«Zientzia forentseak eta kriminalistika: krimenaren eszenatik laborategira», delitu bat ikertzen dutenen lan konplexua erakusteko uda ikastaroa

0

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak, Jose Luis de la Cuesta UPV/EHUko Kriminologiako Euskal Institutuaren zuzendariak eta Francisco Etxeberria antropologo forentse eta auzitegi medikuntzako irakasleak gaur goizean inauguratu dute “Zientzia forentseak eta kriminalistika: krimenaren eszenatik laborategira”, UPV/EHUren Miramarko uda ikastaroen bigarren edizioa, Euskadin gertatzen diren delituak argitzeko helburuarekin, krimen bat gertatu den leku fisikoaren ikerketaren eta segurtasun-neurrien eta lekua babestu eta kontrolatzearen garrantzia aztertzeko.

Bi egunetan, Ertzaintzako Polizia Judizialaren eta Polizia Zientifikoaren unitateetako agenteek eta UPV/EHUko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko auzitegi-medikuntzako eta kriminologiako adituek krimenaren eszenaren ikerketaz eta ondoren laborategian egiten den analisi-lanaz hitz egingo dute. Diziplina anitzeko lan konplexu horren xehetasunak azalduko dituzte, bai esku hartzen duten agenteak bai analisi teknikoaren faktoreak, esate baterako, Polizia Zientifikoaren Unitateak krimenaren eszenan bertan egiten duen lana, lekuan bertan hartzen diren segurtasun- eta kontrol-neurriak, ebidentziak jasotzeko eginbidea, polizia-atestatua, peritu-txostena, krimenaren eszenan aplikatzeko teknologia berriak, eta abar.

Kasu praktikoa

Ikastaroan, ikasleek ariketa praktiko bat egin ahal izango dute. “Eszenatik kriminalistika-laborategira” izenburupean, Francisco Etxeberriak (antropologo forentse eta auzitegi-medikuntzako irakasleak), Iñaki Irustak (Ertzaintzaren Polizia Zientifikoaren atalaren buru ohiak) eta Laura Pegok (UPV/EHUko Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzaileak) krimen bat gertatu den eszenaren eta delitua argitu arte (edo ez) egingo den lan-kate osoaren simulazioa zuzenduko dute.

Sei ponentzia

Gainera, uda ikastaroaren bi egunetan garrantzizko ponentziak aurkeztuko dituzte, esate baterako, Iñaki Subijanak, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakari magistratuak, “Zaintza-katea” izango du hizpide, eta Ertzaintzako profesionalek beste bost ponentzia aurkeztuko dituzte:

  1. “Krimenaren eszena eta frogak babestearen garrantzia”, hizlaria Patricia Martínez de Musitu, Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitateko intendente burua, izango da.
  2. “Krimenaren eszenaren eta dauden frogen dokumentazioa”, hizlaria Unai Lejarza, Ertzaintzako agentea, Polizia Zientifikoaren Unitateko teknikaria eta Lofoskopian eta Begi-ikuskapenetan espezialista, izango da.
  3. “Hondar biologikoen analisi-prozedura”, hizlaria Oscar García, Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitateko Genetika Forentsea Ataleko agentea, izango da.
  4. “Prozesatzea eta oinarrizko beste eragiketa batzuk aztarna lofoskopikoekin”, hizlaria Gorka Barbier, Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Kudeaketa Operatiboaren eta Teknikoaren komisario burua izango da.
  5. “Odola delituaren eszenan. Interpretatzea eta jasotzea”, hizlaria Alberto Orgaz, Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitateko Lofoskopia eta Begi-ikuskapenak ataleko burua izango da.

Jardunaldi hauei bihar, ostirala, emango die amaiera Andrés Zearreta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendariari nagusiak.