FEIk 20 m €-ko ekarpena egingo dio ezten arrisku-kapitaleko funtsari, Euskadiko garapen ekonomiko eta industrialerako planteatutako proiektuak babestea helburu duten baliabideak handitzeko

0

Gobernu Kontseiluak baimena eman dio Finantzen Euskal Institutuari (FEIri) Ezten funtsean 20 M €-ko ekarpena egiteko. Eragiketa horren ondoren, FEIk % 43,18ko partaidetza estimatua izango du funts horretan.

Ezten arrisku-kapitaleko funtsaren helburu nagusia da enpresa ez-finantzarioen eta ez-higiezinen kapitalean aldi baterako partaidetzak hartzea, eta Euskadiko Arrisku Kapitaleko Sozietate Kudeatzaileari dagokio horiek zuzentzea eta kudeatzea.

Ekarpen hori egiten da Euskadiko industria-sareak aurre egin behar dion eraldaketa eta birmoldaketa industrialak markatutako testuinguru batean, hiru trantsizio handiek eraginda: energetiko-klimatikoak, digital-teknologikoak eta sozial-demografikoak. Trantsizio horiei esker, areagotu egin da inbertsio-eskaera, eta, era berean, gure herrialdearen garapen ekonomiko eta industrialerako planteatzen diren proiektu ugariei laguntzeko beharra.

Horren ondorioz, 2023ko ekitaldiari begira jarduerari eusteko eta baliabide nahikoak emateko helburuarekin, Euskadiko Arrisku Kapitalaren Sozietate Kudeatzaileak Finantzen Euskal Institutuari eskatu zion 20 M €-ko ekarpena egiteko Ezteni. Hain zuzen, gaur baimendu du ekarpen hori Gobernu Kontseiluak.