Euskadik etxebizitza-politika publikoen euskal eredua aurkeztu du Bartzelonan, besteak beste, erreferentzia den Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren ekimenaren bidez

0
  • International Social Housing Festival ekimenak etxebizitza publikoaren arloko Europako potentziak biltzen ditu, eta, besteak beste, Euskadin lankidetza publiko-pribatuari eta alokatzeko BOEren eraikuntzari buruz abian jarri diren ekimenei buruzko hainbat hitzaldi hartuko ditu, bai eta Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren eta Europako bere homologoen arteko bilera ere
  • Housing The Basque Country erakusketak politika publikoen lau hamarkadatako ibilbidea erakutsiko du Kataluniako hiriburuan, Eusko Jaurlaritzak eraikitako eraikinen bitartez

 

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak International Social Housing Festival ekimenean parte hartuko du aste honetan. Etxebizitza publikoaren arloko Europako potentziak biltzen dituen topaketa aurten, bihar arte, Bartzelonan egingo da. Iñaki Arriola sailburuak bertan nabarmendu duenez, “Euskadiko etxebizitza-ereduak politika koherente eta integral baten bidez, kolpeko esku-hartzeetatik aldenduta dagoen eta herritarrek etxebizitza eskuratzea bermatzeko jarduketa ezberdinak konbinatzen dituen politika baten bidez lortu du orain duen prestigioa”. Euskadi erreferentzia izan da nazioarteko topaketan, bertako etxebizitza-politika publikoen hainbat aurkezpenekin eta aste osoan zehar topaketaren gune nagusian, Bartzelonako Biltzar Jauregian, ikusi ahal izango den Housing the Basque Country erakusketarekin.

Arriola sailburuak gogorarazi du Euskadi izan zela etxebizitza eskubide subjektiboa aitortu zuen lehenengo autonomia-erkidegoa, 2022-2036 aldirako Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialak balioetsi duena: “Espainian egin den halako akordio bakarra da, Europan dagoen gutxitako bat, eta 80 eragile publikok eta pribatuk osatutako talde oso heterogeneoa helburu bateratu baten aldeko, gure autonomia-erkidegoan etxebizitzarako eskubidea benetako eskubide gisa eratzeko bidea bizkortzearen aldeko, herrialde itun zabal batean elkartu duen gobernantzaren eredu da”, azpimarratu du.

Akordio honek lau helburu kuantitatibo eta helburu horiek lortzeko lehentasunezko sei jarduera-lerro biltzen ditu, eta, ardatzak dira etxebizitza nagusien % 5 alokatzeko eskaintza publiko eskuragarrian izatea (guztira 50.000 inguru), BOE parke iraunkorra etxebizitza nagusien % 12 izatea, urtean eraikinen % 3 birgaitzea lortzea –2036ra arte 350.000 etxe– eta etxebizitza librea eraikitzen jarraitzea merkatu hori aukeratzeko behar adina baliabide dituztenentzat.

Azken asteotan egiaztatu da 2023-2036 aldirako Euskadiko Etxebizitzaren Aldeko Itun Sozialak hainbat administraziotan sortu duen interesa. Horren erakusgarri da Euskadi gonbidatu gisa izatea ISHFn, baina baita Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek joan den apirilean Txilera, bertako Etxebizitza eta Hirigintza Ministerioari Ituna aurkeztera, egindako bidaia ere.

ISFHn Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordeak Ituna egiteko jarraitu den prozesua azaldu du eta Pablo García Astrain Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitekturaren zuzendariak lurzorua etxebizitza babestuak egitera bideratzeko euskal politika “aitzindariak” zehaztu ditu, izan ere, Euskadik 1994an onartu zen Maturana Legetik, indarrean du nahitaez lurzorua BOEak eraikitzeko araudia. Gaur egun, horrek suposatzen du hiri-lurzoruaren % 40 eta lurzoru urbanizagarriaren % 75 BOEak eraikitzera bideratu behar direla. Gogorarazi duten bezala, lurzorua erreserbatzeko neurri hori izan da Estatuko gaur egungo Etxebizitzari buruzko Legea inspiratu duena.

Gainera, gaur goizean zehar Etxebizitzaren Euskal Behatokia, Mario Yoldi Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria buru dela, Europako bere homologoekin elkartu da lan-saio batean, aurre egin beharko zaien erronka sozial eta ekonomiko berrien eraginaz hitz egiteko. Helburu horiekin lerrokaturik, Behatokitik bertatik hitzaldi batean azaldu dute autonomia-erkidegoko etxebizitza-merkatuaren egungo testuingurua, eta egungo merkatuaren errealitateari aurre egiteko tresnak balioetsi dituzte, besteak beste, Gaztelagun programa, 18 urtetik 35 urtera bitarteko gazteei etxebizitzaren alokairua ordaintzeko hilean gehienez ere 300 euroko laguntza ematekoa.

40 urtetako etxebizitza publikoak erakusketa batean

Arriola sailburuak nazioarteko topaketan ikusgai egongo den Housing the Basque Country erakusketa bisitatu du. Eusko Jaurlaritzak etxebizitza publikoen hogei bat proiektu eraman ditu erakusketa horretara. Housing the Basque Country erakusketa bisualean Euskadik etxebizitzaren eraikuntzaren arloan, 1981ean eskumena bere gain hartu zuenetik, egin duen bidea erakusten da. Erakusketa jada ikusgai egon da Euskadiko hiru hiriburuetan eta Madrilen, 2018an lehenbiziko aldiz Bilbon aurkeztu zenetik.