Eusko Jaurlaritzak 60.000 euro bideratu ditu nekazaritzaren sektoreko emakumeak aintzatetsiak izan daitezen bultzatzeko eta berdintasuna sustatzeko

0

Laguntza hauen bitartez Emakume Nekazarien Estatutuari buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legeak xedatutako helburuen zati bat betetzen laguntzen da, nekazaritzaren sektoreko emakumeen gizarte- eta lanbide-aintzatespenari dagokionez.

Emakume nekazariek nekazaritza-ustiategien titulartasuna eskuratzea bultzatzen duten jarduketak, gizartean eta politikan partaidetza sustatzen dutenak eta haien lanari balioa ematen diotenak diruz lagunduko dira.

Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak gaur Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiaren agindua onetsi du. Horren bidez, 2023. urterako laguntzen deialdia egiten da Emakume Nekazariaren Estatutuaren esparruan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko (ENE laguntza).

Laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona fisikoen edo juridikoen erakunde edo elkarteentzat dira, nekazaritzaren sektoreko emakumeen lanbide- eta gizarte-aintzatespenari dagokionez, Emakume Nekazarien Estatutuei buruzko urriaren 15eko 8/2015 Legeak xedatzen dituen helburuen zati bat betetzen eta beren eskubideak eraginkortasunez erabiltzen laguntzeko proiektuak garatu eta gauzatzeko gaituta badaude.

Guztira 60.000 euro bideratuko dira nekazaritzaren sektorean emakumeen lana aintzatestea bultzatzen duten jardueretara, bai eta asoziazionismoa sustatzen dutenetara eta sektorean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako direnetara ere. Zehazki:

  • Emakume nekazariak gizartean eta politikan parte hartzea.
  • Emakume nekazariak eta beren lana aintzatestea eta ikusgai bihurtzea.
  • Emakume nekazariek nekazaritza-ustiategien titulartasuna eskuratzea.
  • Erantzunkidetasuna nekazaritzaren arloan.
  • Emakume nekazarien lanean osasuna zaintzea.
  • Emakume nekazarienganako indarkeriaren eta sexuagatiko jazarpenaren aurrean babestea.
  • Emakume nekazariak prestatu eta trebatzea.
  • Nekazaritzaren sektorean emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasunarekin zerikusia duten jardunaldiak, tailerrak edo erakusketak.

Proiektuak ez dira kostu osoaren % 80tik gora finantzatuko, eta dirulaguntzek ez dira 10.000 eurotik gorakoak izango. Diruz lagun daitezkeen jarduketak 2023. urtean egingo dira.

Laguntzaren xede diren jarduerak egitean eta proiektuak betetzen diren epean zuzenean sortzen diren gastu guztiak ordainduko dira, hala nola langileen gastuak edo zerbitzu profesionalen kontratazioari dagozkionak, lokalen edo instalazioen alokairuak edo jarduketen publizitatearekin eta hedapenarekin lotutako gastuak.

Eskaerak aurkezteko epea

Eskaerak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da, eta funtsak oso-osorik amaitzen direnean edo 2023ko irailaren 30ean bukatuko da.

Agindua argitaratutakoan, eskaerari buruzko inprimakiak eta deialdiaren gaineko informazio guztia web-orrian eskuratu ahalko dira: www.euskadi.eus/servicios/1201604

Informazio gehigarria