Eusko Jaurlaritzak unibertsitate-sistemaren eta ikerketaren aldeko apustua berretsi du

0
  • Gazteen emantzipazioa bultzatzeko 300 euroko laguntza arautuko duen aldez aurreko onarpen-dekretua sinatu du Lehendakariak
  • Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzuak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko Dekretuari

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarekin eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera.

Hezkuntza sailburuak gaur Gobernu Kontseiluak onartu dituen unibertsitate eta ikerketa arloekin zerikusia duten gaiak aurkeztu ditu, nabarmenduz unibertsitate sistemaren alde eta horren inguruko ekosistema zabalaren alde azken urteetan egiten ari den apustu sendoa: berrikuntzaren, ikerketaren eta, batez ere, etxeko egoera ekonomikoagatik gazteak unibertsitate-ikasketak egin gabe gelditu ez daitezen gizarte honek erakusten duen nahiaren aldeko apustuaz ari naiz. Gaur, zehazki, honako ekimen hauek onartu dira, guztira, 45,6 milioi euroko inbertsioa eginez:

Alde batetik, Unibertsitate beka orokorra. 28,5 milioi euro bideratu dira beka eta laguntza hauetarako. Sailburuak nabarmendu du diru-kopuru hori handitu egin ahal izango dela, beharrezko izan ezkero. Baldintzak betetzen dituzten eskatzaile guztiek dagokien laguntza jasoko dutela bermatzen delarik horrela. “Gainera, gure asmoa da eskaera guztiek ikasturteko lehen hiruhilekoan erantzuna jasotzea, eta beka jasotzeko eskubidea duten ikasle guztiek urtea bukatu baino lehen laguntza eskuratu ahal izatea”, esan du.

Bestetik, Doktorego-aurreko programako laguntzak.  %12 handitu da laguntza hauetara bideratzen den diru-kopurua, hau da, guztira 11,2 milioi euroko kopurura iritsi arte. Programa honen xedea ikertzaileen prestakuntza eta hobekuntza sustatzea da, doktore titulua eskuratzeko egiten ari diren bide horretan. Deialdi honek dakarren berrikuntza nagusia da, “Doktorego Ondoko Orientazioa” izeneko lerro berri bat sortu dela. Honi esker, doktoregoa amaitu duten ikasleek laguntzari eutsi ahal izango dio 4 urtez, baina doktorego-ondorengo baldintzetan.

Horrez gain, Doktorego-ondoko laguntzak onartu dira. Datorren ikasturterako, 5,4 milioi euro bideratu dira, 88 ikertzailerentzako. Programa honen onuradunek 4 urtez jaso ahal izango dute laguntza gehienez, doktorego-ondoko etapan: 3 urteko lehen kontratu bat, eta beste urte batez luzatzeko aukera.

IKAS-IKER bekak ere onartu dira gaurkoan. Beka hauek unibertsitate-ikasleei aukera ematen diete euskal ikerketa-sisteman egiten den oinarrizko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren arloko lanetan lehen urratsak egiten has daitezen. 330.000 euroko aurrekontua du deialdiak.

Azkenik, hezkuntza arloarekin amaitzeko, 200.000 euro bideratuko dira 2023 honetako bigarren seihilekoan Euskadin kongresu eta bilkura zientifikoak antolatzeko.

