Euskadiko aurrekontua 2024: Susperraldia, garapen ekonomiko jasangarria eta gizarte-politika sendoak finkatzeko etorkizuneko bermea

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu 2024rako Euskadiko aurrekontuen gidalerroak. Hain zuzen, legegintzaldi honetako azken aurrekontua izango da honako hau. Horrela, euskal kontuen planteamendu estrategikoak susperraldi ekonomikoa sendotzea du helburu, pandemiaren eta munduko ziurgabetasunen ondoren, garapen ekonomiko jasangarria eta kalitatezko enplegua bermatzeko, herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea ziurtatzen duten politika sozial sendoekin batera, erronka demografikoari aurre eginez eta gazteriaren aldeko apustua eginez. “Aurrekontu hauek etorkizuneko berme dira”, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak irmo adierazi duenez.

Gidalerroen oinarri den agertoki makroekonomikoak euskal ekonomiaren hazkunde-aurreikuspena gorantz berrikustea aurreikusten du, eta, 2023an % 1,6koa izateko moduan. “Ekonomia garatuen susperraldia harridura sorrarazten ari da duen enplegu-eduki handiagatik, eta Euskadi ez da salbuespena”, gaineratu du Azpiazuk. Aurreikuspenen arabera, aurten 11.000 lanpostu inguru sortuko dira, eta beste 16.000 datorren urtean. Langabezia-tasa % 8,2koa izango da 2023an, eta % 7,5ekoa 2024an.

Horrela, 2022-2024 aldirako koadro makroekonomikoa honako hau izango litzateke:

2022 2023 2024
BPGd 4,4 1,6 2,1
Azken kontsumoa 2,2 1,5 1,7
Etxeetako kontsumoa 3,0 1,2 1,8
Administrazio publikoen kontsumoa -0,4 2,5 1,4
Kapital-sorkuntza gordina 4,4 2,8 2,7
Barne-eskariaren ekarpena 2,8 1,9 2,0
Kanpo-eskariaren ekarpena 1,6 -0,3 0,0
BPGd nominala 8,9 5,9 4,9
BPGd deflatorea 4,4 4,2 2,8
Enplegua (lanpostuak) 3,1 1,1 1,6
Pertsona okupatuak (BJA) 2,4 0,5 0,9
Langabezia-tasa 8,5 8,2 7,5

Iturria: Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritza

Finantza publikoen sendotasunari dagokionez, une honetan ez desaktibatu Egonkortasun Ituneko ihes-klausula, eta Euskadirako defizitaren eta zorraren bidea egiten den unean Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan ezarri beharko da. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak ahalik eta gehien baliatuko ditu klausula hori formalki desaktibatzen den unera arteko aurrekontu-malgutasunaren marjinak.

Testuinguru horretan, finantza publikoen iraunkortasuna Gobernu gisa dugun erronka handienetako bat da. Izan ere, gai izan beharko dugu kontsolidazio fiskala inbertsio-premia izugarri batzuekin uztartzeko. Izan ere, inbertsio hori beharrezkoa da klima-aldaketaren aurkako borrokaren eskakizunetara ehun ekonomiko eta soziala egokitzeko, gizarte-azpiegiturak berritzeko eta ezagutzan, teknologian eta berrikuntzan oinarrituta hazkunde ekonomikoaren potentziala bultzatzeko.

GIZA GARAPEN JASANGARRIA 

Aukera-berdintasunaren ikuspegitik, Euskadik jarraibide horiek berresten ditu Garapen Jasangarriko Helburuekiko konpromisoan, hala erakusten baitu Eusko Jaurlaritzaren 2023ko aurrekontua Nazio Batuetara bidalitako GJHekin lerrokatzeko txostenak, zeinak nabarmentzen baitu lerrokatze-maila handia dagoela garapen jasangarriaren oinarri hirukoitzarekin: ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa.

