Eskubide eta askatasunen konkistan Nicolas Redondoren “ezinbesteko figura” aldarrikatu du Lehendakariordeak

0
  • Idoia Mendiak UGTk Portugaleten antolatutako omenaldian parte hartu du

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak Nicolás Redondoren “ezinbesteko figura” aldarrikatu du gaur, eskubideak eta askatasunak lortzeko. Izan ere, konkista horri esker, “Euskadi eta Espainia hobea eraiki ahal izan dugu, eta aurrerapen-aldi handienaz eta langileentzako eskubide gehiagoz gozatu ahal izan dugu”.

Mendiak Nicolas Redondoren omenezko ekitaldian parte hartu du gaur Portugaleten, eta gogorarazi du “gure demokrazia ez zela bulegoetatik eraiki, baizik eta fabriketako eta kaleetako aktibismotik, herritarren eskubide guztiekiko konpromisotik. Eta hor egon zen beti Nicolás Redondoren ahotsa, bidegabekeriaren eta sufrimenduaren aurrean inoiz isildu ez zena”.

Lehendakariordeak Redondoren irudia azaldu du esanez “besoak ez zituela inoiz jaitsi eta ez zuela etsi, ezta profilean jarri ere, baina lider handien begirunearekin egiten jakin zuela, jendearen bizitza hobetzeko akordioak lortzeko aukera ematen duena”. Hori dela eta, gaineratu duenez, “ohore handia da omenaldi honetan Euskadiko Gobernua ordezkatzea, Nicolas Redondo omentzeko, baina, bere figuraren bidez, espazio hori eraikitzen jakin zutenak aintzatestea, Euskadi eta Espainia historian inoiz ez bezala aurrera egitea ahalbidetu dutenak. Bide horretan aurrera egiteko konpromisoa hartzeko”.

Ildo horretan, demokrazia amaitu gabeko lana dela esan du, herrialde baten aniztasuna ulertzearekin eta hori kudeatzen jakitearekin zerikusia duena, hartzen diren erabakiak herritar gehienen onurarako izan daitezen. “Ez da askatasun-kontua bakarrik, pertsona guztiak ez baitira egoera beretik abiatzen, eta jatorrizko desberdintasun hori zuzendu ahal izateko botere publikoek esku hartu behar dute. Benetako demokrazia herritar guztien eskubideak bereizketarik gabe bermatzen direnean baino ez da hori”.

Era berean, “langileen kontzientzia pizteko eta guztien askatasuna lortzeko” askatasuna galdu zutenen bizitza ekarri du gogora, Nicolas Redondoren bizitza, esaterako. Bere sakrifizio pertsonalarekin, “herritar bakoitzak, edonon egonda ere, bere eskubideak defendatzeko eta baliarazteko duen boterea ikusarazi nahi izan zigun”.