GOBERNANTZA PUBLIKOA ETA AUTOGOBERNUA

Bere aldetik, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeko Dekretua aurkeztu du. Eusko Jaurlaritzak onartutako araudiak herritarrentzako arreta eta informazioa arautzen ditu, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean zerbitzu publikoak eta izapideak egiteko Administrazioarekin harreman elektronikoak izateko duten eskubidea ere. Araudiak, halaber, zerbitzua emateko behar den antolamendua aurreikusten du, bai eta beharrezkoak diren bitartekoak eta funtzioak ere. Herritarrei arreta emateko sistema osatzen duten zerbitzuak euskadi.eus eta Zuzenean marken bidez ezagutzen dira, Interneteko presentziaren eta egoitza elektronikoaren eta Herritarrei Arreta emateko Zerbitzuaren irudi eta marka gisa, hurrenez hurren.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak nabarmendu du Dekretuak herritarrak jartzen dituela gure jardunaren eta gure zerbitzuen erdigunean, “euskal herritarrei arreta ona bermatu nahi zaie administrazioarekin kontsultak egiteko edo izapideak egiteko, hainbat kanalen bidez: telefonoz, telematikoki edo elektronikoki, eta, jakina, aurrez aurre”.

Horrez gainera, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak ere onartu duela animalien eskubideak eta ongizatea babesteko 7/2023 Estatuko Legearen aurkako konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa jartzea. Garamendik azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren ustez, Estatuko arauak bere eskumenak urratzen ditu eta, gainera, segurtasun juridikoaren printzipioa urratzen du dagokion araudia aplikatzerakoan. Nolanahi ere, adierazi du Eusko Jaurlaritzak baimena eman duela Estatuaren eta EAEren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordean gai horri buruzko negoziazioa irekitzeko, akordio bat ixten saiatzeko eta, horrela, Konstituzio Auzitegian helegitea jartzea saihesteko.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur landutako beste hainbat gai, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Gaurko Gobernu Kontseiluan Lehendakariak Emantzipa Programaren gazteen emantzipaziorako laguntzak arautzen dituen aurretiazko onarpen-dekretua sinatu duelaren berri eman du. Bozeramaileak azaldu duenez, onarpen-dekretu honen bidez laguntzaren baldintza orokorrak, onuradunek bete beharreko baldintzak, beste laguntza batzuekiko bateragarritasun-esparrua, zenbatekoa, etxebizitza bakoitzeko gehieneko onuradun-kopurua edo emateko prozedura, besteak beste, jasotzen dituen dekretuaren testu artikulatua onartutzat geratzen dira.

Lan eta segurtasun eremuarekin zerikusia duen ondorengo gaia onartu da, halaber: Osalanek 400.000 euro bideratuko ditu laneko segurtasun eta osasunaren arloko ikerketa-proiektuetarako eta “safera” deituriko europar taldearen baitan garatzen diren ikerketa-proiektuetarako. Laguntza hauek bilatzen dutena da ikerketa-proiektuen bidez eta lortzen diren emaitzen bidez, lan-eremura aplikatzea arriskuak prebenitzeko eta langileen Osasuna hobetzeko.

Gaurko bileran enpresa eta zentro teknologikoei zuzendutako 23 milioi euroko dirulaguntzak ematea erabaki du Gobernu Kontseiluak. Alde batetik, INDARTU programaren baitan, ahalik eta eskaera gehienei erantzun ahal izateako,gastu gehigarri bat baimendu da. Horrela, guztira, 17 milioi euro bideratuko dira. Bestetik, AZPITEK programan jasotako 6,7 milioi euroko laguntzak bideratu dira azpiegitura zientifiko-teknologiko bikainak bultzatzeko Euskadin eragina duten hiru trantsizioei ekiteko.

Ekonomia eta Ogasun sailaren eskutik bi gairi eman zaie onespena. Alde batetik, FINAKTUZ funtsa handitu da eta 300 milioi eurora heldu da. Gehikuntza honi esker, funts hau kudeatzeaz arduratzen den organoak, hau da, Finantzen Euskal Institutuak, maniobra-marjen handiagoa izango du erabakiak hartzeko. Bigarrenik, argi berdea eman zaio Elkargirekin oinarrizko hitzarmenak eta hitzarmen osagarriak formalizatzeko. Hitzarmen hauek Elkargik enpresa txikien eta autonomoen alde, aurten garatu diren abal-eragiketengatik hartu duen arriskua babesteko onartu dira.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Informazio gehigarria