Ezagutzen al duzu genero ikuspegidun prebentzio-kudeaketarako jardunbide egokiren bat?

0

Laneko arriskuen prebentzioaren kudeaketa enpresaren kudeaketan txertatzeak enpresan lan egiten duten pertsonen segurtasuna eta osasuna hobetzea ahalbidetuko du. Gainera, prebentzio-kudeaketa genero-ikuspegitik egiten badugu, emakumeen eta gizonen lan-osasuna gehiago babestea lortuko dugu, desberdintasunak saihestuz.

Baina, zer esan nahi du berdintasuna gure prebentzio-kudeaketan sartzeak? Osalanek hainbat material ditu bere webgunean, hausnartzen eta neurriak hartzen lagun dezaketenak. Material horien artean, honako hau nabarmentzen da “Genero-ikuspegia laneko arriskuen prebentzioan integratzeko jarraibideak”. Laburpen gisa, dokumentu horretatik eta “12 urrats, zure enpresan genero-ikuspegia barneratzeko laneko osasunaren eta segurasunaren alorretan” bideoetatik ateratako zenbait alderdi aipatuko ditugu:

1. Zehaztu genero-ikuspegitik zure enpresaren prebentzio-politika: Kudeaketa-eremu guztietan hartu eta zabaldu ezazu enpresak emakumeen eta gizonen berdintasunarekiko duen konpromisoa; bereziki, lan-arriskuen prebentzio-politikan.

2. Sustatu eta bermatu kontsulta eta partaidetza emakumeek laneko segurtasuna eta osasuna kudeatzeko prozesu guztietan.

3. Antolatu eta sustatu generoari eta lan-osasunari buruzko prestakuntza enpresan prebentzio-taldeentzat eta plantillako pertsona guztientzat.

4. Banakatu sistematikoki datu guztiak sexuaren arabera (lan-baldintzak, arriskuekiko esposizioa eta osasun-kalteak), aztertu alderik dagoen eta zergatik sortzen diren.

5. Ziurtatu prebentzio-lantaldeek laneko osasuna genero-ikuspegitik lantzeko jakintza eta eskarmentua duten kideak dituztela

6. Kontuan izan enpresako genero-desberdintasuna arrisku-faktore bat dela, balizko desparekotasunak detektatu eta berdintasunerako neurriak (plan bat) proposatu.

7. Erreparatu emakumeen eta gizonen arteko diferentziei, arriskuak ebaluatzeko eta prebentzio-neurriak hartzeko orduan.

8. Kontuan izan arriskuak areagotu ditzaketen beste faktore sozial batzuk (zaintza-lanen gainkarga, gehiegizko esposizio kimikoa, lanetik kanpoko indarkeria matxista, rolak eta estereotipoak) eta har itzazu horiek mugatzeko neurriak.

9. Kontuan hartu emakumeen eta gizonen arteko diferentziak osasunaren zaintzan eta, kalteen jakinarazpenean eta ikerketan.

10. Zaindu ugaltze-osasuna, haurdunaldia eta edoskitzaroa.

11. Hartu sexu-jazarpena eta sexuagatiko jazarpena desagerrarazteko prebentzio- eta jarduera-neurriak.

12. Kontuan izan pertsona guztien aniztasuna, eta baita aniztasun horrek lan-osasunean duen eragina ere.

Prebentzioaren kudeaketa egokia egiten ari bazarete eta bertan genero-ikuspegia txertatzen baduzue, hautagaitza bat aurkez dezakezue Emakundek eta Euskalitek sustatutako berdintasuna kudeaketan bilatzailean sar dadin. Emakundek 2021-2026 Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiaren esparruan jaso du ekintza hori.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo arestian aipatutako erakundeek abian jarritako hautagaitzak biltzeko web-sistemara. Aurkezteko azken eguna uztailaren 17a da.