Europako Aste Berdearen esparruan, Europako Batzordeak EAEko Lanbide Heziketa jardunbide egokitzat hautatu du energia berdeazko prestakuntzaren esparruan

0

Europako Batzordeak gonbidatuta Bruselan antolatutako Europako Aste Berdearen europar foroan parte hartzera, Euskadiko Lanbide Heziketak, Santurtziko San Jorge Lanbide Heziketako Zentro Integratuak ordezkatuta, energia berdearen arloan dituen prestakuntza- eta espezializazio-zikloak aurkeztu zituen, zehazki hidrogenoarekin zerikusia dutenak. Era berean, San Jorge LHIIko ordezkariek topaketak izan zituzten euskal zentroaren prestakuntza-moduluetan interesa zuten Europako hainbat erakunderekin, eta lankidetza bultzatu zuten Europa mailako proiektu potentzialetara begira.

Europako Batzordearen ekimenez, Eskumenen Europako Urtearen eta Europako Aste Berdearen esparruan, EBk hainbat foro antolatu ditu Bruselan, iraunkortasunaren eta energia garbien arloko eskumenak azpimarratuz, eta, zehazki, Itun Berdearen Europako Industria Planean planteatutako erronkei erantzuteko behar diren espezializazioak. 500 pertsona inguruk parte hartu zuten foro eta eztabaidetan, eta San Jorge Zentroaren lana gertutik ezagutzeko aukera izan zuten. Europako Batzordeak aukeratu zuelarik bikaintasuneko zentro europarrak ordezkatzeko.

Era berean, ekimenak egin dira Bruselatik kanpo, eta nabarmentzekoa da «Trantsizio energetikoa, eskumenak eta lan-aukerak Euskadin» izeneko mintegia, Bilbon egindakoa, Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Sailburuordetzak, 4Gunek eta Siemens Gamesak batera antolatua.

Duela urte batzuk, Europar Batasunak Euskadiko LH eta TKNIKA aukeratu zituen hezkuntza-bikaintasunaren banderadun gisa, Europako Bikaintasuneko Zentroen (CoVEs) sareko kide izanik, eta Europako erakundeekin eta bikaintasuneko LHko Europako zentroekin batera lan egiteagatik, proiektu, lankidetza eta ekimen bateratuak bultzatzeko, berrikuntzan, lan-merkatuan eta hezkuntza-bikaintasunean ekarpenak egiten eta laguntzen jarraitzeko. Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Sailburuordetzak lankidetza estua du Europako erakundeekin eta nazioartekoekin, eta Europako Batzordeak gertutik jarraitzen ditu Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimen eta proposamen guztiak.

EIES – Europako Informazioaren Euskal Sarea