Osakidetzak EnerAgen 2023 saria jaso du Energia Berriztagarrien arloan, Lehen Mailako Atentzioko Zentroetan eguzki-panel fotovoltaikoak jartzeagatik

0
PRUEBA

Panel fotovoltaikoak instalatu dira 44 osasun-zentrotan, hiru lurralde historikoetan banatuta. 1,3 megawatteko potentzia emango dute guztira eta urtean 360 tona CO2 gutxiago isuriko dira.

 

Ekimenak Osasun Zentroetan sareko elektrizitatearen kontsumoa % 35 murriztea dakar eta urtean 350.000 euro aurreztuko dira.

 

Osakidetzako instalazio fotovoltaikoen proiektua gauzatzeko inbertsioa 1,7 milioi eurokoa izan da, bost urte baino gutxiagotan amortizatzea aurreikusten da eta Europar Batasunaren dirulaguntza izan du.

 

 

Osakidetzak EnerAgen 2023 saria lortu du energia berriztagarrien arloan egindako hobekuntza energetikoko jarduera onenagatik. Instalazio fotovoltaikoen arloan Lehen Mailako Arretako 44 Zentrotan egin dira jarduerak.

Energiaren Kudeaketarako Espainiako Agentzien Elkarteak (EnerAgen) eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) sustatutako EnerAgen 2023 sarien 14. edizioko sari-banaketa ekitaldia, osteguna, izan zen Bilboko Azkuna Zentroan, eta Osakidetzako zuzendari nagusi Rosa Pérez Esquerdo izan zen bertan, proiektua sustatu duen taldearekin batera.

Osakidetzak A kategoria irabazi du, energia berriztagarrien arloko trantsizio energetikoaren aldeko jarduerarik onena aitortzen duena. Saritutako proiektua, “Lehen Mailako Arreta Zentroetako Instalazio Fotovoltaikoak” izenekoa, Osakidetzak sustatu du eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) babestu du.

Saritutako ekimenak energia fotovoltaikoaren bidez elektrizitatea ekoizteko sistemak ezartzea aurreikusten du Osakidetzako Osasun Zentroetan, eta aukera ematen du, Osasun Zentroetako estalkietan eguzki-panel fotovoltaikoak instalatuz, Zentroetako energia elektrikoaren eskariaren zati bat autohornitzeko eta, gainera, elektrizitatearen ekoizpenari eta banaketari lotutako CO2 isuriak murrizteko.

 

Jarduera-plana bi fasetan

Saritutako proiektua Lehen Mailako Arretako Instalazio Fotovoltaikoen Planaren lehen fasean kokatzen da. Lehen fase honetan eguzki-panel fotovoltaikoak instalatu dira hainbat zerbitzu-erakundetako 44 osasun-zentrotan, hiru lurralde historikoetan banatuta.

Panelen instalazioari esker, Osakidetzako zentroek energia elektriko zuzena lor dezakete instalazio fotovoltaikoetatik, eguneroko elektrizitate-kontsumoaren % 35 inguru hornitzeko. Horren ondorioz, urtean 350.000 euro aurreztuko dira elektrizitatearen kontsumoan.

Osakidetzak 1,7 milioi euroko inbertsioa egin du, bost urtetik beherako epean inbertsioa itzultzea aurreikusten du, eta Europar Batasunaren finantzaketa jaso du.

Jasangarritasunaren ikuspegitik, instalatutako panelek 1,3 megawatteko potentzia sortzen dute guztira, eta horrek, autokontsumoaren arabera, urtean 360 tona CO2 gutxiago isurtzea edo urtean 116 tona petrolio gutxiago kontsumitzea ekar dezake.

Jarduera guztiak denbora errealean monitorizatzen dira, eta horrek sistemaren eraginkortasunari laguntzen dio, instalazio bakoitzaren funtzionamenduari eta ingurumenari buruzko datuak aztertuz.

Proiektuak, gainera, bigarren fase bat du, Osakidetzako lehen mailako arretako beste 26 zentrotan eta ospitale psikiatriko batean instalazio fotovoltaikoak egitea aurreikusten duena. Bigarren fase honetan 1,6 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusi da, eta 0,9 megawatteko potentzia instalatzea.

Bigarren fase hori amaituta, Osakidetzako osasun-sareko ospitaleetan antzeko instalazioei ekitea aurreikusi da.

Saritutako ekimena 44 osasun-zentrotan energia fotovoltaikoaren bidez elektrizitatea ekoizteko sistemak ezartzea da, eta Osakidetzaren ustez, aurrerapauso bat da sorkuntza-eredu berriztagarriago batera igarotzeko eta autohornidurarako, baita komunitatearekiko eta ingurumenarekiko konpromisoan ere. Eta erabat lerrokatuta dago 2023-2030 Osasun Planaren helburuekin, Osasun Publikoaren sistema indartzen saiatzen baita, jasangarritasuna lortzeko eta ingurune eta komunitate osasungarriak, jasangarriak eta erresilienteak garatzeko eta klima-aldaketari erantzuteko.

 

Trantsizio energetikoaren aldeko beste proiektu batzuk Osakidetzan

Osakidetzaren helburuetako bat ingurumenarekiko konpromisoa indartzea da. Ildo horretan, Osasun Zentroetan panel fotovoltaikoak instalatzeko proiektua egungo egoera hobetzeko saialdi bat da, eta sareko hornidura elektrikoaren ordezko energia-iturri gisa planteatzen da, erakundearen eraginkortasun eta jasangarritasun energetikoa hobetzeko konpromisoa betetzen laguntzeko ahaleginean.

Osakidetza, egun, trantsizio energetikoaren aldeko hainbat proiektutan ari da lanean, Energia Berriztagarrien arloan saritutakoari gehitzen zaizkion proiektuetan, alegia.

Eraginkortasun energetikoari dagokionez, nabarmentzekoak dira Lehen Mailako Arretako Zentroetan barne-argiztapenaren ordez LED teknologia duten sistemak jartzeko proiektua, eta Lehen Mailako eta Ospitaleko Arretako Zentroetan kanpoko isolamendu termikoa berritzeko plana.

Gainera, Mugikortasun Jasangarriaren arloan, Osakidetzaren ibilgailu-sareak dagoeneko unitate elektrikoz edo GLP teknologiaz hornitutako ibilgailu-parke bat du.

 

EnerAgen sariak

EneAgen sariak erreferentzia dira Energia Berriztagarrien eta Jasangarritasun Energetikoaren sektorean. Hamalaugarren edizioa da 2023koa, eta bertan, 2022an egindako jarduerak saritzen dira, bost kategoriatan: Energia Berriztagarriak, Eraginkortasun Energetikoa, Mugikortasun Jasangarria, Komunitate Energetikoak eta Trantsizio Energetikoaren arloko Sentsibilizazioa eta Hedapena.

Energiaren Kudeaketarako Espainiako Agentzien Elkarteak (EnerAgen) helburutzat du energiaren zentzuzko erabilera sustatzea eta eraginkortasun energetikoa eta energia-iturrien (batez ere berriztagarrien) dibertsifikazioa bultzatzea eta indartzea. Lan hori 2003tik ari da garatzen.