Horrek esan nahi du gizarte-babeseko sistema, gizarte-zerbitzuak eta osasun-, hezkuntza- eta mendekotasun-arloko funtsezko zerbitzu publikoak indartzeko jarduerak bultzatzen jarraitu behar dela, gizonen eta emakumeen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrean aurrera eginez. Gainera, aurrekontu horretan, gazteengan erreparatzen da, eta arreta integrala eskaintzen zaie, haien emantzipazio-prozesuak errazteko, erronka demografikoari aurre egiteko bide nagusi gisa. Ildo horretatik, gazteen emantzipazioa eta familien eraikuntza helburu duten politiketan inbertituko da, besteak beste etxebizitzaren, enpleguaren eta hezkuntzaren arloko politikak hedatuta.

Horrekin batera, euskal herritarren osasuna babestu eta indartzeak, interes handieneko ondasun publiko gisa, sistema unibertsal, ekitatibo, publiko eta kalitatezko baten alde egiten jarraitzea eskatzen du. Haur eta nerabeen osasunean eta erabateko bizitzara bideratutako zahartzean inbertitzea bultzatuko da, lehen mailako arreta eta horrek sistemaren ardatz nagusi gisa duen rola indartzeaz gain. Itxaron-zerrendak murrizteko jarduketak ere indartuko dira. 2024an, instalazioak eta ekipamenduak modernizatzeko prozesua azkartuko da.

Euskadik, gainera, etorkizuneko erronketara egokitutako hezkuntza-eredu baterantz egiten du aurrera. Klima-aldaketaren, iraultza teknologikoaren eta aldaketa soziodemografikoen inguruko erronka handiek gure hezkuntza-sistema egokitzea eskatzen dute, ikasleei, exijitzen zaizkien gaitasun digitalak eta teknologikoak ez ezik, pentsamendu kritikoa, sormena eta prestakuntza humanista emateko.

Esparru ekonomikoari dagokionez, 2024ko aurrekontuak pertsona guztientzako enplegu-aukerak sortzea bultzatuko du, eta enplegu-nitxo partikularretako kualifikazioak hobetzeko eta belaunaldien arteko eta generoaren araberako lan-bereizketaren aurkako aliantza bat ezartzeko estrategia espezifikoen multzo bat zehaztuko da. Era berean, 50 urtetik gorakoen kontratazioa sustatzeko programa berri bat ezarriko da.

Euskal administrazioek industria-politika proaktibo baten alde egindako apustu irmo eta jarraituak ahalbidetu du euskal industria maila globalean gero eta lehiakorragoa izaten jarraitzea. Euskadik, alde batetik, aurrera egin behar du produkzio-sarea dibertsifikatzeko prozesuetan, pertsonen talentuan oinarritutako balio erantsi gero eta handiagoko jardueretan, eta, bestetik, jarraipena eman behar zaio I+G+b-an inbertitzeko ahalegin handiari, berrikuntzan Europako eskualde aurreratuenetara Euskadi hurbiltzeko. Trantsizio teknologiko-digitalaren aupada handiari aurre egiteko erronkarekin batera, nazioartean lehen mailako “4.0 Industria” sortuta eta baliarazita, euskal industriak deskarbonizazioaren erronka handia du aurrean, nazioarteko komunitateak klima-aldaketaren aurka duen borrokara egokitzeko. Gidalerroetan jasotako beste alderdi batzuk honako hauek dira: batetik, mugikortasun jasangarriko sistema artikulatzen aurrera egitea, eta, bestetik, Euskadiko Hiri Agenda hiri jasangarrietara hedatzea.

2024ko aurrekontuak modu irmoan bultzatuko ditu energia berriztagarriak. Larrialdi energetiko eta klimatikoak agerian utzi du gero eta gehiago, eta premiaz, iturri energetiko autoktonoak eta berriztagarriak hornitu behar direla. Era berean, Eusko Jaurlaritzak ikerketa energetikoaren euskal estrategian sakonduko du, enpresa-ehuna eta enplegua sustatzeko palanka gisa, energiaren balio-kateen eremuan posizionamendua indartuta, Euskadik potentzial teknologiko eta industrial handia baitu arlo horretan.