Nerea Melgosak gizarte-egoera ahulenean dauden pertsonei entzuteko eta haiek ahalduntzeko eskatu du

0
  • Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Pobrezia eta Giza Bazterketaren Aurkako Europako Sarearen batzorde orokorrean parte hartu du
  • “Haien ahotsak entzuten baditugu, arreta-zerbitzuak hobetu eta politika espezifikoak sustatuko ditugu”, esan du Melgosak

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Pobrezia eta Giza Bazterketaren Aurkako Europako Sarearen (EAPN) batzordean parte hartu du, Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Bertan, Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa zibilaren eta jendeak harengan eragina duten politiketan parte hartzeko duen eskubidearen alde duen jarrera berretsi du.

Hala, bada, Melgosak honako hau azpimarratu du: “gizarte-partaidetzak pertsonak ahalduntzen ditu; subjektu gisa aitortzen ditu, baita subjektu politiko gisa ere, eta haien ibilbidea eraikitzeko aukera ematen die. Haien ahotsak entzuten baditugu, arreta-zerbitzuak hobetu eta politika espezifikoak sustatuko ditugu”.

Sailburuak, era berean, 2023-2026rako Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoaz hitz egin du; laster onartuko da. “Plan horrek gizarte-bazterketako sarea sendotzea, lehen eta bigarren mailako arretaren antolaketa hobetzea eta arreta deszentralizatzea ditu xede”.

Gainera, pertsona oinarri duen arretak garrantzi handia duela nabarmendu du, eta gizarte-identitate eta -kategoriek bazterketaren eremuan eta gizarte-zerbitzuen sisteman nolako eragina duten kontuan hartu behar dela. “Geuk ere uste dugu genero-ikuspegia eta intersekzionala behar dela gizarte-zerbitzuen sistema osoan bazterketaren eremuan; hasteko, ikuspegi horretatik diagnostiko batek gogoan izan beharko lituzkeen dimentsio guztiak ezarri beharko lirateke”, esan du Melgosak.

Sailburuak pobreziaren eta gizarte-bazterketaren aurkako funtsezko hiru elementu nabarmendu ditu: “gizarte-kohesioa bilatzea, politiken koherentzia bilatzea eta EAEko babes-sistemaren azpisistemen arteko koordinazioa eta lankidetza sendotzea eta gizarte-erakundeek lankidetza publiko-sozialean egiten duten ekarpena aitortzea”.

Azkenik, Nerea Melgosak eskerrak eman ditu batzordean parte hartzeko aukera eman diotelako, eta EAPNk bai EAEn bai Europan “esku-hartzean, zerbitzuetan eta gizarte-politiketan pertsona onuradunen parte-hartze zuzena sustatzeko” egiten duen lana nabarmendu du.