Iñigo Urkulluk lehen aldiz 15 merkataritza-ganbera bildu dituen jardunaldiari amaiera eman dio, eta hausnarketarako eta lankidetzarako foro iraunkorra eratzea onartu du.
Elkarte berria bat dator Arku Atlantikoko Batzordearen Cardiffeko Adierazpenarekin, eta eragile sozioekonomikoak Atlantikoko Makroeskualdearen eraikuntzan inplikatzeko egindako deialdiari erantzun dio
Lehendakariak Atlantikoko fatxada elkarrekin lotzeko beharraz hitz egin du. Horretarako, garraioaren plangintzaren ikuspegi bateratua indartu behar da, ezarritako epeetan korridore atlantikoa (RTE-T Europa barneko garraio-sarea) amaitzeko, hidrogeno berdearen korridore atlantikoa garatzeko eta 5G azpiegitura eraginkor, moderno eta interkonektatuak hedatzeko. Halaber, espezializazio adimenduneko ekosistema atlantiko bat sortzeari lehentasuna ematearen alde egin du, iraunkortasunaren eta gizarte- eta kultura-kohesioaren inguruan lankidetzan aritzearen alde.