5,4 milioi euro doktoretza-ondoko hobekuntza-programako beketarako

0

2023-24 ikasturte honetan, 88 ikertzaile izango dira doktoretza-ondoko laguntzen onuradun, programa honen bidez

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du ikertzaile doktoreen doktoretza-ondoko hobekuntza-programarako laguntzak deitzen dituen agindua, 2023-2026 aldirako. Deialdi honek 5.435.743 euroko zenbatekoa dauka.

Deialdi honek doktoretza-ondoko lehen fasean dauden ikertzaileen hobekuntzarako programa bat eskaintzen du, gehienez ere lau urteko iraupena izan dezakeena: hiru urteko kontratua lehenik, eta beste urtebeteko luzapena.

Doktoreak lan-kontratua sinatuko du ikerketan diharduen euskal entitateren batekin. Entitate hau izan daiteke unibertsitatea, ikerketa zentroa edo osasun arloko ikerketarako institutua, I+Gean egiaztatutako jarduna duena. Ezarpen-zentro honek egoitza Euskadin izan beharko du eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen agente gisa egiaztatuta egon beharko du.

Lau jarduera-lerro ditu programak. Bi lerro ikerketa orokorreko eremuan (laguntza berriak edo laguntza-berritzeak) eta beste bi lerro, ikerketa espezifikoaren eremuan (laguntza berriak edo berritzeak):

  • Ikerketa orokorreko eremua (laguntza berrien lerroa), ikertzaile doktoreen kontratu berriak finantzatzeko. Zenbateko osotik 3.417.206 euro gordetzen dira lerro honetarako.
  • Ikerketa orokorreko eremuan (laguntza-berritzeen lerroa), aurreko deialdietan emandako laguntzak berritzeko. Zenbateko osotik 1.578.535 euro bideratzen dira lerro honetara.
  • Berariazko ikerketan (laguntza berrien lerroa) ikertzaile doktoreen kontratu berriak finantzatzeko. Zenbateko osotik 394.493 euro gordetzen dira lerro honetarako.
  • Berariazko ikerketan (laguntza-berritzeen lerroa), aurreko deialdietan emandako laguntzak berritzeko. Zenbateko osotik  45.509  euro bideratzen dira.

 

Lerroak Guztira (€)
Laguntza berriak (ikerketa orokorra) 3.417.206
Laguntzak berritzea (ikerketa orokorra) 1.578.535
Laguntza berriak (ikerketa espezifikoa) 394.493
Laguntzak berritzea (ikerketa espezifikoa) 45.509
Guztira 5.435.743  €

 

Ikerketa orokorra eta espezifikoa

Ikerketa orokorreko laguntzak, honako ezagutza-arlo hauetako doktoretza-ondoko ikerketak burutzeko eskatu ahal izango dira: Oinarrizko Zientziak; Bizitza eta Osasun Zientziak; Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura; edo Gizarte Zientziak eta Humanitateak.

Berariazko ikerketaren eremuan, datorren 2023-2024 ikasturterako deialdi honek neutronika eta partikulen azelerazioan ikerketa bultzatzeko diru-laguntza lerroari eusten dio. Ikerketa arlo hau interes berezikoa da egun Europako Batasunean eta bereziki Euskadin, balio estrategiko handia baitu EAEko zientzia, teknologia nahiz industriaren etorkizunerako. Gainera, Euskadiko I+G+b garatzeko ere abagunea eskaintzen du. Gure erkidegoko zientzia-komunitatea arlo honetan sendotzea eta areagotzea lehentasunezko helburua da, Europako Batasunak ESS Lund espalaziozko neutroi iturriaren inguruan ezarri dituen helburu zientifikoak indartzeko. Ekimen hau, gainera, ikerketa estrategikoak bultzatzeko Hezkuntza Sailaren Ikur Estrategia berriaren baitan kokatzen da.

Neutronikoarekin batera, deialdi honetan eusten zaio eta berariazko ikerketa eremuaren barruan, Hezkuntza arloa ere ikerketa-ildo gisa. Helburua hezkuntzaren arloko ildo estrategiko batzuetan ikerketa sustatzea da, hala nola digitalizazioa (metodologiak eta gaitasun tekno-pedagogikoak), gaitasun zientifiko-teknologikoak eskuratzea STEAM proiektuen bidez; edo kulturartekotasuna eta eskola-arrakasta.

Arlo hau balio estrategikoko eremua da euskal hezkuntza-sistemaren etorkizunerako, eta, gainera, aukera bat da I+G+b-ren etorkizunerako, euskal hezkuntza-sistemarekin lankidetzan. EAEn arlo honetako komunitate zientifikoa indartzea eta zabaltzea lehentasunezko helburua da Hezkuntza Sailarentzat, bikaintasuneko ikerketaren emaitzak bere egiten dituen politikaren barruan.

Gorago aipaturiko ezarpen-zentroren batekin lan-kontratua sinatzen duen ikertzaile doktorea izango da laguntza hauen onuraduna. Baina ezarpen-zentro horrez gain, doktoreak atzerriko zentro bat ere izango du, eta bolada baterako hara lekualdatuko da bere ikerketa lana burutzera. Atzerriko zentroak ere unibertsitate edo ikerketa-zentroak izango dira.

Kontratua sinatzearekin, laguntza emateko arrazoi izan den ikerketa-proiektua esklusibotasunez egiteko konpromisoa hartzen du doktoreak. Kontratu honen iraupena urtebetekoa izango da, baina urtebetez luzatu ahal izango da, kontratua berrituz gero, gehienez ere 48 hilabete arte.

88 ikertzaile

2022-2023 ikasturte honetan, 88 euskal ikertzaile dira doktoretza-ondoko laguntza hauen onuradun: 26 ikertzaile, onuradun berriak dira, eta gainerako 45 ikertzaileek laguntza berritu egin dute. Gaur onartutako deialdiari esker, programak doktoretza ondoko 88 ikertzaile izango ditu jardunean. 2023-2024 ikasturtean.

Programa honen bidez, Hezkuntza Sailak ikertzaileen prestakuntzan kalitatearen eta eraginkortasunaren aldeko apustua egiten duen eredu bat sustatu nahi du. Era berean, lan-kontratu baten bidez ikertzaileak mundu profesionalaren errealitatera hurbiltzen ditu, eta zientziaren eta teknologiaren alorrean  ikertzaile belaunaldi berri bat sortzea sustatzen du. Programak, funtsezko lau elementu ditu oinarrian: belaunaldien arteko erreleboa; Euskadiko I+G+bren jarraikortasuna; nazioartekotzea eta bikaintasunezko ikerketa eremu berriei bultzada ematea.