Ikasiker beketarako deialdia, ikerketa lanetan lagundu nahi duten unibertsitate-ikasleentzat

0

330.000 euro bideratu dira ikasturtean zehar edo uda garaian burutu daitezkeen lankidetza hauetarako

Ikasle bekadunek euskal ikerketa sistemako zentroetan eman ahal izango dute laguntza

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, ikerketa lanetan laguntzeko Ikasiker beken deialdia egiten duen Agindua, 2023-2024 ikasturterako. Hezkuntza Sailak 330.000 euro bideratzen ditu deialdi honetarako.

Hezkuntza Sailaren Ikasiker programaren helburua da unibertsitate ikasleei aukera ematea euskal ikerketa-sisteman egiten den oinarrizko ikerketaren eta ikerketa aplikatuaren arloko lanetan lehen urratsak egiten has daitezen.

Unibertsitate ikasleei zuzenduta deitzen dira Ikasiker bekak, ikasketekin aldi berean (2024ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era bitartean) honako ikerketa talde hauetan laguntza emateko prest dauden ikasleentzat: Euskal Unibertsitate Sistemaren ikerketa taldeetan, Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroetan (BERC), Ikerketa Sanitarioko Institutuetan (ISI), Ikerketa Kooperatiboko Zentroetan (IKZ)  edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko zentro teknologikoetan, betiere BRTA partzuergo zientifiko-teknologikoari atxikita badaude eta Eusko Jaurlaritzak onetsitakoak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente gisa egiaztatutakoetan.

330.000 euroko diru-kopuruarekin, 190 beka eskainiko dira, honako modalitate hauetan:

  • A modalitatea, ikasturtean zehar, 2024ko urtarriletik ekainera: 150 beka.
  • B modalitatea, udan, 2024ko ekainetik irailera: 40 beka

Beka hauek eskuratu nahi dituzten ikasleek unibertsitateko Graduko titulazio ofiziala lortzera bideratutako ikasketa-plan bateko azken bi urteetako batean matrikulatuta egon beharko dute, Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitate batean. B modalitatearen kasuan, Master ofizialeko ikasleak ere izan daitezke. Bekaren onuradun izateko, Euskadin izan beharko dute administrazio-egoitza, eta lankidetza proiektu bat aurkeztu, lankidetza hori gauzatu nahi den ikerketa zentroak behar bezala ziurtatua.

Deialdi honetara eskaerak aurkezteko epea ekainaren 30etik irailaren 15era bitartekoa izango da.