Lehendakariak Arku Atlantikoko Ganberen elkarteri ongietorria eman dio eta “fatxada atlantikoaren” interes komunen alde eragile guztiak inplikatzea eskatu du

0
  • Iñigo Urkulluk itxi du 15 merkataritza-ganbera lehenengoz bildu dituen jardunaldia. Bertan, hausnarketarako eta lankidetza iraunkorrerako foro bat eratzea onartu da.
  • Elkarte berria bat dator Arku Atlantikoko Batzordearen Cardiffeko Adierazpenarekin, eta Makroeskualde atlantikoaren eraikuntzan eragile sozioekonomikoak inplikatzeko egin duen deiari erantzuten dio

Lehendakariak ongietorria eman dio gaur goizean Bilbon eratu den Arku Atlantikoko Ganberen elkarteari, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Arku Atlantikoko Batzordearen erabateko prestasuna eskaini du foro berriarekin lankidetzan aritzeko.

Iñigo Urkulluk nabarmendu du ahaleginak bateratu behar direla Atlantikoko lurraldeen interesak defendatzeko, eta erakunde-maila guztiek eta sare sozioekonomikoak interes horiek lortzeko egiten duten lan partekatua defendatu du.

Hala, maiatzaren amaieran Cardiffen (Galesen) egindako bileran Euskadi buru duen Arku Atlantikoko Batzordeak onartutako adierazpena aipatu du. Bertan, makroeskualdearen lehentasunak eta gobernantza-eredua ezarri ziren.

Horien artean, Lehendakariak Atlantikoko fatxada konektatzeko beharra azpimarratu du. Urkulluren hitzetan, “garraioaren plangintzaren ikuspegi bateratua indartu behar da, RTE-T korridore atlantikoa ezarritako epeetan amaitzeko, hidrogeno berdearen korridore atlantikoa garatzeko eta 5G azpiegitura eraginkor, moderno eta interkonektatuak hedatzeko”. Halaber, espezializazio adimenduneko ekosistema atlantiko bat sortzeari lehentasuna ematearen alde egin du Lehendakariak , iraunkortasunaren eta gizarte- eta kultura-kohesioaren inguruan lankidetzan aritzearen alde.

Gobernantza-ereduari dagokionez, gogorarazi duenez, Cardiffeko Adierazpenak gobernu-maila guztien arteko koordinazioaren alde egiten du, bai eta makroeskualdearen egunerokoan eragile sozioekonomiko atlantikoak inplikatzearen alde ere.

Elkarte berria

Bilboko jardunaldiak Portugal, Galizia, Asturias, Kantabria, Burgos, Nafarroa, Euskadi eta Akitania Berriko hamabost merkataritza-ganbera bildu ditu lehen aldiz gaur goizean. Ganbera horiek Arku Atlantikoko Ganberen Elkartea eratzea erabaki dute, interes komunak defendatzeko gogoetarako eta lankidetzarako foro iraunkor gisa.

Topaketa amaitzeko, adierazpen bat onartu da. Bertan, ganbera atlantikoek bere egin dituzte Cardiffeko Batzarraren ondorioak, eta, aldi berean, bat egin dute eragile sozioekonomikoei egindako deiarekin.

Lehendakariak itxi du jardunaldia, eta eskerrak eman dizkie Arku Atlantikoko ganberei makroeskualdeari emandako laguntzagatik.