste txartel batzuk digitalizatzeko lanean dihardu, besteak beste, Osasun Identifikazioko Txartel Digitala  Euskadi osora hedatzeko, irakasle funtzionarioen txartela eta euskal liburutegien sare publikokoa. Donostia, Santurtzi eta Abadiñoko udal kiroldegietara sartzeko identifikazio txartelak ere NIKen gorde daitezke.

Txartel digitala bitarteko segurua da, gailua nortasun sendoarekin lotuta baitago, eta, beraz, informazio faltsutua edo legez kanpokoa erabili ahal izateko mehatxua ekiditzen da. Telefono mugikorra lapurtuz gero, ebasleak ezin izango luke zorro digitalera sartu; izan ere, aplikazioak kode edo hatz-marka digital baten bidez edo gailu mugikorraren beraren aurpegi azterketa biometrikoaren bidez kontrolatzen du sarbide fisikoa.

Plastikozkoak ez bezala, txartel digitalak iraungitze kontrol automatikoa ahalbidetzen du; aitzitik plastikokoen kasuan berritzea berariaz eskatu behar da. Digitalak aukera ematen du zerbitzu posibleen hartzaileak hobeto kudeatzeko. Gainera, txartel fisikoek arazoak dituzte denboraren joan-etorriak eragindako narriadura naturalaren ondorioz, eta hori akreditazio digitalarekin saihestu egiten da.