Jokin Bildarratz 2023ko Araba Euskaraz jaiaren antolatzaileekin elkartu da

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak harrera egin die gaur eguerdiz, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, 2023ko Araba Euskaraz jaiaren antolatzaileei. Sailburuarekin bileran izan dira Unai Mendizabal, Araba Euskaraz Elkarteko presidentea; Mari Paz Sáez de Muniain, Aguraingo Lautada ikastolako presidentea; Salomé Martínez de Ilarduia, ikastola horretako zuzendaria; eta Joseba Aginagalde, Ikastolen jaietako arduraduna.

Datorren igande honetan, ekainaren 11n, ospatuko da 2023ko Araba Euskaraz Olarizuko zelaietan (Gasteizen) “Ekin” leloarekin. Arabako zortzi ikastolak (Ikastolen Elkartekoak) ari dira elkarlanean, igandeko jaia antolatzeko.

43. edizio honetan, iaz bezala eta 1981eko lehen edizioan egin zen legez, Olarizuko berdegunean hedatuko da festa berriro, hiru gunetan banatuta antolatu den egitarau zabalarekin. Egitarau horren ezaugarri nagusiak azaldu dizkiote arduradunek Bildarratz sailburuari, bai eta urtean zehar antolatu dituzten gainerako ekitaldi, lehiaketa eta saioen berri eman ere.