Euskadiko lau ikastetxetako (Bizkaiko bi, Gipuzkoako bat eta Arabako beste bat) DBH – Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ehun bat ikaslek, beren irakasleekin batera, Eusko Jaurlaritzak Lakuan dituen instalazioak bisitatu dituzte gaur, Ekonomia eta Ogasun Sailak Hezkuntza Sailarekin eta foru-aldundiekin lankidetzan 2022-2023 ikasturte honetan bultzatutako Zerga Hezkuntzako moduluan izan duten partaidetzari amaiera emateko.
Horrela, Eusko Jaurlaritzak bere instalazio nagusietako jarduera presentzial honi ekin dio berriro hirugarren edizio honekin, lau urte geroago, pandemiak behartutako osasun-neurrien ondorioz bisita horien egutegia bertan behera geratu ondoren.
2017-2018 ikasturtean abian jarri zenetik, Zerga Hezkuntzako programan milatik gora euskal ikastetxek eta 42.000 bat ikaslek hartu dute parte baterako ekimen honetan. Hezkuntza-modulu honetan, prestakuntza etikoaren eta herritar-prestakuntzaren ikuspegitik lantzen dira zergei buruzko gaiak.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk eta Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratzek anfitrioi-lana egin dute bisita honetan, non Lakuako instalazioak ibili dituzten Ogasuneko sailburuorde Itziar Agirreren eskutik. Instalazio horietan 2.400 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan, eta Itziar Agirrek instalazioen inguruan ikasleek egindako galderei erantzun die. Horren asmoa izan da Eusko Jaurlaritzaren funtzionamenduaren errealitatea hurbilaraztea, eta jakitera ematea Euskadin biltzen diren baliabideen % 70ek nola funtzionatzen duten eta zein erakundek kudeatzen dituzten.
Ekitaldien Aretoan amaitu da bisita. Bertan, ikasleek Gazteria Zuzendaritzaren opari bat eta Ekonomia Ituna azaltzen duen liburuxka bat jaso dituzte. Foro honetan, Azpiazu eta Bildarratz sailburuek, Agirre sailburuordearekin batera, labur-labur azaldu dituzte Euskadiren funtzionamendu instituzionalaren gakoak, eta hezkuntza-modulu honetan parte hartu izana eskertu diete ikasleei. Hezkuntza-modulu honek oinarrizko ezagutza ematen du gure erakunde-sarearen funtzionamenduari, haren antolamenduari, eskumenak administrazioen artean banatzeko moduari eta administrazioak finantzatzeko moduari buruz. Bideo bat proiektatuta, azalpen horiek testuinguruan jarri dira irudien bidez.
Lakua IIko sarrerako harmailetan ateratako taldeko argazki batek amaiera eman dio bisita honi. Bertan, Deustuko Ikastola, Betiko Ikastola, Herran BHI eta Mutriku BHI ikastetxeek hartu dute parte.