Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du irabazi asmorik gabeko zenbait erakunderi dei egiten dien agindua, eskolaren esparruan ikasle ijitoei zuzendutako hezkuntza-jarduerak garatzeko Hezkuntza Sailarekin elkarlanean aritu daitezen 2023-2024 ikasturtean.
Deialdi honek 485.890 euroko aurrekontua du, eta 2023-2024 ikasturtean ondorengo helburuak lortzeko egingo diren jarduerak diruz laguntzea du asmo: ikasle ijitoen errendimendu akademikoa hobetzea, gero eta ikasle ijito gehiagok lortzea eskola-arrakasta, eta hauen familiek gehiago parte hartzea eskolan antolaturiko bileretan nahiz bestelako jardueretan.
Deialdi honen bidez bultzatzen diren hezkuntza-jarduerak, ikasle ijitoei zuzenduak eta irakasleekin lankidetzan gauzatuko direnak, honako hauek izan daitezke:
-Ikasgelan bertan eta ikasgelatik kanpo irakaskuntza-indargarri diren jarduerak, eskolaratze-ikuspuntutik, eta, ikasleak klaseko martxa jarrai dezan lagungarriak.
-Ikastetxearekin lankidetzan aritzea, ikaskuntza hobetzen laguntzen duten eskola-programetan eta eskolatik kanpoko programetan, ikasle ijitoek jarduera horietan gehiago parte har dezaten.
-Ikasleen banakako segimendua, tutoreekin lankidetzan
-Ijito-herria ikastetxe barruan bistaratzen lagunduko duten jarduerak.
-Ikasle ijitoen arrakasta sustatzen eta zabaltzen dutenak; esaterako, ikastetxera eskola-arrakasta izan duten ijitoak eramatea.
-Familiek euren seme-alaben hezkuntza-prozesuan parte hartzea sustatzen duten jarduerak.