Hezkuntza Sailak 11,2 milioi euro bideratu ditu ikertzaileen prestakuntza eta hobekuntzarako, doktoratu aurreko kontratuen bidez

0

Hezkuntza Sailak 1,2 milioi euroan handitu du deialdi honen aurrekontua (+%12), 11,2 milioi euroko kopurura iritsi arte

2023-2024 ikasturtean, 409 euskal ikertzailek izango dute Doktorego aurreko kontratua deialdi honi esker

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2023-2024 ikasturtean Doktoratu aurreko Programan laguntza berriak deitu eta lehendik zeudenak berritzen dituen Agindua, doktore ez den pertsonal ikertzailearen prestakuntzara zuzenduak.

11.232.470 euroko diru-kopuru globala duen deialdi honek, ikertzaileen prestakuntza sustatu nahi du, Doktore titulua lortu ahal izan dezaten, eta kalitatezko ikerketa zientifikoari lotutako gaitasun eta trebetasunak eskuratu ditzaten, Doktoretza Programa baten barruan. Deialdiak bere barne hartzen du bai laguntza berriak ematea, eta baita aurreragoko deialdietan emanikoak berritzea ere. Zehazki, kopuru horretatik 2.564.460 euro laguntza berriak emateko bideratuko dira, eta gainerako 7.898.295 euroak lehendik indarrean zeudenak berritzeko.

Gainera, 2023-2024ko deialdi honek dakarren berritasun nagusi gisa, Doktorego Ondoko Orientazioa izeneko lerro berri bat sartu da, 630.915 euro bideratuko dituena. Zenbatekoak honela banatuko dira:

Lerroak Guztira (€)
Laguntza berriak (Ikerketa orokorra) 2.465.963,00
Laguntzak berritzea (Ikerketa orokorra) 7.882.870,00
Laguntza berriak (Ikerketa espezifikoa) 98.497,00
Laguntzak berritzea (Ikerketa espezifikoa) 154.225,00
Dokt. Ondorengo orientazioa (Ikerketa orokorra) 599.369,25
Dokt. Ondorengo orientatzioa (Ikerketa espezifikoa) 31.545,75
Guztira 11.232.470,00

Doktorego Ondoko Orientazioa deituriko lerro berri honek kontratua beste urtebetez luzatzeko aukera ematen die, doktoratu aurreko kontratuaren hirugarren berritzean doktorego-tesia amaitzen duten pertsonei, 4 urteko laguntza amaitu aurretik.

Aurreko 2022-2023 deialdiari dagokionez, Hezkuntza Sailak % 12,8 handitu du programara bideratutako aurrekontua (1.281.577 euro gehiago).

409 ikertzaile 2023-2024an

Horrela, 2023-2024 ikasturtean, 409 euskal ikertzailek doktoretza aurreko kontratua izango dute: 299 kontratu berrituko dira eta doktoretza aurreko 110 laguntza berri emango dira. 2022-2023 ikasturte honetan 380 euskal ikertzailek jaso dituzte doktoratu aurreko kontratu horiek: 108 laguntza berri gisa izan ziren – horietako bat neutronikaren eta partikulen azelerazioaren arlo espezifikoan –, eta gainerako 272 kasuetan, berritzeak ziren.

Doktoratu aurreko kontratuak

Laguntza hauen onuradun izango dira, unibertsitate lizentziatura edo gradu bat izanik tesi-proiektua egingo duten pertsona fisikoak, betiere egoitza EAEn dutenak. Laguntza horiek doktoratu aurreko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte, urtebeteko iraupenarekin. Kontratu hori bere ikerketa garatuko duen aplikazio-zentroarekin izenpetuko du ikertzaileak. Kontratuaren xedea izango da proiektu zehatz eta berrietan ikerketa-lanak egitea, lanaldi osoko erregimenean. Kontratua beste hiru alditan ere luzatu ahal izango da (gehienez elkarren segidako 48 hilabetez), laguntza berrituz gero.

