Eusko Jaurlaritzak baimena eman du Elkargirekin bi hitzarmen sinatzeko, elkar bermatzeko sozietate horrek 2023an hartutako arriskua estaltzeko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak baimena eman du Elkargirekin oinarrizko hitzarmenak eta hitzarmen osagarriak formalizatzeko, ETE-en eta autonomoen alde aurten garatu diren abal-eragiketengatik 2023an elkar bermatzeko sozietate horrek hartu duen arriskua (birfidantzamendua) estaltzeko.

Hitzarmen honen helburua da Elkargik finantza-arazoak ebazteko berme gehigarriak behar dituzten enpresa txiki eta ertainekiko bere gain hartutako arriskua estaltzea, inbertsio eta proiektu berritzaileen finantzaketa lehenetsita, baita mikroenpresekin eta sortu berriak edo duela gutxi sortuak diren enpresekiko hartutako arriskua estaltzea ere.

Eusko Jaurlaritza hitzarmen horiek sinatzen ari da Elkargi EBS eta Oinarri EBS elkar bermatzeko sozietateekin 2001 ezkero. Horrela, Espainiako Birfidantzamendu Konpainiak (CERSA) eskaintzen dituen abal-eragiketen estaldura partziala handitu du.

Honako honetan, oinarrizko hitzarmenaren xedea izango da, funtsean, Elkargiren bidez osatzea CERSAren estaldura 2023an, hartutako arriskuaren gehienez ere % 75era arte, edo % 80ra arte, berrikuntzako eta enpresen hazkundeko eragiketak badira, edo estrategikotzat jotzen diren sektoreak badira, hala nola digitalizazioa, jasangarritasuna edo baldintza jakin batzuk betetzen dituzten sektore kulturalak.

Oro har, Eusko Jaurlaritzak 2023an ematea aurreikusten diren bermeak, erakunde guztiekin egindako akordioen indarrez, 137 M €-koak izan litezke.

Aurreikusten da Elkargi EBSk formalizatu beharreko abalak 315 M €-ra iristea. Aipatutako hitzarmenen arabera, zenbateko horren zati bat (birfidantzamendu partziala) Eusko Jaurlaritzak estal lezake: 100 M € inguru (abal finantzarioak eta teknikoak barne).

Elkargi EBSrekin sinatutako hitzarmen hauek indartu egiten dute Eusko Jaurlaritzak egungo testuinguru ekonomikoan euskal enpresa-sareari emandako laguntza, eta ekitaldi honetan Administrazioak egindako beste laguntza-jarduera batzuk osatzen dituzte.

Informazio gehigarria