Eusko Jaurlaritzak ikerketa teknologikoko puntako azpiegiturak erosteko laguntzen AZPITEK programa aktibatu du

0

6.714.286 euroko zuzkidurarekin, euskal industriak erronka sozioekonomikoei ematen dien erantzuna hobetu ahal izango du

Gobernu Kontseiluak AZPITEK 2023 programa abian jartzeko 6.714.286 euro bideratzea onartu du. Programa horri esker, zentro teknologikoei eta IKZei azpiegitura zientifiko/teknologikoak (IC-T) eskuratzen lagunduko zaie, Euskadik zientziaren eta teknologiaren aldetik dituen erronka sozioekonomikoei erantzuten jarraitzeko.

Horretarako, azpiegitura zientifiko/teknologiko bikainak behar dira Euskadin eragina duten hiru trantsizioei heltzeko: teknologiko-digitala, energetiko/klimatikoa eta soziala eta sanitarioa.

Azpiegitura zientifiko/teknologikoak (erakusleak, proba-bankuak, esperimentazio-instalazioak, living-labak eta abar barne) berrikuntzan oinarritzen diren I+G+b ekosistemen eta balio-kateen bizkarrezurra dira. Hala, IC-Tek teknologiaren garapen eta sorkuntza bateratua babesten dute, kontzeptua probatu eta laborategietan baliozkotzetik prototipoak industria-ingurunean frogatzeraino, teknologia hartzea ziurtatzeko helburuz, ondoriozko inpaktu sozioekonomikoa izango duena Euskadin.

Ingurune fisiko eta/edo simulatu horiek funtsezkoak dira tamaina guztietako enpresentzat. IC-Tek aukera ematen diete I+G+Bko eragileekin lankidetzan aritzeko, balio erantsi handiko teknologia eta soluzioak garatzeko, fase guztietan laguntza eskainiz. Produktu, zerbitzu edo prozesu osoen diseinutik hasi eta azken probaraino, baldintza kontrolatuetan, seguruetan eta errealitatetik gertu, bezeroen eta inbertitzaileen aurreko baliozkotzea barne.

Industria azpiegitura teknologikoen eskuragarritasunaren mende dago prototipoak garatu, baliozkotu eta sortzeko eta teknologiak eskalatzeko, merkatuari soluzio teknologiko berriak eskaini aurretik. Hala ere, IC-Tek baliabide ugari eta konpetentzia asko behar dute horiek eraikitzeko, kudeatzeko, funtzionatzeko eta mantentzeko. Oso garestiak izaten dira, eta jarduteko prestakuntza handiko teknikariak behar izaten dituzte. Beraz, enpresa gehienek ezin dute beren IC-T propioa eduki.

AZPITEKen helburu nagusia da Euskal Autonomia Erkidegoko azpiegitura zientifiko teknologikoak indartzea eta I+G+Bko jarduera bultzatzea, eta bere emaitzak baliozkotzea eta frogatzea, kalitatezko ikerketa gauzatzeko, emaitzak hobetzeko eta horien inpaktu zientifiko, ekonomiko eta sozialerako beharrezkoa den ekipamendu zientifiko/teknikoa eskuratzen, instalatzen eta eguneratzen laguntzeko, baita dauden ikerketa-azpiegituren funtzionamendurako ere.

Eusko Jaurlaritzak, programa honen bidez, honako eremu hauetan aurrerapausoak ematen lagundu nahi du:

  1. Trantsizio Teknologiko-Digitala – Industria da Euskadiko garapen ekonomiko eta sozialaren motorra. Industria horrek iraganeko aldaketa teknologikoetara egokitzen jakin du, eta gaur egun hobeto prestatuta dago trantsizio teknologiko/digitalaren erronkei aurre egiteko, erronka berriak baitaude horretarako. Horrela, teknologia eta digitalizazioa funtsezko tresna bihurtzen dira balio erantsi handiagoa emango duten eta euskal industriaren lehiakortasun-posizioa hobetuko duten produktu eta soluzio berriak garatzeko.
  2. Trantsizio Energetiko-Klimatikoa – 2030erako Euskadiko Estrategia Energetikoak energiaren arloko ikerketa, garapen teknologiko eta industrialeko lehentasunezko 9 arlo ezartzen ditu, energiaren sektoreko euskal enpresen eta eragile zientifiko/teknologikoen sarearen lehiakortasuna bultzatzeko helburuarekin. Oinarrizko jarduera-eremuetan honako hauek sartzen dira: energia eolikoa, olatu-energia, eguzki-energia fotovoltaikoa, hidrogenoa, oil&gasa, eraginkortasun energetikoa, mugikortasun elektrikoa, energiaren biltegiratzea, sare elektrikoak eta potentzia-elektronika.

Eskaeran sartzeko eta betetzeko, egoitza elektroniko hau erabiliko da:

https://www.euskadi.eus/servicios/1110703/ (gaztelaniaz)

https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1110703/ (euskaraz)

Kanal elektronikoaren bidez izapidetzeko zehaztapenak, eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak aipatutako egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri.

Eskaeraren osteko izapideak, bide elektronikoz egindakoak, jakinarazpenak eta espedientearen kontsulta barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» ren bidez egingo dira:

https://www.euskadi.eus/micarpeta

https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Informazio gehigarria