Laguntza hauek jasotzeko aplikazio-zentroak, eta beraz, ikertzaileekin kontratuak sinatuko dituztenak, unibertsitate edo ikerketa erakundeak izango dira, publiko zein pribatuak, I+G-an ahalmen eta jarduera ezaguna dutenak. Zentro hauek izan dezakete egoitza EAEn (A modalitatea), Estatuan (B modalitatea), edo atzerrian (I modalitatea). Hirugarren modalitate honen kasuan, ikertzaile onuradunak Zientziaren Euskal Fundazioarekin, Ikerbasquerekin, sinatuko du kontratua. Kontratu horretan osagarri bat ere jasotzen da, urtean atzerriko zentrora joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko.

Doktoratu aurreko kontratuen onuradun guztiek 4 eta 6 hilabete arteko ikerketa-egonaldia egingo dute atzerrian, ezarpen-zentroaz bestelako zentroetan. Baldintza horrek doktoregoaren nazioarteko aipamena lortzea erraztuko du. Atzerriko egonaldia doktoratu aurreko laguntzaren lehen 3 urteetan egingo da, eta modu jarraituan. Helburua da programa amaitzean prestatzen ari diren ikertzaile guztiek nazioarteko aipamena eta profila duen tesi bat izatea.

Ikerketa orokorra eta espezifikoa

Doktoratu aurreko programak bi jarduera-arlo nagusi ditu: ikerketa orokorreko arloa eta ikerketa espezifikoko arloa. Arlo horietako bakoitzak kontratu berriak eta berritzeak jasotzen ditu.

Ikerketa orokorraren ildoak honako jakintza-arlo hauetan garatu beharreko ikerketak biltzen ditu: Oinarrizko Zientziak; Bizitzaren eta Osasunaren Zientziak; Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura; eta Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak.

Berariazko ikerketaren eremuan, datorren 2023-2024 ikasturterako deialdi honek neutronika eta partikulen azelerazioan ikerketa bultzatzeko dirulaguntza lerroari eusten dio. Ikerketa arlo hau interes berezikoa da egun Europako Batasunean eta bereziki Euskadin, balio estrategiko handia baitu EAEko zientzia, teknologia nahiz industriaren etorkizunerako. Gainera, Euskadiko I+G+b garatzeko abagunea ere eskaintzen du. Gure erkidegoko zientzia-komunitatea arlo honetan sendotzea eta areagotzea lehentasunezko helburua da, Europako Batasunak ESS Lund espalaziozko neutroi iturriaren inguruan ezarri dituen helburu zientifikoak indartzeko.

Hezkuntza aroko ikerketa

Neutronikarekin batera, deialdi honetan eusten zaio -berariazko ikerketa eremuaren barruan- Hezkuntza arloari ere ikerketa-ildo gisa. Helburua hezkuntzaren arloko ildo estrategiko batzuetan ikerketa sustatzea da, hala nola digitalizazioa (metodologiak eta gaitasun tekno-pedagogikoak), gaitasun zientifiko-teknologikoak eskuratzea STEAM proiektuen bidez; edo kulturartekotasuna eta eskola-arrakasta.

Arlo hau balio estrategikoko eremua da euskal hezkuntza-sistemaren etorkizunerako, eta, gainera, aukera bat da I+G+b-ren etorkizunerako, euskal hezkuntza-sistemarekin lankidetzan. Euskadin arlo horretan komunitate zientifikoa indartzea eta zabaltzea lehentasunezko helburua da Hezkuntza Sailarentzat, bikaintasuneko ikerketaren emaitzak barne hartzen dituen politikaren barruan.

Doktoratu aurreko programa hau ikerkuntzako giza baliabideak sustatzeko politikan sartzen da, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate Planean (2023-2026 aldikoan) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planean; ildo horretatik, programaren helburua da lanbide-jarduera ikerkuntzara bideratu nahi duten goi-mailako tituludunen berariazko prestakuntza bultzatzea. Halaber, zientzia eta teknologia gaietan lekukoa hartuko duen belaunaldi berriaren prestakuntza sustatzea ere bada programaren xedea.