Euskadik Next funtsetako etxebizitzen eta eraikinen birgaitze energetikoko helburuak lortu ditu eta 130 milioi euro inguru konprometitu ditu 15.600etik gorako etxebizitzetako jardueretan laguntzeko

0
  • Euskal Autonomia Erkidegoa izan da Europako funtsak aktibatzeko Espainiako Gobernuak ezarritako helburuak lortu dituen lehen autonomia-erkidegoa
  • Familiek eta komunitateek urte honetatik hasita 2026ra arte jasoko dituzte guztizko laguntzak erreformak gauzatu ahala
  • Euskadik funts berriak lortzea espero du 2024ko ekainean, beste autonomia-erkidego batzuen soberakinak banatzearen ondorioz

 

Euskal herritarrek erantzun egin diote Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak egindako deiari, Next Generation EU funtsek eraikinen eta etxebizitzen birgaitze energetikorako eskaintzen duten aukera aprobetxatzeko. Euskadik urtebetean lortu ditu Gobernu zentralak 2026ra arte planteatutako helburuak. Gobernu zentralak, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez, pandemiaren osteko egoerari aurre egiteko aktibatutako funts komunitarioak bideratzen ditu.

Une honetan, 3. programan (eraikinak) eta 4. programan (etxebizitzak) 15.600 etxebizitza baino gehiagorako erreforma energetikoen jarduerak onartuta daude edo izapidetzen ari dira. Programa horietan, administrazio publikoak 130 milioi euro inguruko laguntzak ordaintzeko konpromisoa hartzen du, hemendik 2026ra arte. Izan ere, urte horretan birgaitze-lanek amaituta eta justifikatuta egon behar dute, ondoren laguntzak ordaindu ahal izateko.

Pedro Jauregui Etxebizitza sailburuordeak nabarmendu duenez, “Europako funtsak aktibatzeko Espainiako Gobernuak ezarritako helburu zorrotzak bete dituen lehen autonomia-erkidegoa da Euskadi. Herritarrak buru-belarri aritu dira, eta denbora errekorrean lortu dugu. Hori dela eta, birgaitze-lan ugari egiten ari dira eraginkortasun energetikoa eta, horrekin batera, milaka pertsonaren bizi-kalitatea hobetzeko”.

Erkidego osoko 16 erakunde laguntzailek osatutako sare zabal baten bidez lortu dira helburuak, herritarrei informazioa ematen eta laguntzak eskatzeko beharrezko dokumentazioa biltzen jardunez, baita ad hoc sortutako sistema informatikoen bidez ere, prozesua arintzeko. Astelehen honetatik aurrera, bulego laguntzaileen sareak eta Etxebizitza Sailaren lurralde-ordezkaritzek eskaerak jasotzeari utziko diote, eta erregistratutako laguntzak izapidetzeari eta ordaintzeari ekingo diote. Horietatik, une honetan 59,86 milioi euroko laguntza-eskaerak daude onartuta, eta 4.924 etxebizitzari eragiten dieten obrei ekiteko. Horren ondorioz, batez beste, etxebizitza bakoitzak 12.100 eurotik gorako laguntza jasotzen du. Era berean, gaur egun aztertzen ari dira, onartzeko, laguntzetarako 70 milioi euro inguruko eskaerak, 10.600 etxebizitza baino gehiagorako (orain arte eskaera gehienak, % 90 baino gehiago, aldeko ebazpenak lortzen ari dira).

Jaureguik azaldu duenez, Etxebizitza Sailak Gobernu zentralarekin hitz egiten jarraitzen du 2024an bana litezkeen funts komunitario gehiago biltzeko aukerari heltzeko, baldin eta esleituta dituzten zenbatekoak erabiltzen ez dituzten autonomia-erkidegoak badaude. “Konpromiso bat dago ministerioaren eta autonomia-erkidegoen artean erabili ez diren funtsak banatzeko diru kopurua erabili duten erkidegoen artean, eta hori da Euskadiren kasua”, adierazi du. Kopuru berriak esleitzen direnean, laguntza-eskaerak izapidetzeko prozesua berraktibatuko da.

Bitartean, sailburuordeak gogorarazi du birgaitze-lan arruntetarako Sailaren laguntzek martxan jarraitzen dutela; izan ere, 2021az geroztik araudi berria dute, eta etengabe irekita daude –aurrekontu-eskuragarritasunaren mende–, hain zuzen ere eraginkortasun energetikoa hobetzearekin lotutako jardueretarako, baina baita erreforma integralekin, kanpoaldeko espazioak sortzearekin eta irisgarritasuna hobetzearekin eta segurtasuna eta digitalizazioa bultzatzearekin lotutako jardueretarako ere.