Hizkuntza Politikarako sailburuordearen agerraldia Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean

0

Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak agerraldia egin du gaur eguerdian Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean, sektore publikoan euskara normalizatzeko dekretu-proiektuak duen puntuaren berri emateko. Izapidetze prozesuan dago une honetan eta ekarpenetara zabalik dagoela azaldu du. Sailburuordeak ziurtatu du parte-hartze zabala bilatu dela prozesuan ahalik eta adostasun handiena lortzeko, euskararen normalizazioan urrats berriak modu progresiboan, malgutasunez eta egungo errealitatera egokituta emateko.

Dekretu-proiektuaren helburuak dira herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea eta euskararen erabileran sakontzea. Horrela azaldu du Miren Dobaran sailburuordeak, Joseba Lozano Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariarekin eta HABEko zuzendari Jokin Azkuerekin batera. Bere hitzaldian azaldu du zer testuingurutan sortu den aurreko dekretua eguneratzeko beharra, zein zutabetan oinarritzen den, bai eta haren helburuak eta berritasun nagusiak ere. Nolanahi ere, azpimarratu du hau egiteko prozesuak irekita jarraitzen duela, hainbat erakunderen ekarpen eta txosten berriak jasotzeko zain. Sailburuordeak eskertu egin du talde parlamentarioen jarrera parte-hartzailea eta kolaboratzailea.

Testuingurua

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak duela bost urte baino gehiago ekin zion araua eguneratzeko prozesuari Eusko Legebiltzarraren eskaerari aurre egiteko. Horiek horrela, 2022an Euskal Enplegu Publikoaren Legeak euskararen normalizazio-prozesua euskal sektore publiko osoan zabaltzea ekarri du eta dekretu hau legezko eskakizun horri erantzuna emateko ekimena dela azaldu du sailburuordeak.