1866an eraikitako Debako zubiaren birgaitzeak Europako Batzordearen eta Europa Nostraren Ondarearen sariak irabazi ditu

0
PRUEBA

Europako Batzordeak eta Europa Nostra “erakundeak ingeniaritza zibilaren adibide bikaintzat” jotzen dute proiektua. Edizio honetan 21 herrialdetako 30 ondare proiektu saritu dira.

Debako zubia birgaitzea, Ondarearen Europako saririk garrantzitsuenen irabazle

Europako Batzordeak eta Europa Nostrak Ondarearen Europako Sariaren eta Europa Nostra Sariaren irabazleak iragarri dituzte gaur. Sari horiek Europako Batzordeak sortu zituen 2002an, eta harrezkero Europa Nostrak kudeatu ditu. 21 urtez, funtsezko tresna izan dira Europako gizarte, ekonomia eta ingurumenerako kultura eta natura ondareak dituen askotariko baloreak aitortzeko eta sustatzeko. Ondarearen arloko proiektu, ekimen eta pertsona ospetsuak nabarmendu ohi dira.

Ondarearen arloan Europaren ohore gorenarekin saritutako proiektuen artean, Debako Zubia aukeratu da. Antolatzaileek diotenez, «ingeniaritza zibilaren adibide zoragarri bat den XIX. mendeko harrizko zubi hori birgaitzeko, ahaztutako materialei eta teknikei buruzko ikerketa historiko zabala beharrezkoa izan zen, eta horretarako diziplinarteko lankidetza teknikoaz baliatu zen».

Irabazleak Ondarearen Europako Sarien Ekitaldian omenduko dituzte, datorren irailaren 28an, Veneziako Palazzo del Cinema jauregian. Ekitaldi ospetsu horretan, Grand Prix-en irabazleak eta Publikoaren Sariaren irabazleak iragarriko dira, aurtengo irabazleen artean aukeratuak, eta bakoitzak 10.000 euroko diru saria jasoko du.Ekitaldia Kultura Ondarearen 2023ko Europako Goi Bileraren gailurra izango da.

Herritarrek parte hartu eta erabaki ahal izango dute zer proiektuk irabazten duen 2023ko Publikoaren Saria (10.000 euro), esteka honetan sartuta: http://vote.europanostra.org

Deba Zubiaren proiektua

2018ko uztailean Debako zubian erdiko zubi bularra asentatu zen, eta egitura kolapsatzear gelditu zen. Zubia 1866an eraikia da, eta Donejakue Bideko monumentu multzoaren barruan babestuta dago. Ondorioz, zirkulazioa itxi behar izan zuten, eta eragozpen asko sortu zitzaizkien Deba eta Mutrikuko biztanleei. Bere eskumenekoa ez izan arren, Gipuzkoako Foru Aldundia arduratu zen proiektua bere gain hartzeaz. María José Telleria Kultura diputatuak adierazi duenez, “zubia Deba eta Mutrikuko udalen jabetzakoa den arren, honen garrantzi kulturala eta jarduketaren konplexutasun teknikoa zirela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak bere gain hartu zuen proiektuaren ardura. Oso garrantzitsua zen gure kultura ondarearen kontserbazioa bermatzea, bai eta pasabidea lehenbaitlehen zabaltzea, bizilagunen egunerokotasuna eta Donejakue bidearen jarraitutasuna ziurtatuz”.

Larrialdiko lehen fase batean, bi funtzio betetzen zituen egitura bat ezarri zen: zubiari eustea, kolapsoa saihesteko, eta oinezkoen erabilera bermatzea. Bitarteko osagarriak oso garrantzitsuak dira proiektu honetan, eta espresuki egokitu eta diseinatu ziren zubi hori birgaitzeko. Egonkortasuna bermatu ondoren, birgaitze proiektua lantzen hasi ziren, eta lan horrek XIX. mendeko zubien eraikuntzan ahaztutako teknikak aztertzea ekarri zuen. Azkenik, gangak desmuntatu zituzten, aldez aurretik harlandua zerrendatuz, erdiko pila berreskuratuz eta bi gangak berreraikiz. Lan xehe horri esker, Deba eta Mutriku berriz lotu ahal izan dira.

2023an saridunak iragarri ondoren, Margaritis Schinasek, Europako Batzordeko Europako Bizimodua Sustatzeko presidenteordeak, zeina gaur egun Kulturako arduraduna baita, ziurtatu du Europako Ondare Sarien/Europa Nostra Sarien aurtengo deialdian emandako sari bakoitza aparteko trebetasunen eta konpromiso handiaren emaitza dela, bai kolektiboki bai indibidualki, Europa osoko ondare guneak eta tradizioak barne hartzen dituena.

Cecilia Bartolik, mundu osoan aitortutako mezzo soprano eta Europa Nostrako presidenteak, honako hau adierazi zuen: «Zorionak Ondarearen Europako Sariaren/Europa Nostra Sariaren aurtengo irabazleei, merezi duten onarpenagatik. Iradokitzaileak dira, eta Europa ederrago, iraunkorrago eta integratzaileago bat eraikitzen benetan laguntzen duten adibideak dira».

21 herrialdetako 30 proiektu

Aukeratutako proiektuak Norvegiatik Portugalera, Frantziatik Ukrainara doaz, erabilera berrietara egokitzeko eta kontserbatzeko, hezkuntzarako, prestakuntzarako eta gaikuntzarako, eta gizarte partaidetza eta sentsibilizaziorako ekimenekin.

Debako zubiaz gain, Espainiako beste proiektu batek sari ospetsu hau jaso du: Eslonzako San Pedro monasterioaren aurriak, Leonen (Gradefes). Beste proiektu batzuk ere badaude, hala nola Danimarkan aire zabaleko eskola bat, Txekian lurrun makina duen garagardo fabrika bat edo Madeirako (Portugal) Funchal Katedraren estalki mudejarrak zaharberritzea.

Europa Nostra

Europa Nostra gizarte zibilaren ahotsa da, kultura eta natura ondarea zaintzeko eta sustatzeko konpromisoa duena. Arriskuan dauden Europako monumentu, toki eta paisaiak salbatzea du helburu. Aurten 60. urteurrena ospatzen da. Sari horiek Europar Batasunaren Europa Sortzailea programaren babesa dute. Programa honek kulturaren eta sormenaren sektoreei laguntzen die, eta horrek aukera ematen die enpleguari eta hazkundeari egiten dioten ekarpena handitzeko.