Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Alfredo Rodríguez-Antigüedad doktoreak Gaixotasun Neurologikoen SEN saria jaso du, egindako lan zientifikoagatik

0

Osakidetzako Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko buruak, Alfredo Rodríguez-Antigüedadek, Espainiako Neurologia Elkartearen (SEN) Gaixotasun Neurologikoen SEN saria jaso du, egindako lan zientifiko handia eta gaixotasun neurologikoen ikerketan egindako lana aintzatesteko.

SEN sariek elkarte zientifiko horrek eta Espainiako neurologoek Neurologiaren garapen zientifikoan lagundu duten pertsonei eta/edo erakundeei ematen dieten aintzatespena adierazten dute. «Espainiako Neurologia Elkarteak saria eman dio Alfredo Rodríguez-Antigüedad doktoreari bere ibilbide profesional osoan zehar esklerosi anizkoitzaren eta beste gaixotasun neurologiko batzuen arloan egin duen ikerketagatik, eman duen laguntzagatik eta egin duen kudeaketa berritzaileagatik», José Miguel Láinez doktoreak, Espainiako Neurologia Elkarteko presidenteak, adierazi duenez.

Alfredo Rodríguez-Antigüedad doktorea Medikuntzako doktorea (Euskal Herriko Unibertsitatea) eta Epidemiologian eta Teknologia Berrietako unibertsitate-aditua (UNED) da. Neurologiako espezialista da Madrilgo 12 de Octubre Ospitalean eta, gaur egun, Bizkaiko Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko burua da. Bertan, Esklerosi Anizkoitzaren Unitatea ere zuzentzen du, eta Neurologiako irakasle elkartua da Euskal Herriko Unibertsitateko Neurozientzien Sailean. Gaur egun, Biocruces Bizkaiako Neuroimmunologiako ikerketa-taldeko koordinatzailea da. Aurretik, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko zerbitzuburua izan zen 14 urtez eta, legegintzaldi batean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Plangintzako eta Farmaziako zuzendaria.

Alfredo Rodríguez-Antigüedad doktoreak ikertzaile nagusi gisa parte hartu du 30 saiakuntza klinikotan baino gehiagotan (II. edo III. faseak) eta esklerosi anizkoitzari buruzko ikerketa lehiakorreko proiektuetan. 120 argitalpen baino gehiago egin ditu estatuko eta nazioarteko aldizkarietan eta zientzia-liburuetan, eta esklerosi anizkoitzaren eta beste gaixotasun neurologiko batzuen tratamenduarekin zerikusia duten lantalde, adostasun, fundazio eta batzorde instituzionaletako kidea da, bai eta zenbait aldizkari medikoetako erredakzio-batzordeko kidea edo aholkularia ere.

Gainera, Espainiako Neurologia Elkarteko Zientzia Arloko koordinatzailea, Gaixotasun Desmielinizatzaileen Ikerketa Taldeko koordinatzailea eta Espainiako Neurologia Elkarteko presidentea izan da. 2016an, Gaixotasun Desmielinizatzaileen SEN saria eman zioten, egindako lan zientifikoagatik eta esklerosi anizkoitza ikertzen egindako lanagatik.