Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro bideratuko ditu Euskadiko ustiategietan animalien ongizatea kontrolatzen dela bermatzeko

0
Gallinas
  • Laguntza horien bidez, Welfair ziurtagiria lortzeko prozedura egin eta ezartzeko gastuak finantzatuko dira
  • Welfair ziurtagiria da etxaldeetan, haztegietan eta hiltegietan animalien ongizatea zehatz-mehatz ebaluatu eta kontrolatzen duen ziurtagiri bakarra

Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak, gaur egin duen bileran, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindua onetsi du, zeinaren bidez onartzen baitira animalien ongizatearen ziurtagiria lortzeko dirulaguntzen 2023ko deialdiko oinarriak.

Guztira 200.00 euro bideratuko dira abeltzaintzako ustiategien titularrei edo elkarteei Welfair ziurtagiria lortzeko kostuak ordaintzen laguntzeko, eta animalien ongizatea kontrolatzeko barne-prozedura egin eta ezartzeak, arduradunak prestatzeak eta animalien ongizatearen ziurtagiri horrek sortzen dituzten gastuak finantzatzeko.

Banakako ustiategien pertsona fisiko titularrak izan daitezke laguntza hauen onuradun, bai eta egoitza EAEn duten erakunde pribatuak ere, tartean, kooperatibak, enpresak, elkarteak edo nekazaritzako ustiategiak biltzen dituzten bestelako elkarteak. Nolanahi ere, ustiategi guzti-guztien barne-auditoretzako kontrol-prozeduraren ezarpenean operadore-lanak egin behar dituzte, ustiategion helburua animalia-jatorriko elikagaien ekoizpena eta/edo merkaturatzea bada, azpisektore hauetan: txerriak, erruteko hegazti-hazkuntza, landako oilaskoa, ardi-esnea, ahuntz-esnea, behi-esnea, behi-okela eta untxia.

Welfair ziurtagiria

Animalien Ongizatearen Welfair™ ziurtagiria da Institut de Recerca i Tecnologia Agroalimentàries (IRTA) erakundeak, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearekin (Neiker) lankidetzan, homologatutako ziurtagiri independente bakarra. Ziurtagiri hori Europako erreferentziazko Welfare Quality eta AWIN® ziurtagirietan oinarritzen da eta etxaldeetan, haztegietan eta hiltegietan dauden animalien ongizatearen kalitatea sakon ebaluatzen eta kontrolatzen du, honako espezie hauei dagokienez: behiak, txerriak, ardiak, ahuntzak eta oiloak, oilaskoak, untxiak eta indioilarrak. 

Diruz lagundu daitezkeen gastuak

Diruz lagundu ahal izango dira hala autokontrol-sistema ezartzearen ondoriozko gastuak (sistemaren arduraduna prestatzea, autokontrol»prozedura idaztea, barne-auditoretzak egitea) nola WELFAIR ziurtagiriaren ondoriozkoak (enpresa ziurtapen-emailea azpikontratatzea eta egiaztapen-eskemaren kuotak).

Proiektuak egikaritzeko gehieneko epea 2023ko abenduaren 31ra bitartekoa izango da.

Laguntza lehia-araubidean emango da jasotako eskabide guztietarako. Laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen kostuen % 80rainokoa izango da; gehienez 50.000 euro proiektuko.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da deialdiaren Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera.