Formula Student Bizkaiak FSB2023 aurkeztu du, trakzio integrala duen eta gurpil bakoitzean, propultsio sistema gisa, motor elektriko bat duen ibilgailua

0
Formula Student Bizkaia taldea aurkezpenean | Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU

Formula Student Bizkaiak atzo,  arratsaldeko 17:30ean FSB2023 eserleku bakarreko ibilgailua aurkeztu zuen; harekin lehian ibiliko da Formula Student lehiaketetan Silverstoneko (FSUK) eta Montmelóko (FSS) zirkuituetan.

Ekitaldia honako hauen mintzaldiekin hasi da: Eva Armesto, Bizkaiko Foru Aldundiko Administrazio eta Enpresetako zuzendariorde nagusia; Xabier Otxandiano, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia eta Bilbao Ekintzako zuzendaria; Gorka Moreno, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea; eta Charles Pinto, Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria. Ondoren, hauek azaldu dira: zertan datzan Formula Student Bizkaia, proiektuan boluntario gisa parte hartzeak ikasleei zer onura egiten dien eta azkenik, ikasturte osoan zehar egindako lana, hau da, eserleku bakarreko FSB2023 ibilgailu berria. Hori guztia formatu dinamiko, didaktiko eta dibertigarrian egin da.

Ikasleek sortutako eserleku bakarreko ibilgailu elektrikoa

Formula Student Bizkaia 60 ikaslek eta 3 irakaslek osatutako talde bat da. Proiektuaren helburu nagusia da lan-mundutik gertu dagoen esperientzia bat eskaintzea, erronka baten bidez: lehiaketako eserleku bakarreko ibilgailu bat eraikitzea. Proiektuaren aparteko “Enpresa unibertsitatean” metodologiari esker, bertako kideek, alderdi teknikoetan trebatzeaz gain, zeharkako gaitasunak ere lantzen dituzte, hala nola talde lana, arazoen kudeaketa eta jasangarritasuna.

Aurkeztutako FSB2023a Formula motako ibilgailu elektrikoaren prototipo bat da. “Push-rod” motako esekidura banandua du eta, horri eta simulazio fluidodinamikoaren bidez (CFD) probatutako pack aerodinamiko iraultzaile bati esker, bihurguneetan aise ibiltzen da eserleku bakarreko ibilgailua. Erabateko propultsioko sistemari (AWD) esker –gurpil bakoitzean motor bat integratzen du–, autoaren trakzioa modu optimoan banatu daiteke baldintza guztietan. Hori guztia bateriak kudeatzeko sistema berri baten bidez elikatuta dago, zeinak 141,6 kW-erainoko potentzia (190 ZP) ematea ahalbidetzen duen, optimizatutako multzo batean, eserleku bakarreko ibilgailu arinak (220 kg) lehiaketako erresistentzia probako 21 km-ak egin ahal izateko.

FSB2023aren diseinuak ikasturte bat behar izan du, non ikasleek ingeniaritza proiektu baten etapa guztiak hartu dituzten: diseinua, fabrikazioa, muntaketa eta, azkenik, pistan probatzea. Hori lortzeko, oraingo denboraldian proiektua osatzen duten 60 ikasleak enpresa baten egitura funtzionalari jarraituz antolatu dira, Ainhoa Franco taldeburuaren gidaritzapean –UPV/EHUko Industria Ingeniaritzako masterreko ikaslea da– eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako Asier Zubizarreta, Javier Corral eta Mikel Diez irakasleen tutoretzarekin.

Helburua: pasa den urteko arrakastak gainditzea

Jendartean aurkeztu den FSB2023a mundu osoko 100 unibertsitaterekin baino gehiagorekin lehiatuko da Formula Student lehiaketetan. Silverstoneko eta Bartzelona-Kataluniako zirkuituetan egingo dira; lehenengoan, 2023ko uztailaren 19tik 23ra eta bigarrengoan, berriz, 2023ko abuztuaren 6tik 12ra. Prototipo berriaren erronka da 2022ko emaitza apartak hobetzea; izan ere, top 10ean sartzea lortu zuen lehiaketako hainbat probatan. Alde batetik, laugarren postua lortu zen Diseinuko atalean; horretan, eserleku bakarreko ibilgailuaren diseinua eta taldekideek hura defendatzeko duten ezagutza ebaluatzen dituzte lehiaketako epaileek. Bestetik, seigarren postua lortu zen Kostuen eta Jasangarritasunaren proban; horretan, taldeak proiektuaren kudeaketa ekonomikoa, fabrikazioa eta jasangarritasuna defendatu zituen. Azkenik, Negozio Ereduaren proban ere laugarren postua lortu zuten; horretan, taldeak eserleku bakarreko ibilgailua merkaturatzeko enpresa baten bideragarritasuna aurkeztu zuen.

Azkenik, ekitaldian Formula Student Bizkaia proiektuaren adar berria aurkeztu da; hots, FSB Driverless. Gidatze automatizatuko irtenbideen ikerketan eta garapenean zentratzen da, inguruko enpresekin eta zentro teknologikoekin elkarlanean. Egindako garapenak ibilgailu autonomo baten prototipoan frogatuko dira, Silverstoneko zirkuituan egingo den Formula Student UK lehiaketan.

Informazio gehigarria:

Web: https://www.fsbizkaia.com/

LinkedIn: https://www.linkedin.com/school/formula-student-bizkaia/

YouTube: https://youtube.com/@fsbizkaia

Twitter: https://twitter.com/fsbizkaia

Facebook: https://www.facebook.com/fsbizkaia

Video: Formula Student UK 2022 (Silverstone): https://youtu.be/KrUO-Q1K_oI