Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak joko-aretoetan sartzea autodebekatuta duten pertsonen erregistroak konektatuko dituzte

0

Modu horretan, bi erakundeek denbora errealean partekatu ahal izango dituzte jokorako sarrera autodebekatuta duten pertsonen inskripzioak eta joko patologikoaren prebentzioan eta adikzioen kontrolean lagunduko dute

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun Sailaren bidez, Estatuko Administrazio Orokorrarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea jokoaren arloan, helburua izanik jokorako sarrera debekatuta dutenen erregistroetan, bi administrazioenetan, egiten diren inskripzioak elkar errekonozitzeko sistema bat ezartzea interkonexio automatizatuaren bitartez.

Bi erakundeek hartutako konpromisoa da debekatuen erregistroan inskribatuta dagoen pertsona bat joko-establezimendu batean edo online jokoan sartzea eragoztea, edozein izanik ere haren aplikazioko lurralde-esparrua, eta, era horretara, arazoak sortzen dituen jokoaren aurkako borrokan laguntzea.

Bi egiturak elkarrekin konektatzeak ziurtatuko du pertsona bat “autodebekatu” gisa erregistroetako baten inskribatzeak Estatu osoko lurraldean izatea eragina, eta, alde horretatik, beharrezko garapen informatikoak egingo dira eta sistemak lotuko dira, modu horretan, bi erakundeen artean inskripzioak, aldaketak eta ezeztapenak komunikatu ahal izateko. Pertsona lehenengo aldiz erregistratu duen joko-agintaritzaren ahalmena izango da dagokion erregistroan aldaketak edo ezeztapenak egitea.

Lankidetza-sistemak eta -mekanismoek behar bezala funtzionatuko dutela bermatzeko, Jarraipen Batzorde bat eratuko da, eta Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren eta Espainiako Gobernuaren Jokoa Antolatzeko Zuzendaritza Nagusiaren ordezkariek osatutako batzorde hori urtean behin elkartuko da gutxienez.

Hitzarmena lau urte naturaletan egongo da indarrean, sinatzen denetik zenbatzen hasita.

Pertsona “autodebekatuak”

Gaur egun, Euskadin bizi diren 2.345 pertsona daude inskribatuta pertsona autodebekatuen erregistroetan, eta horrek sei hilabetean gutxienez edozein joko-establezimendutan sartzea eragozten die.

Euskadin, interesa duten pertsonak errehabilitazio-elkarteen eta Ertzaintzak hiru hiriburuetan dituen jokoaren lurralde-bulegoen bidez, joko-aretoetan eta online jokoaren guneetan eta, balioko identifikazio elektronikoaren bidez, euskadi.eus webgunean inskribatu daitezke Erregistro horretan.

Informazio gehigarria