Euskal Poliziak motozikleten kontrola indartuko du asteburuetan

0
  • Aurtengo urtean, orain arte, 4 motozale hil dira Euskadiko errepide-sarean
  • Motorrak Euskadiko ibilgailu guztien % 10 dira

Aurten, orain arte, 4 motozale hil dira Euskadiko errepide-sarean, guztiak Gipuzkoan. Era horretako istripuei aurrea hartzeko, Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, motozikletak zaintzeko eta kontrolatzeko kanpaina indartuko du asteburuetan, asteburu honetan bertan (ostiraletik igandera) hasita. Berdin egingo du ekainaren 24an eta 25ean eta uztailaren 7tik 9ra eta 28tik 30era.  Abuztuko asteburuetan (5-6, 19-20 eta 26-27) eta irailekoetan ere (9tik 10era eta 15etik 17ra) kontrolak indartzen jarraituko dute.

Abiadura desegokian gidatzea da motor-gidarien kolektiboan istripua izateko arrisku-faktore nagusietako bat, eta besteak dira arauz kontrako aurreratzeak, arreta-galtzeak, trebezia-falta, ekipamendu egokia ez eramatea edo alkohola eta drogak kontsumitzea.

Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak gogoratu du errepidean zaurgarrienak diren kolektiboek, hau da, oinezkoek, txirrindulariek, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI) gidatzen dituztenek eta motor-gidariek, babes berezia eskatzen dutela. Bestalde, “Nire gurpiletan jar zaitez” estrategia ekarri du gogora: “bide-segurtasunaren arloko sentsibilizazioa eta motor-gidarientzako formakuntza sustatzen baititu. Alde horretatik, aurten ere zilindrada ertaineko eta handiko motozikletak gidatzeko trebeziak hobetzeko ikastaro berriak emateko lanean ari gara, eta espero dugu datozen hilabeteotan jarri ahal izatea martxan”, esan du.

Gaur egun motozikletak Euskadiko ibilgailu guztien % 10 dira, 2020ko datuen arabera. Lurraldez lurralde, Gipuzkoa da motozikleta gehien erregistratuta dituen lurraldea (guztien % 46), eta ondoren Bizkaia (% 42) eta Araba (% 12).

Kanpaina hau trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko urte osorako programatu diren 46 kanpainen egutegiaren barruan egingo da.