Bingen Zupiriak «Bilbao Metropoli 30-30-30» erakusketaren aurkezpenean parte hartu du

0

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Bilboko Arte Ederren Museoko Patronatuko presidente Bingen Zupiria “Bilbao Metropoli 30-30-30” erakusketaren aurkezpenaren prentsaurrekoan izan da. Bertan, Bilbok, eta Euskadik oro har, izan duen bilakaeraren lekukotzak jasotzearen garrantzia azpimarratu du sailburuak  “memoria gaur egungo sorkuntzarako eta bizitzarako langai izatean datza”.

Corinne Vionnet, Vanessa Winship eta María Azkaratek 2022an egindako erakusketa da, eta Bilbo hiriak eta bere metropoli-eremuak azken hiru hamarkadetan izandako aldaketak erakusten dituzte, ikuspuntu eta interes oso ezberdinetatik.

Sailburuarekin batera, parte hartu dute Ramón Esparza, erakusketaren komisarioa, Komunikazio Zientzietan doktorea, arte-kritikaria eta argazkilaritzan aditua; Eneko Arruebarrena, Metro Bilbaoren zuzendari kudeatzailea; Idoia Postigo, Bilbao Metropoli-30en zuzendari nagusia; eta Corinne Vionnet, Vanessa Winship eta María Azkarate argazkilariak.

Bilbao Metropoli 30ek eta Bilboko Arte Ederren Museoak, Metro Bilbaoren laguntzarekin, antolatu duten erakusketak Corinne Vionnetek, Vanessa Winshipek eta María Azkaratek 2022an egindako 78 argazkiz (23, 32 eta 23, hurrenez hurren) osatutako multzoa aurkezten du.

Nola sortu da erakusketa hau?

Duela 30 urte, Bilbao Metropoli elkarteak enkargua egin zuen itsasadarraren inguruko hirigunea eta bertoko hiritarrak irudikatzeko. Garai hartan Ramón Esparzaren komisariotzarekin nazioarteko sei argazkilari gonbidatu zituzten, denak gizonak. Gizonen begirada hori 86 argazkitan gauzatu zen eta “Ría de Hierro” liburu bate erreproduzitu ziren. 30 urte igaro ondoren, Bilbao Metropolik enkargu bera egin du, baina oraingo honetan emakume argazkilariekin. Ideia da azken hogeita hamar urteetan lurralde berean izandako aldaketak islatzea. Honez gain, hiri- eta giza paisaiei gehitu behar zaie orain “hirugarren paisaia”, hau da, industriak utzitako paisaia eta horrek duen potentzialtasuna.