eLankidetzak NATAXIK dokumentala aurkeztu du, Guatemalan desagerrarazitako pertsonen bilaketari eta memoriaren eraikuntzari buruzkoa

0
  • eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak, Kataluniako Garapenerako Lankidetzako Agentziak eta Ikaika Mediak ekoitzitako dokumentala da, bi agentzien artean Guatemalan justizia transizionalaren arloan egindako lanaren emaitza
  • Lanak egia, justizia eta erreparaziorako eskubideetan eta ez errepikatzeko bermeetan aurrera egitearen garrantzia nabarmendu nahi du

 

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordeak, José Antonio Rodríguez Ranzek, NATAXIK dokumentala aurkeztu du, gaur goizean, Bilbon. Izenburua memoria esan nahi du katxikelez, eta horren aurkezpenaren ondoren, desagerrarazitako pertsonen bilaketari eta memoriari buruzko solasaldi bat ere egon da. Bertan, Ch´umilkaj Curruchiche Nicho, katxikel abeslaria eta dokumentalaren protagonista; Jordan Rodas Andrade, Guatemalako Giza Eskubideen prokuradore ohia, eta Lourdes Herrasti Erlogorri, Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileak parte hartu dute.

Dokumentala memoriaren barrena egindako bidaia da, eta protagonistaren bidez,  Guatemalako iraganeko eta egungo istorioak erakusten ditu, barne gatazka armatuan hildako eta desagerrarazitako biktimen senideen ahotsen bidez. Zentzu horretan, sailburuordeak ekitaldiari hasiera eman dio esanez “dokumentalean Guatemalako gizon eta emakumeek desagertuak dauden senideak bilatzeko duten irmotasuna aitortzen da, baita herrialdean trantsizioko justiziaren arloan egiten duten erakundeen lana ere”. Gainera, egia, justizia erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeetan aurrera egitearen garrantzia gogorarazi du; izan ere, “memoriarik gabeko etorkizunik ez dago”.

Dokumentalaren ondorengo solasaldia Jordan Rodas Andraderen hitzekin hasi da, zeinen anaia oraindik desagertuta dagoen. Guatemalako Giza Eskubideen prokuradore ohiak gogorarazi du Bake Akordioek “gatazka eragin zuten egiturazko arazoei aurre egiteko ibilbide-orri bat ekarri zuten”, baina egun “oroitzapenak besterik ez dira”. Hala ere, Rodasek trantsizio arloan izandako aurrerapenak nabarmendu ditu, baina ohartarazi du “Estatuaren borondaterik ezagatik aurrera egiten jarraitzeko erronka eta arrisku ugari daude”.

Lourdes Herrasti Elorgorrik modu birtualean parte hartu du, eta esan du: “maite dituzten pertsonak bilatzen dituzten familiek behar berberak dituzte edozein unetan eta edozein lekutan; hau da, gorpuzkiak bilatu, identifikatu eta lehengoratzea lortzea”. Aranzadiko ikerlariak gaineratu du, ezinbestekoa dela gertaeren kontakizuna berregitea “zer gertatu zen ezagutzea, eta, aldi berean, memoria berreskuratzea, giza eskubideen eta balio demokratikoan eraikitzen jarraitzeko”.

Ch´umilkaj Curruchiche Nichok, bere aldetik, azpimarratu du garrantzitsua dela belaunaldi berriak Guatemalan gertatutakoa gogora ekartzen duten ekimenetan inplikatzea, gertatutakoa ezagutu dadin eta, batez ere “ inoiz gehiago gerta ez dadin”. Gainera, gazteria inplikatzeko bideetako bat artea dela aipatu du,  “musikaren, zinemaren, antzerkiaren edo dantzaren bidez gazteak mobilizatu daitezke, oroimenaren eraikuntzan parte hartuz”.

 

Guatemala, memoria eta desagerrarazitako pertsonen bilaketa

1960 eta 1996 artean Guatemala barne gatazka bat jasan zuen, eta gatazka horretan giza eskubideen urraketa larriak egin ziren, sistematikoki eta modu orokorrean. Bake Irmo eta Iraunkorreko Akordioa 1996ko abenduaren 29an sinatu zuten Guatemalako Gobernuak eta gerrilak.

Gertatutakoa argitzeko eta bakea eraikitzeko bidean aurrera egiteko, Historia Argitzeko Batzordea eratu zen, Nazio Batuen Erakundeak babestuta. Batzordearen txostenaren arabera, 200.000 pertsona baino gehiago hil eta desagerrarazi zituzten. Gehienak herri maietakoak ziren.

Batzordeak adierazi zuen, gainera, Estatuko indarrak eta antzeko talde paramilitarrak izan zirela giza eskubideen urraketen % 93ren erantzule. Txostenak gomendioak ematen zituen justiziari, egiari, erreparazioari eta ez errepikatzeko bermeei buruz. Horien artean daude biktimak duintzeko neurriak, haien erreparazio osoa, desagerrarazitako pertsonak non dauden jakitea eta giza eskubideak erabat errespetatzeko neurriak. Guatemalan pauso handiak eman badira ere, gomendioak betetzea mugatua izan da eta oraindik ere erronkak daude arlo horretan.

 

Euskadiko eta Kataluniako lankidetzen laguntza

Trantsizioko justiziaren arloan herrialdeak egiten dituen ahaleginei laguntzeko, eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentzia, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailean dagoena, eta Kataluniako Garapenerako Lankidetzako Agentzia modu koordinatuan ari dira lanean Guatemalan 2019tik.

Bi agentzien arteko kolaborazioari esker, garapenerako lankidetzako ekimenak elkarren osagarri izan dira; bereziki, Guatemalako Auzitegiko Antropologia Fundazioarekin (FAFGrekin), Giza Eskubideen Prokuradoretzarekin eta Nazio Batuen Garapenerako Programarekin (NBGOarekin)

Zentzu horretan, joan den martxoan, bi agentziek, FAFG fundazioarekin batera, desagertutako pertsonak bilatzeko auzitegi-zientziei eta memoriari buruzko topaketa bat antolatu zuten Guatemala Hirian. Bertan, Guatemala, El Salvador, Mexiko, Kolonbia, Ruanda, Katalunia eta Euskadiko ordezkariak izan ziren.