Josu Bujanda: «Herritarrek informazioa jaso, mugikortasuna planifikatu eta garraio publikoa erabili behar dute»

0
  • Josu Bujanda Ertzaintzako buruari elkarrizketa egin diote gaur goizean Radio Euskadiko Boulevard saioan, Frantziako Tourraren segurtasun-dispositiboari buruz, Grand Départ Pays Basque 2023rako Euskadin inoiz izan ez den segurtasun-operatiboa. Bujandak herritarrei eskatu die uztailaren 1,2an eta 3an mugikortasuna planifikatzeko, afekzio-puntuen berri behar bezala izateko, eta joan-etorrietan garraio publikoa erabiltzeko

Josu Bujandak Frantziako Tourrak Euskadin duen presentzia nabarmendu du, euskal herritarrentzako eta Ertzaintzarentzako erronka eta munduko erakusleiho gisa. Uztailaren 1,2rako eta 3rako mugikortasun-murrizketei buruzko informazio guztia Tourreko antolakuntzaren webgune ofizialean aurki daiteke (www.letour.euskadi.eus).

Ildo honetan, herritarrek dageneko kontsulta ditzakete Grand Départ Pays Basque 2023ko 3 etapetarako Frantziako Tourreko errutometro ofizialak (1, 2 eta 3). Dokumentu horietan publizitate karabana eta txirrindularitza lasterketa igarotzeko aurreikusitako orduak agertzen dira. Euskal agintariek behin eta berriz adierazi dutenez murrizketak  “oso garrantzitsuak izango dira eta guztioi eragingo digute, egun horietako uneren batean”. Errutometroak Grand Départ Pays Basqueren webgune ofizialean kontsulta daitezke, baita herritarrei Euskadi osoko errepideetan gertatzen diren gorabeheren berri ematen duen “011 Trafikoa” zerbitzuko, telefono, webgune eta sare sozialetan.

Euskal erakundeek garrantzi berezia eman diote murrizketek aireportuetarako sarbideei ere eragingo diotenari, batez ere Loiukoari eta Hondarribikoari, eta garraio publiko guztiaren ibilbide eta geralekuei, batez ere errepidekoenei. Era berean, eragina izango dute lantokietako sarrerek eta irteerek, osasun-hitzorduek, ospakizunek eta egun horietarako prestatutako gainerako aisialdiko-jarduerek.

Gainera, herritarrek kontsultak azkar eta modu eraginkorrean egin ditzaten, mugikortasun-murrizketa guztiak Waze aplikazioan kargatuko dira laster. Aplikazio honek, zirkulazioaren mozketak eta aldaketak adierazteaz gain, ibilbide alternatiboak eskainiko ditu.

4 ordu baino gehiagoko mozketak guztira

Kalkuluen arabera, Ertzaintzak eta Euskadiko udaltzaingoek lasterketaren zirkuituko kaleak eta errepideak moztuko dituzte, gutxienez, ibilbidearen puntu bakoitzean proba egitea aurreikusita dagoen ordua baino 4 ordu lehenago. Izan ere, txirrindulariak irten baino 2 ordu lehenago, ibilbide beretik, animazioko karabana bat igaroko da. Karabana honek 30 minutuko iraupena izango du, eta, era berean, Ertzaintzak eta Gendarmerie Nationale Française Frantziako Polizia Nazionalak eskoltatuko dute. Ordu guzti horietan errepidea erabat itxita egongo da ibilgailuentzat.

Gainera, etapa bakoitzetik irteerak eta helmugak izango diren 4 udalerrien kasuan, mozketek askoz iraupen luzeagoa izango dute, eta, beraz, Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz eta Amorebieta-Etxanon bizi edo bertara hurbiltzen direnek arreta berezia eskaini beharko diote garraio operadoreek emango duten zerbitzu publiko inguruko informazioari.

Kontingentzia-plana

Lasterketaren zirkuitua moztuta egongo den orduetan larrialdiren bat gertatuz gero, Ertzaintzak 166 puntu ezarri ditu, eta talde profesionalak premiaz eta segurtasun-baldintzetan sartu ahal izango dira puntu horietatik. Beharrezkoa izanez gero, larrialdietako eta suteak itzaltzeko zerbitzuak sarbide-puntu horietako batetik sartu ahal izango dira zirkuitura, lasterketaren noranzkoan bakarrik eta Ertzaintzaren berariazko baimena jaso ondoren. Inork ezin izango du lasterketaren zirkuitura sartu larrialdietarako sarbide gisa diseinatuta ez dagoen lekutik, ez kontrako noranzkoan, ezta Ertzaintzaren eskoltarik gabe ere, larrialdiaren arriskua eta maila ebaluatu ondoren.

Ertzaintzak prestatutako hiru etapetako ibilbiderako kontingentzia-plan horretaz gain, EAEko hiru hiriburuetako udaltzaingoek hiru plan propio eta espezifiko diseinatu dituzte, Bilboko, Vitoria-Gasteizko eta Donostiako ezaugarri zehatzekin.