Eusko Jaurlaritzak 155.000 euroko dirulaguntza emango dio Euskal DYA Federazioari larrialdietako eta babes zibileko jarduerak finantzatzeko

0
  • Euskal DYA Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibilerako Euskal Sistemara atxikitako boluntario-erakundeetako bat da, eta ekintza humanitario eta sozial askotan aritzen da administrazio publikoekin elkarlanean

Eusko Jaurlaritzak, Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren aginduaren bidez, onartu du 155.000 euroko dirulaguntza ematea Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako partaide den Euskal DYA Federazioari, Euskadiko boluntario-erakundeetako bat izanik. Federazio honek SOS-DEIAk zerbitzuak egindako deiei erantzuten die, bere beharra dagoenean babes zibileko eta larrialdiei aurre egiteko operazioetan, bai esku-hartzearen eremuan bai eremu logistikoan eta psikosozialean, erreskateetan, mendian eta landa-eremuetan galduta dauden pertsonak bilatzen, biktima anitzeko gertaeretan, larrialdietako planen aktibazioetan, eta beste hainbat egoeratan.

Dirulaguntza, besteak beste, honako jarduera hauei lotuta dago: topaketak, jardunaldiak eta lantaldeak antolatzea; erreskate eta simulakroetako mobilizazioetan parte hartzea; prestakuntza-ikastaroak eta -ekintzak diseinatzea; eta Federazioko kide diren elkarteei zuzendutako metodoak, erremintak eta programak garatzea.

Euskal DYAk eskarmentu handia du Euskadin larrialdi-egoeretan herritarrei laguntzeko eta babes zibilaren arloko lanetan, eta Eusko Jaurlaritzarentzat balio handiko lankidetza-erakunde eraginkorra da, beraz. Ekitaldi honetarako jarduera-proiektu bat eta horren aurrekontua aurkeztu ditu.

Bere estatutuen arabera, Federazioaren helburuak dira gizarte-ongizateko eta laguntza-zerbitzuetako ekintzak sustatzea eta horietan laguntzea; ezbeharrek, hondamen publikoek, gatazkek, gaixotasunek eta izurriteek eragindako kalteei aurrea hartzea eta erantzutea; eta osasunaren arloko esku-hartze programetan laguntzea.

Segurtasun Sailera atxikitako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza arduratuko da dirulaguntza kudeatzeaz.