Erizaintzako ikerketa sustatzeko Osakidetzaren proiektua, Estatuan erreferente

0
  • Nursing Research Challenge ekimena Bilbo-Basurtuko ESIn sortu da.
  • Atxikitako Osakidetzako 10 erakundeei estatu mailako beste 15 gehitu behar zaizkie.
  • Ezarri zenetik proiektuak izan dituen aurrerapenei buruz berba egiteko, Osakidetzak jardunaldi tematiko bat antolatu du gaur.

Nursing Research Challenge (NRC) proiektuaren helburua erizaintzako ikerketa eta berrikuntza osasun-erakundeen barruan sustatzea da. Ekimen horrek estatu-eremura egin du jauzi, eta, ANDEren (Asociación Nacional de Directivos de Enfermería) eskutik, beste 15 osasun-erakundek bat egin dute Osakidetzaren proiektu horrekin.

Verónica Tíscar Bilbo-Basurtuko ESIko (IIS Biocruces Bizkaia) Ikerketa eta Berrikuntzako koordinatzaileak sortu zuen eta Osakidetzako Erizaintzako Zuzendariordetzak babestu. Nursing Research Challenge 2022ko hasieran abiatu zen Osakidetzan. Sortzaileak dioenez, erizaintzako gerentziei eta zuzendaritzei zuzendutako proiektua da, eta konpromisoa hartzen dute sei ardatz estrategikoetariko bakoitzean gutxienez ekintza bi egiteko: talentua antzematea, prestakuntza,  ezagutzaren hedapena, erizaintzako ikerketa sustatzea diziplina anitzeko eta zentro anitzeko taldeen barruan, erizaintzako ikerketa sustatzeko baliabideak eta pazientearen ikuspegia txertatzea.

Proiektuak, gainera, zenbait erakunderen laguntza du, hala zelan BioBizkaia, BioGipuzkoa eta BioAraba Osasun ikerketako institutuena, Osakidetzako hiru osasun-ikerketako institutuena, UPV/EHUrena, Bizkaiko Erizaintza Zientzien Akademiarena eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Erizainen Elkargoena.

Gaur egun, Euskadin, 10 osasun-erakunde partaide dira proiektu honetan, guztiak Osakidetzakoak:

  1. Barakaldo-Sestaoko ESIa
  2. Bilbo-Basurtuko ESIa
  3. Debabarreneko ESIa
  4. Donostialdeko ESIa
  5. Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIa
  6. Goierri-Urola Garaiko ESIa
  7. Uribeko ESIa
  8. Gorlizko Ospitalea
  9. Santa Marinako Ospitalea
  10. Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarea

Osakidetzan ezartzeko fase horren ostean, iaz, ANDEren bidez, erabilera-lizentzia bat sinatu zen, estatuan hedatzeko. Horretarako, 2023aren hasieran, elkarte horrek deialdia egin zuen hautagaitzak aurkezteko. Jasotako erantzunak aurreikuspen guztiak gainditu ditu. Guztira, 52 osasun-erakundek egin dute parte hartzeko interesaren adierazpena, eta, azkenean, 15 izan dira aukeratuak, aurkeztutako proiektuen kalitatea ebaluatu duen prozesu lehiakor baten ostean. Horrela, NRC proiektuan parte hartzen duten erakundeen familia zabaldu da, ANDEko presidente Jesús Sanzek nabarmendu duenez.

Estatuko osasun-erakunde hauek atxiki dira:

  1. Hospital Infantil Universitario Niño Jesús (Madril)
  2. Hospital Clínico Universitario de Valladolid (Valladolid)
  3. Hospital Universitario Príncipe de Asturias (Madril)
  4. Complejo Hospitalario de Cáceres eta Centro de Alta Resolución de Trujillo (Cáceres).
  5. Servicio Canario de Salud
  6. Hospital Universitario 12 de Octubre (Madril)
  7. Parc Sanitari Sant Joan de Déu (Bartzelona)
  8. Área de Salud III Cartagena. Servicio Murciano de Salud (Murtzia)
  9. Clínica Universitaria de Navarra (Nafarroa)
  10. Gerencia de Atención Integrada de Albacete (Albacete)
  11. Hospital de la Santa Creu i Sant Pau (Bartzelona)
  12. Hospital Clínico San Carlos (Madril)
  13. Hospital Universitario Marqués de Valdecilla (Santander)
  14. Área Sanitaria V (Asturias)
  15. Hospital Universitario Cruz Roja (Madril)

Hemendik aurrera, erakunde horiek urtero ebaluatuko dira datozen lau urteetan, zigilu horren pean ziurtatu ahal izateko. Inmaculada Moro Osakidetzako Erizaintzako zuzendariordeak adierazi duenez, proiektu horri esker, alde batetik, erizaintzaren esparruan berrikuntza eta ikerketa sustatu ahal izango dira, azken urteotan profil hori nabarmen aldatu eta eboluzionatu denez gero, eta, bestetik, kudeaketaren profesionalizazioaren beharra indartu eta babestuko da.

Osakidetzako Erizaintzako Zuzendariordetzak antolatutako NRCri buruzko jardunaldian aurkeztu da lehen urtean egindako proiektua eta bidea zelan sortu eta garatu den. Ikerketaren eta berrikuntzaren garrantzia nabarmendu da, erakunde sanitarioen barruan aldaketa-palanka da-eta, gainerako stakeholder-ekin lankidetzan (ikerketa sanitarioko institutuak, unibertsitatea, etab.). Hain zuzen ere, saioan, Euskadiko osasun-ikerketako institutuek eta UPV/EHUk aurkeztu dute profesionalen esku zer baliabide jartzen dituzten zainketen ikerketa egiteko. Eta, azkenik, proiektu honi atxikita dagoen Osakidetzako erakunde sanitario integratu bakoitzak besteekin partekatu ditu lehen urtean egindako aurrerapenak eta lortutako mugarri eta emaitza nagusiak.

Nabarmendu behar da erizaintzako ikerketak eta berrikuntzak, gainerako diziplinekin lankidetzan, balio handia ematen diela pazienteen zainketek eta bizi-kalitateak aurrera egin dezaten, zeharkako heltze integral eta holistiko batetik.