Nerea Melgosak kontziliazioa nabarmendu du gizarte bidezkoago eta zuzenago baten alde, Kontzilia Biltzarraren itxieran

0
  • “Kontziliazioa ez da aukera bat, justizia sozialeko agindu bat baizik”, esan du
  • ‘Kontziliaziorako bideak irekitzen’ topaketa atzo eta gaur izan da, Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua izan da Kontziliaziorako bideak irekitzen biltzarra ixteko arduraduna. Biltzarra atzo eta gaur izan da, Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian, eta, hartan, kontziliazioa “aukera-berdintasunerako laguntzen duen justizia sozialeko kontu bat” dela azpimarratu du.

 “Kontziliazioa ez da luxu bat, baizik eta gizarte osasungarri eta zuzen batentzat beharrizan bat. Langileen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeaz gainera, onura nabariak ere baditu enpresentzat eta gizartearentzat, oro har”, esan du.

Melgosak alde inplikatu guztiek kontziliazioa sustatzeko duten funtsezko eginkizuna nabarmendu du: erakunde publikoak, enpresak, erakundeak eta pertsona bakoitza. “Gizarte bidezkoagoa, orekatuagoa eta zoriontsuagoa eraiki dezakegu. Gure laneko, familiako eta norberaren erantzukizunen artean oreka aurkitzeko aukera emango digun gizartea. Lana eta familia balioetsi eta errespetatzen dituen gizartea”, esan du.

Biltzarrean, gaiaren inguruko zenbait adituk parte hartu dute, hala nola Leire Gartziak, Dale Whelehan-ek, Nerea Ibáñez-ek eta Ane Miren Fernández-ek; haiek kontziliazioaren inguruko zenbait ikuspegi eta esperientzia partekatu dituzte. Zenbait enpresak ere parte hartu dute, besteak beste, Cosmoconsult, GKN, Urkide edo Unvesco enpresek, eta gaiaren inguruko jardunbide egokiak azaldu dituzte.

Berdintasuneko Sailburuak, amaitzeko, eskerrak eman dizkie parte-hartzaileei eta biltzarreko talde teknikoari, eta gizarte bidezkoagoa eta zuzenagoa eraikitzeko lanean jarraitzeko deia egin du. “Kontziliazioa ez dadila salbuespen bat izan; arau izan dadila”, esan du, amaitzeko.